IRRATIA

Irun eta Hendaiako alkateen kexua mugako egoeraz: «Jasanezina da»

Migranteen aurkako kontrolak handitzearekin bat, Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubia itxi zuen Parisek orain bi urte. Bi alkateak kritiko agertu dira: «Ez dago zubi bat itxita ikustea baino gauza tristeagorik».


(Bideoa: euskarazko azpitituluentzat aktibatu bideoan)

Irun eta Hendaia lotu beharko lituzkeen Etorbidearen zubiko oinezko pasabidean hesiak dira protagonista joan den aspaldian. «Ez dago ezer tristeagorik zubi bat itxita ikustea baino; itxitako zubi bat Europan eta XXI. mendean iraingarria iruditzen zait».

Jose Antonio Santano Irungo alkatearen hitzak dira. Hesiaren Irungo aldean egin dugu hitzordua berarekin; hesiaren beste aldean egin dugu gauza bera Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezarekin. «Malkoen zubia deitu izan diot nik honi; esperantzaren eta askatasunaren zubia izan da, askok erregimen autoritario batetik ihes egiteko baliatu zutena garaian. Lotsa ematen du Irungo Udalak zubia birgaitu eta bi urtera hau itxita ikusteak», azaldu du Santanok.

Zubiak duen garrantzi historikoa nabarmendu du Ezenarrok. «Hementxe bertan, 1940an, Kataluniako Generalitateko presidente Lluis Companys Francoren eskuetan utzi zuten Gestapoko kideek. Zubi hau bi norabideetan zeharkatu  dute erregimenetik edo langabeziatik ihes egiten iparraldetik hegoaldera zein hegoaldetik iparraldera».

NAIZ Irratiak eta Mediabaskek elkarlanean gauzatu duten “Bideak” egitasmoaren barruan izan da bi alkateekin egindako hitzordua. Oinezkoen pasabidea ixtearekin bat mugako kontrolen zorroztea ezarri du azken urteetan frantziar Gobernuak. «Terrorismoaren aurkako politika dela dio Frantziako Estatuak, baina  denok dakigu migrazio politikekin dutela lotura neurriek», adierazi du Santanok.
Mugen kontrol horrek gutxienez zortzi hildako eragin ditu, itota edo Poliziagandik  ezkutuan ibiltzeagatik trenak harrapatuta. «Drama izugarria da», Kotte Ezenarroren esanetan, «gu beti erraztaileak izan gara, bideratzaileak, ipar eta hegoaren artean; baita gerra garaian ere. Ez da posible gaur egun, XXI. mendean, Bidasoa ibaian hildakoak ikustea. Zubiak eraikitzeko gaude gu, eta ez mugak».

«Heriotza horiek ekidin zitezkeen», Santanoren esanetan, «erantzukizuna argia da». Gainera, bere iritziz, «politika hori ez da eraginkorra izan, ez du bizitza hobe baten bila doazen pertsonen bidea moztea lortu; min handia eragin du eta ez du bere helburua betetzeko balio izan».
Mugan bizi dena «ez da polizia indarkeria», Ezenarroren hitzetan, «administratiboa, baizik: mugara birbideratzen dituzte. Baina zertarako? Ikus genezake migratzaile bat gaur ez dela pasa, agian biharamunean ere ez, baina hirugarren egunerako pasa da. Nondik? Ez dakigu, baina arriskuak hartu ditu eta pasa egin da».

2018ko udatik aurrera sortu zen denbora honetan guztian luzatu den larrialdi egoera mugan; «puntu beltz bat da, ezin da beste modu batera deitu», esan du Irungo alkateak.

Lehen une batean «erreakzionatzea kosta» zitzaiela aitortu ostean, udal gobernuak egindako lana azpimarratu du: «Instituzio gisa erantzukizun bat dugu; ez da ahaztu behar nondik datozen, desertuak zeharkatu dituzte, muturreko egoerak bizi izan dituzte eta muga pasa arteko une horretan gutxieneko baldintza batzuk zor dizkiegu: ostatua eman, jateko zerbait, garbitzeko aukera, mugikorra kargatzekoa, gutxieneko informazio bat izatekoa...».

Irun muga pasatu aurreko erreferentzia-puntu nagusia bihurtu da azken urteetan; egoera arrunt ezberdina da Hendaian: «Hendaian ez dira geratzen; badakite Poliziak bereziki kontrolpean duen eremua dela eta zuzenean Pausa zentrora, Baionara, joan nahi izaten dute, ondoren Parisera edo Frantziaren iparraldera joateko. Ez dute zalantzarik, badakite Hendaian geratzea arriskutsua dela, mugara bidaliko dituztelako berriz».

Estatu espainol eta frantsesak etorkinen egoera kudeatzeko moduari buruz desadostasunak dituzte, Ezenarrok gogoratu duenez. Dublinen sinatu zuten akordioaren irakurketa desberdina egiten dute. Dublingo akordioak dio «lurralde europar batera heltzen diren etorkinen ardura lehen unetik jasotzen dituen estatuarena dela. Baina Estatu espainolak ez du hori errespetatzen. Nire aurrean eta Irungo alkatearen aurrean. Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok argi eta garbi esan dio Eric Spitz prefetari, bere bulegoan, Estatu espainolak ez dituela Dublingo akordioak onartuko», azaldu du Ezenarrok.

Parisen jarrerari ere kritika egin dio Hendaiako alkateak, zubia ixteko arrazoitzat «terrorista islamiarren presentzia» emateagatik. Francoren garaian ere zubia kontrol zorrozpean izan zela baina inoiz ez dutela itxi oroitarazi du Ezenarrok.

Irekiera, «oso laster»

Bartzelonan espainiar eta frantziar gobernuek egin zuten goi bileran, oraindik itxita segitzen duten mugetako pasabideak irekitzeko lanean ari zirela iragarri zuen Emmanuel Macron Errepublika frantseseko presidenteak.

Guillermo Echenique Gobernu espainiarraren Gipuzkoako ordezkariordeak NAIZ Irratiari baieztatu dionez, Parisek jakinarazi die baduela asmoa Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubiko egoera gainditzeko.

Hala helarazi dio Madrilgo Gobernuak Jose Antonio Santano alkateari ere: «Hori transmititu didate niri ere, baina zain nago ia gauzatzen den. Denborak, egin dugun presio izugarriak eta logikak hori iradokitzen dute».

Kotte Ezenarrok elkarrizketa honetarako Mediabasken deia jaso eta gutxira Pirinio Atlantikoetako prefetarekin egoteko aukera izan du. «Hitzeman dit oso laster soluzio bat topatuko dutela mugako blokeo hau altxatzeko».

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak Bartzelonako gailurrean aurreratu  zuen itxitako pasabideak ireki asmo zituztela; horretarako bi estatuetako poliziek osatutako brigadak prestatzen ari zirela gehitu zuen, ordea.

Mugetan kontrolak ezartzeak legezko oinarria Schengengo Itunaren salbuespen batean dauka, eta sei hilean behin berritu behar da; maiatzaren 1ean berritu beharko du ebazpena Parisek. Ordurako alde baterako edo besterako erabakia hartu beharko luke Gobernu frantsesak.
Badirudi itxitako mugetako pasabideak irekitzekotan dela Paris, beste auzi bat da migratzaileen aurkako kontrol zorrotzetan aldaketak izango diren ala ez.