BBCk euskarazko saio bat egiten zuenekoa
1947 eta 1956 urteen artean, BBC kate britainiar ospetsuak euskarazko irratsaioak eskaini zituen hilean behin. Leyre Arrieta Alberdi historialari eta unibertsitateko irakaslea irratsaio horiek ikertzen ari da.
Este navegador no soporta el elemento audio.
1925eko apirilaren 18an, Europa, Asia eta Amerikatik iritsitako 23 gizon Parisen elkartu ziren; jan, edan eta hitz egiteko. Bilera hartan jaio zen ‘International Amateur Radio Union’, irratizaleen nazioarteko elkartea, euren pasioa sustatu eta elkargune bat edukitzeko. Horregatik da apirilaren 18a Irratizaleen Mundu Eguna.
Efemeride horren aitzakiatan, irratigintza eta euskara uztartzen dituen pasarte bat oroitu nahi izan dugu Leyre Arrieta Alberdi historialari eta unibertsitateko irakaslearekin. Izan ere, BBC kate britainiarrak euskarari tarte bat eskaini zion 1947 eta 1956 urteen artean, frankismo garaian.
Galizian hasi zuen ikerketa Arrietak. Pasa den urtean, Consello da Cultura Galegatik Britainia Handiko katean euskaraz ematen ziren saioei buruzko hitzaldia emateko gonbita jaso zuen. «Baiezkoa eman nuen gehiegi pentsatu gabe, horren inguruan zebait idatzita egongo zela pentsatuta, baina hasi nintzenean prestatzen konturatu nintzen ezetz». Arrietak esan duenez, Galizian gaia ikertu dute «agian euskaldunek ordurako Radio Euzkadi zeukatelako».
Bartzelonan jarraitu zuen. Bigarren Kafean azaldu duenez, katalan batek koordinatzen zuen saio espainol baten atal bat ziren euskarazko emanaldi hauek. Beraz, Kataluniako Artxibo Nazionalean koordinatzailearen korrespondentzia guztia miatu ondoren, ‘Basque’ izenburua zuen karpeta bat aurkitu zuen. Honetan, ikerketaren abiapuntua: 1947an emititutako lehen irratsaioaren gidoia. «Angel Urrutia apaizaren sermoi moduko bat zen, beste herri eta kultura batzuekin elkartzeko aldarria egiten zuena», azaldu du Leyre Arrietak.
Esatariak, apaizak
Sei esatariren izenak bildu ditu ikertzaileak oraingoz, horietatik lau apaizak, erlijiosoak edo erlijioso izandakoak eta Bigarren Errepublika espainolean aldizkari euskaldunetan idatzi izan zutenak. «Normala da apaizak izatea, beraiek zirelako garai hartan euskara jasoa zutenak, ikasketak zituztenak», argitu du Arrietak.
Frankismo sasoia izanik, edukiak oso mugatuta zeuden. Deustuko Unibertsitateko irakasleak esan duenez, «ezin zituzten saioak ekintza politikorako erabili eta horren jakitun ziren, baina BBC bezalako irrati batean euskara entzutea baloratu zuten, balio sinbolikoa zuten».
Bultzatzailea Joseba Rezola izan zen eta, entzuleei programa bertan behera utz ez zezaten gustuko zutela esaten zuten gutunak BBCra bidaltzeko eskatu zien arren, 1956an izan zen azken emanaldia. Izan ere, orduan «frankismoa nazioartean onartuta zegoenez», BBCren nazioarteko zerbitzuak fokua Ekialdeko Europan jarri zuen.
Orain, gaiaz zerbait gehiago aurkituko duen itxaropenarekin, BBCko artxibategira joango da Leyre Arrieta datozen hilabeteetan ikerketarekin jarraitzeko.