IRRATIA

Poparen eta rockaren bina dosi azken ‘Zarata’ tartean

2023ko uzta polita jasotzen ari gara euskal eszenen eta bide horretatik etorri da Iker Bárbararen azken tartea. Aurten kaleratu diren bi pop abesti eta bi rock abesti ekarri dizkigu kazetari bilbotarrak.

Landetako Pilat duna ezagunean grabatu zuen Marenek ‘Amaiera’ kantuaren bideoklipa. (ARRIGURI)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ama - Si un día fuí

«La Buena Vida taldea ezaguna izan zen bere garaian eta euskal pop taldeen artean nabariena izan da estatu espainiarrean, La Oreja de Van Goghen baimenarekin. Underground zirkuitun mugitu zen taldea, ‘Donosti sound’ delako horren baitan, eta 1988tik 2007ra arte aritu ziren elkarrekin. Gerora gauza batzuk aurkeztu izan dituzte, baina musikari bakoitza bere bidetik joan da. Disko berri baten aurrerapen kantua etorri da orain proiektu horietako baten izenean, Ama taldearen eskutik, eta koordenada beretan jarraitu dute musikaren sorkuntzan», aipatu du Iker Bárbarak.

Maren - Amaiera (Lo que te espera)

Marenek duela bi urte kaleratu zuen ‘Margaritas y lavanda’ diskoa. Orain, Pilateko dunan, Landetan, ikusi dugu bere azken abestiaren bideoklipeko irudietan. «Oso pop berezia eta pertsonala egiten du Marenek eta kasu honetan mezu oso indartsu batekin jantzi du abestia. Klima larrialdiaren arazoari buruz hitz egiten du eta joera aldatzeko garaia dela aldarrikatzen du Marenek abesti honetan. Gainera ez du ‘postureoz’ egiten, baizik eta benetan horrela sinesten duelako, sare sozialetan-eta ikusi izan dugu plastiko bilketak egiten edota antzerako mezuak zabalduz. Pop-retro kutsua du bere musikak, badu garai bateko artisten zera hori orokorrean», azaldu digu kazetari bilbotarrak.

Mockers - Argi egin

Estudio konkretu batetatik igarotzen den talde batek askotan errepikatu egiten du eta hori izan da Mockers taldearen kasua. «Askotan ekoizle konkretu baten bila joaten dira musikariak, beren erreferenteetako baten bitartez ezagutu eta joaten dira soinu bat landu asmoz. Espezializatutako geroz eta ekoizle gehiago daude, askotan musikari izanak, gauzak oso argi dituztenak. Horrela lortu dute halako emaitza dotorea Mockers taldekoek hiru kantuz osatutako ‘Argi egin’ EParekin», nabarmendu du Zarata Mondosonoroko zuzendariak.

Bayou La Batre - Neandertala

Zarata Mondosonororen webgunean estreinatu zuen Bayou La Batre taldearen berriena Iker Bárbarak: «Taldearen bigarren abestia da ‘Neandertala’ eta lehen bideoklipa ere abesti honekin egin dute. Gasteizen 2021ean jaio zen taldea da, No regret taldetik datozen partaideek sortua, eta laster aterako dute ‘Argilun’ deituriko EPa. Hardcore musikaren eragina oso nabarmena da eta zazpi zigiluren ko-edizio bati esker kaleratuko dute biniloa. Lugon grabatu dute disko hau, Kollapse estudioan eta Ivan Ferro ekoizlearekin, lehen aipatu dugunaren harira, eta ziur zerbait interesgarria kaleratuko dutela. Apirilaren 12an Gasteizko Gaztetxean izango dute zuzenean aurkezteko aukera».