IRRATIA
Entrevista
Jon Basaguren Lauroba eta Libe García de Cortázar Gómez
Pasadena taldeko musikariak

«Zerbait berria, hunkitzen gaituena eta kitzikagarria bilatzen saiatzen gara»

2021ean sorpresa bitxi bat izan zen Pasadena taldearen sorrera eta 2022an ‘Izpia’ izeneko lanarekin eman diote jarraipena. Bost taldekidek osatzen duten arren, bi dira taldearen sorburua, Jon Basaguren eta Libe García de Cortázar. Musikari esperimentatuak denak, diskoaren emaitzan nabaritzen da. 

‘Izpia’ lana kaleratu dute Pasadena taldekoek, lehen etapa honetako bigarrena (Galder IZAGIRRE)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Bi abizenekin aurkezten dituzue zuen buruak, hautu politikoa da hori.

Jon Basaguren: Bai, gure amei omenaldi bat egiteko modua zen eta aurreko diskoaren jarraipena denez hau, horrela egin dugu.

Aurreko diskoaren zuzeneko defentsarako kantuak izango dira, baina diskoari bigarren bizitza bat emateko modua ere bai, ezta?

J.B.: Zuzenekoa gure kantuekin nahi genuen egin eta orain 12 kantu ditugu errepertorio osatuago bat jotzeko. Diskoaren ostean konposatzen jarraitu genuen.

Disko argiagoa dela esan dezakegu, ezta?

Libe García de Cortázar: Bai, batez ere diseinuarekin eta hitzekin lortu nahi genuen hori.

J.B.: Aurreko diskoa lurrera begira zegoen idatzita eta orain gora begira jarri garela esan dezakegu.

Aurreko diskoko azaleko lore sorta bera da?

L. GdC.: Bai, aurreko diskoko argazkia ere nirea da baina Fortunekin egin genuen halako diseinu bat. Oraingoan nire gain hartu dut dena eta erronka bat izan da. Argazki batzuk egin nituen eta argiarekin jolasean ibilita hau izan da atera den emaitza.

‘Gauak egunari’ kantuak irekitzen du diskoa, desert rockaren edota Morriconeren mundura ere eramaten gaituena. Baina sinteak daude, perkusiorik ez… nola dago sortuta?

J.B.: Amoranteren tronpetak beste kantu batetarako ziren eta kantua deskartatu egin genuen, baina tronpetak asko gustatzen zitzaizkigun. Tronpeta zoragarri hauek aprobetxatu behar genituen.

L.GdC.: Frankestein bat egin genuen eta akorde batzuk hasi ginen horren gainean eraikitzen.

J.B.: Sinte batzuk akustikoarekin eta perkusiorik gabe egitea erronka bat zen, desberdina zen eta funtzionatzen zuela ikusten genuen, hortaz deskokatzen duen arren, hor geratu da.

Western batetarako soinu banda osatzen ari zarete pixkanaka euskarako sortzaileek… Nork darama labana beti soinean?

J.B.: Zuk esan duzun moduan western estiloko zerbait da, bi pertsona irudikatzen dira hor eta norberak bere pelikula egin dezake. Tremoloa bada Morriconerena eta Twin Peakseko Baladamenti ere bada erreferentzietako bat, duela gutxi hil zena.

Ander Sevilla taldekidearekin grabatu duzue abesti hau.
L. GdC.: Joseba Baleztenaren Gakobeltz estudioan grabatu genuena kanpoan utzi genuenez, lokalean grabatu genuen abesti berri hau. Ander teknikaria denez, txukun egiten duenez, animatu egin zen. Hiru egunetan egin genuen abestia.
J.B.: Hortik konponketetan eta dena nahikoa sinple joatea, minimora joatea, erronka moduan eta ahal genuena egiten..

Minimora joatea esan duzu, biluzik uztea kantu bat bada erronka.

J.B.: Diotenez horrela funtzionatu behar du abesti batek; gitarrarekin eta ahotsarekin funtzionatzen badu, aurrera. Eta aurrekoak ez zuen funtzionatzen, eta pentsa milaka geruza eta buelta eman genizkiola, baina deskartea zen.

L. GdC.: Masterra eta guzti egin genuen, baina gero ezin duzu entzun abesti bat ez baduzu atsegin. Eta aurretik, bakoitzari bere proiektuan, gertatu zaigu gogoko ez izan, grabatu eta gero damutzea kantu hori atera izanaz.

‘Izpia’ kantuan itxaropena eta malenkonia uztartzen dira. «Negar ibai hori, itsasora dator» eta korapiloak askatzeko modua ulertu dut.
J.B.: Eta elkar hartzeari buruz. Tristura horiek unibertsalak dira eta denok bizi izan ditugu halakoak. Elkar babestu eta elkar laguntzeaz ari gara, gizartea delako hori egin dezakeen bakarra.

Konponketa asko ditu honek.

L. GdC.: Hasieran primitiboagoa zen, soul itxura zuena. Teklatuan dagoen lana eta baxuarena ere aipagarriak dira.

J.B.: Josebak gero gitarra sartu zuen eta nahi zuena egin, dotore asko. Diskoaren izena ere badarama eta nolabait ere bada diskoaren laburpentxo moduko bat..

Goraipatu dituzue hainbat gauza, baina ez zuen ahotsak, eta hemen dagoen korala eta armonizazioa sekulakoak dira.
L. GdC.: Koral horretan dagoen u fonemaren erabilera beti erabiltzen dugun errekurtsoa da.
J.B.: Izatez konponketa gitarrarekin egina dago eta hor atzean badago, gospel ukitua da. Errepikako moldaketa berriz, Liberena da.

Beste maila batean dagoen konponketa, zuri tokatzen bazaizu Libe, bejondeizula. Zenbat ahots daude?

J.B.: Hiru ziur, gehiago ere izan daitezke. Tentsio modukoa egiten duen bat bada eta oso dotorea da. Zuzenekoan hori egiten dugu, diskoan zer egin genuen dagoeneko ez dugu gogoratzen.

L. GdC.: Eskerrik asko.

Izpia, hodeiak, zerua… aipatzen dira ‘Zerura begira’ kantuan. Zerura begira jarri zarete hauek idazterakoan?

J.B.: Bada, ez dakit. Askotan kontzeptu batzuk errepikatu egiten dira eta ez dakizu zergatik, bidea ibiltzen egiten delako akaso. Ederra iruditzen zitzaidan zerua zabaltzearena, ebakitzearena, eta hortik etorri da hori.

Soinu aldetik beroagoa eta lehorragoa iruditu zait kantu hau. Bilatua izan da?

J.B.: Akaso konponketengatik izan daiteke, Josebak nahastu zuen lehenengoa da.

L. GdC.: Hasieratik bazuen holako soinu bat eta Josebaren lana sekulakoa da. Baxuaren soinua ere oso berezia da.

J.B.: Gitarraren konponketa ere hasieran ez zen horrela, Josebak proposatu zuen eta Calexico puntu bat ematen dio. Gitarra horrekin oso tex-mex kantua izan zitekeen, baina 80etako sinte soinuak sartzen dira hemen eta beste atmosfera bat sortzen da guztiz.

Libe kantatzera pasatzen den unean, ahots bera da bikoiztuta edota bi hartualdi desberdin dira?

L. GdC.: Bi ahots direla esango nuke, ahots guztian bikoiztuta nagoela esango nuke, ukitu retro bat emateko. Bakoitza alde batean jarrita dago.

J.B.: Gogoratzen ez da erraza. Baina hemen badago Josebak egindako proposamen bat eta berez bi ahotsak urrunago zeuden, baina gerturatu egin genituen azken nahasketan.

Lau kantek zenbat buruhauste ematen duten ikusteko.

J.B.: Eta batek ere bai e?

Sibaritak zaretelako da.

J.B.: Eta gustatzen zaigula horrela aritzea.

L. GdC.: Eta sufritu ere bai, e?

J.B.: Ibilbide bat daukagu eta gauzak errepikatzea ez dugu maite. Hortaz, zerbait berria, hunkituko gaituena eta kitzikagarria dena bilatzen saiatzen gara.

Agenda nola duzue oraintxe bertan?

J.B.: Donostian izango gara, aurreko diskoarekin arantza sartuta geratu zelako. Kutxa Kulturren eserita eta musukoarekin egin zen azken kontzertua eman genuelako. DOKAn izango gara otsailaren 25ean oraingoan, Habi taldearekin. Gero Zumarragako jaialdi batean edota Gasteizko Azkena Rock jaialdian izango gara, baina baita toki gehiagotan ere, ixteko bidean daude horiek.

Habikoekin, kontzertu interesgarria DOKAkoa.

J.B.: Estiloz akaso ez gara antzekoenak, baina arimaz uste dut baietz.

L. GdC: Nahikoa ilunak gara, dark kontzertua izango dela esan dezakegu.

Diskoa ‘Grabitatea’ kantuarekin ixten da. Ekoizten denbora asko pasatako abestia, ezta?

L. GdC.: Nahasketetan eta bilatu nahi genuena lortzea kostatu zen egiari zor. Ahotsean trantze moduko zerbait bilatu nahi da, gitarraren notak mantendu egiten dira… arraro samarra da baina horrela atera zen, barrukoa atera zen.

J.B.: Honek ere hasieran ez zuen perkusiorik, eta bada berezia. Ezerezetik eraikitzen hasten den kantua da, goruntz doana, katapun erortzen den arte.

Grabitate falta zeruan eta lurrean gehiegi dugula da kontua?

L.GdC.: Ama galdu nuenean grabitate falta sumatzen nuen. Ziurtasun falta neukan eta jendearekin egonagatik ere, grabitate falta hori sumatu nuen.

Izpi batek konpondu dezake dena, beraz. Mila esker!

Eskerrik asko eta zuzenekoetara arte.