IRRATIA
Entrevista
Estitxu Berasategi
Zuazoko jokalaria

«Urte hasiera gogorra dugu, baina gogotsu gara lehiari ekiteko»

Zuazok eta Bera Berak elkarren arteko euskal derbi batekin emango diote hasiera urteari. Larunbat honetan, Lasesarren, nor baino nor ariko dira bizkaitarrak eta gipuzkoarrak (19.30). Hitzorduaren atarian, Estitxu Berasategi Zuazoko jokalaria «gogotsu» azaldu da NAIZ Irratian.

Estitxu Berasategi Bera Berako Laura Hernandez gelditu nahian Orion jokaturiko Euskal Kopako finalean. (Juan Antonio GARAIKOETXEA / BERA BERA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Emakumezkoen eskubaloi Liga bueltan dugu, euskal derbi bat tartean. Larunbat honetan, Zuazo eta Bera Bera nor baino nor gehiago ariko dira Lasesarren, arratsaldeko 19.30ean abiatuko den norgehiagokan. Estitxu Berasategi Zuazoko jokalaria «gogotsu» agertu da gurean.

«Urte hasiera oso gogorra» izango dutela azaldu du Berasategik, eta ez da gutxiagorako. Bera Bera liderra da, orain arte partida bakarra galduta, baina hori ez da bizkaitarrek urte hasiera honetan izango duten zailtasun bakarra. Honen ostean, Rocasa Gran Canaria bigarren sailkatua izango du aurkari Zuazok. Ondoren, Porriño laugarren sailkatuaren kantxan jokatu beharko du, eta hori gutxi balitz, hirugarren sailkatua den Malagari ere bisita egin beharko dio jarraian.

Dena den, orain arteko geldialdia taldearentzako «onura» izatea espero du.

Geldialdia ostean, bueltan zarete larunbat honetan, eta nola gainera! Bera Bera liderraren aurkako euskal derbia. Nola aurkitzen zaudete hitzordu honen atarian?

Geldialdira behintzat irabazita joan ginen, orain deskantsu pixka bat hartu dugu eta orain berriz gogoekin eta martxan. Ea zer moduz joaten den.

Esan bezala, Bera Bera liderra izango duzue aurrean. Partida bakarra galdu dute orain arte. Aurkari gogorra urteari hasiera emateko.

Bai. Badakigu nola jokatzen duen Bera Berak, ez batere talde erraza. Lider doaz eta fisikoki exijentzia handia eskatzen duen taldea da eta horretarako prestatu beharko dugu.

Behintzat etxean jokatuko duzue, Lasesarren. Honek, behintzat, lagunduko du, ezta?

Bai. Etxean konfiantza edo motibazio extra bat egoten da.

Urte hasierako gogortasun hori ez da asteburu honetan geratzen, ondoren Rocasa Gran Canaria izango duzue aurkari, momentuz bigarren sailkatua, ondoren etxetik kanpo Porriño, laugarren sailkatua eta honen ostean Malaga, hirugarrena, hau ere etxetik kanpo. A zer urte hasiera...

Bai, hori da. Lehenengo itzulian gehienak etxean jokatu ditugu eta orain, atsedena eta gero, aurkari potenteak tokatzen zaizkigu. Nik uste dut, alde batetik, atsedena ondo etorri zaigula orain indarrarekin hasteko.

Nola egiten zaio aurre honelako egutegi bati, gainera Gabonetatik bueltan, pixka bat hotzean harrapatuta?

Pixkanaka. Hasieratik gogorregia hasita, pentsatzeko arriskua dago; beraz pixkanaka hasi erritmoa hartzen eta motibazioarekin eta gogoekin. Ea ahalik eta puntu gehien ateratzen ditugun eta aurrera.

Lehen aipatu duzunez, ez zeundeten boladarik onenean, baina 2022a garaipen batekin itxi zenuten. Geldialditxo honek onura edo kalte egin dizue edo egingo al dizue?

Nik uste dut denok dugula buruan zuk galdetu duzuna. Egia da aurten puntuak ateratzea kostatzen ari zaigula, baina pixkanaka ari gara. Egia da bolada onean joan ginela atsedenaldira eta pixka bat espektante gaude ea nola hasten garen. Hasiera garrantzitsua izango da.

Momentu honetan hamargarren zaudete sailkapenean, bi garaipen, bi berdinketa eta sei porrotekin. Nola baloratzen duzu taldeak orain arte egindakoa?

Esan dizudana. Pixka bat puntuak ateratzea kostatzen ari zaigu, bajak izan ditugu, egoerak ezberdinak izan ditugu, baina taldea goraka zihoan. Espero dut orain berriz ere berdin edo hobera joatea eta ea ahalik eta puntu gehienak lortzen ditugun.

Eta identifikatu al duzue geldialditxo honetan non hobetu behar den edo zer dagoen hobetzeko?

Nik uste dut aurtengo Ligan edozer gertatzeko aukera dagoela. Beraz, batez ere guregan zentratu; gure onena ateratzen dugunean edozeinen aurka lehiatzeko gai gara. Beraz, gure buruan sinistu eta denen kontra irabazteko gai garela sinistea eta aurrera.

Eta arlo pertsonalean zer moduz aurkitzen zara?

Ondo. Ez da erraza ikustea taldeari kostatzen ari zaiola irabaztea edo gauzak nahi bezain ondo ateratzea. Baina motibatuta nago eta taldea nahiko motibatuta ikusten dut, nahiz eta bolada ez oso onak pasa ditugun. Ahal den motibazio handienarekin aurre egin behar diegu hurrengo partidei.

Noski, aipatzen duzu motibazioa mantentzea, taldea honela egonda, ez da erraza izango. Nola kudeatzen duzue hau?

Taldean eta entrenatzailearekin gustura gaude eta hori oso puntu garrantzitsua da. Beraz, hortik tira eginda, sinisten, iritsiko dira emaitza onak.