IRRATIA

«Amiantoa arnasteagatik CAFen 61 heriotza daude onartuak»

Beasain da amiantoak eragindako heriotza tasa altuena duen bigarren herria estatu espainiarrean. CAFen, beste enpresa askotan bezala, oso mineral erabilia izan zen. LABeko Mikel Fernandinok azaldu du 1996. urtean iritsi zela lehen aitortza judiziala.

CAF Beasaingo langileek deitutako manifestazioa, herrian barna, amiantoarekin lan egiteagatik hildako kideak omenduz. (@labCAF)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Beasain da Euskal Herrian amiantoak gogorren jo duen herria, duela egun batzuk ezagututako ikerketa batek jaso duenez. Izan ere, 70. hamarkadan oso mineral erabilia zen gaixotasun ezberdinak sortzen dituen amiantoa Goierriko CAF enpresan. 2001. urtera arte itxoin behar izan zen Europar Batasunak debekua ezartzeko. Hala, enpresa batzordeko LABeko ordezkari Mikel Fernandinok baieztatu duenez, «amiantoaren fibrak arnasteagatik 61 pertsona hil dira, hauek epaiketa edo mediku txostenen ondorioz onarutakoak dira baina argi dugu zifra altuagoa dela askotan zaila izaten delako zuzeneko harremana frogatzea». Hildako horien artean 3 emakume daude, etxean kutxatutako arropak garbitzeagatik gaixotutakoak.

Iraupen luzeko eta kostu baxuko mineral bat da amiantoa, eta horregatik erabilpen asko eman zaizkio: eraikuntzan, industrian, ontzigintzan, automozioan eta trengintzan ere bai. Fernandinok azaldutakoaren arabera, 1960ko hamarkadan amianto mota batzuen erabilera debekatu zen, baina 2002 urtera arte ez zen guztiz debekatu Estatuan.

«Gure kasuan 60-70. hamarkadan amiantoa trenetako isolamendu bezala erabili genuen, baina mantenimentuko lanetan erabiltzen zela ere badakigu. 2002tik aurrera manipulatzeko neurri bereziak behar dira eta guk ez dugu erabiltzen», aipatu du LABeko ordezkariak.

Epaitegiak langile bat amiantoz hil zela onartu zuen lehen aldia 1996an izan zen. Ordutik, enpresa batzordeak ibilbide bat hasi zuen egoera salatzeko, sentsibilizatzeko eta erreparatzeko. Fernandinok esan du hasitako prebentzio kanpainari esker, CAFeko langileeen artean konzientziazioa oso altua dela.

«1990ean kazkabar piloa bota eta lantegiko teilatuak apurtu ziren. Garbiketa egin zutenek zerrendan sartzeko lanean ari gara»

«1996tik gauza asko landu ditugu enpresarekin. Amiantoarekin harremana izan zuten langileen zerrenda osatu da eta egun 940 pertsona daude. Zerrendan dauden pertsonei urtero osasun azterketa egiten zaie enpresan bertan, eta jubilatzen direnean Osakidetzak jarraitzen du horiekin. Enpresari eskatu diogu zerrendan jende gehiago sartzeko. 1990ean kazkabar piloa bota zuen, eta lantegiko teilatuak apurtu ziren. Garbiketa egin zutenek, eta garbiketa egin aurretik inguruan ibili ziren langileak, zerrendan sartzeko lanetan ari gara», kontatu du irratian.

Bestalde, fabrikan bertan amiantoa dagoen lekuak mapa batetan markatzen dituzte, eta enpresarekin batera amianto hori kentzeko plana dute. Horretarako enpresa espezializatuak joaten dira, behar bezala eta segurtasun oso kendu dezaten.