Muga fisikoa eta metaforikoa jolas Nokodek jaialdian
Bideo-sormena eta musika uztartzen dituen jaialdia Hendaiako Borderline Fabrikan ospatuko da, bigarrenez. Egitarau oparoa antolatu dute eta bi ardatz jorratuko ditu: Ipar eta Hego Euskal Herriko artisten arteko lankidetza alde batetik eta, bestetik, adimen artifizialaren auzia sormen prozesuetan.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Nokodek jaialdiaren 9. edizioa ospatuko da larunbat honetan Hendaiako Borderline Fabrikan. Bertan ospatzen den bigarren edizioa da aurtengoa; aurrez, Donostialdeko eta Pasaiako hainbat gunetan ospatu da.
Bideo-sormena eta musika uztartzen ditu jaialdiak. Esperimentazioa, elkarlana eta parte-hartzea dira oinarri nagusiak, hala azaldu digu Ander Fernandez Bordeline Fabrikako kideak. «Behin bakarrik gertatzen den jaialdia» dela gaineratu du: «Gauza asko egun horretan gertatuko dira soilik».
Fisikoki zein metaforikoki mugatik lan egiteko apustua egin dute aurtengo jaialdia. Bi zentzutan egin dute hori. Batetik, Borderline Fabrikaren kokalekua eta lan-ildoa baliatuko dituzte. Borderline Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan kokatua dago eta, gainera, azkenaldian mugaz bestaldeko artisten arteko elkarlana sustatzen ari dira. Aurtengo Nokodek-en, Lumi musika taldea eta Nagore Legarreta argazkilariaren arteko lankidetzaren emaitza eskainiko da.
Bestetik, gizakiaren eta makinen arteko muga metaforikoa ere izango dute mintzagai; adimen artifiziala txertatu baitute jaialdiko eskaintzan. Gaia mahai-gaineratu eta sormenean «naturalki» erabiliko dute, «gogoeta eta eztabaida sustatzeko». Oier Guillanek idazketa tailer bat eskainiko du eta testu motzak sortuko dituzte parte-hartzaileek. Ostean, makina batek testu horiek oinarri izanda irudiak sortuko ditu eta, azkenik, irudi horiek Miriam RZM-ren zuzenekoa lagunduko dute.
Egitaraua Borderline Fabrikako webgunean kontsultatu daiteke.