Koko-dantzak ospatuko dituzte Eibarren larunbatean
Koko-dantzak itzuliko dira larunbat honetan Eibarrera. Euskal inauteriak berreskuratu asmoz jarri ziren duela hamarkada bat baino gehiago martxan. Kezka Dantza Taldeko Oier Araolazak azaldutako moduan, gogoz eutsiko diote aurten ere festari.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Santa Ageda, kaldereroak eta inude eta artzainak izan ditugu, besteak beste, inauterietako pasa den asteburuko ospakizunak. Eta datorrenean ere, udaberriari deika jarraituko dugu Euskal Herri osoan zehar. Tartean, Eibarren: Koko-dantzak ospatuko dituzte larunbat honetan. Duela 14 edo 15 urte ekin zioten ohiturari, herrian euskal inauterien elementuak berreskuratu eta sustatzeko asmoz.
Kokoak dira inauteri-dantza horien pertsonaiak. Koko-jantziekin aurpegia ezkutatzen dute parte hartzaileek, atzean nor dagoen ez erakusteko asmoz. Goiz-goizetik ekingo diete larunbatean koko-dantzei. Kezka Dantza Taldeko dantzariak ibiliko dira baserriz baserri kantu eta eskean.
Arratsaldean kalera jaitsiko dira eta, txarangak lagunduta, taldea handitu eta festarekin jarraituko dute. Egun osoan zehar, hainbat pertsonai parte hartzen dute koko-dantzetan. Goizean dantzariek parte hartzen dute; arratsaldean baina, herrikoia da ospakizuna. Hainbat ikastaro antolatuko dituzte aurrez plaza-dantzak ikasi ahal izateko.