IRRATIA

«Ezin diogu Miranderi ez begiratu deserosoa izatearren»

Jon Miranderen hainbat testu aurkeztu ditu Deabruaren Eskola taldeak. Aurrez euskaratu gabeko eta jatorriz bretoieraz idatzitako testuak eta Telesforo Monzoni idatzitako gutunak dira berreskuratutakoak. Miranderen munduan murgildu gara KulturHarian Irati Jimenez eta Mikel Sotoren laguntzaz.

Jon Mirande idazle zuberotarra

Este navegador no soporta el elemento audio.


Urtarrila hasieran bete ziren 50 urte Jon Mirande (Paris, 1925-1972) idazlearen gorpua bi botila whisky eta lau tubo barbituriko hutsen ondoan aurkitu zutenetik. 15 urteko gaixoaldiaren ostean, bere buruaz beste egin zuen idazleak. Bere lanak eta pertsonaiak, biek sortu izan dute zirrara, ezinegon eta jakin-min handia. Deabruaren Eskola literaturazaleen taldeak efemeridea baliatu du Miranderen aurrez euskaratu gabeko hainbat testu aurkezteko.

Baziren erreferentziak Mirandek bretoieraz idatzi zuela ziotenak, aipamenak existitzen baitira hainbat testu eta artikuluetan; baina sekula ez zuen halakorik irakurtzeko aukerarik izan. 2 urteko ikerketaren eta kide askoren laguntzaren emaitza izan da aurkeztutakoa.

Testuak bretoieraz idatziak zeuden jatorriz, eta hala bildu dituzte, zubi gisa baliatutako frantsesezko bertsioarekin eta euskarazko itzulpenarekin batera. Artikulu eta olerkiez gain, Telesforo Monzoni idatzitako gutunak ere eskuratu dituzte. Miranderen beste aurpegi bat ikus dezakegu haien bitartez.

Miranderen ondarea galtzearen arriskuaz ohartarazi dute Soto eta Jimenezek. Haren ideologia faxista zela jakitun (hala onartzen baitzuen idazleak berak) horri izkin eginbeharrean, ispilu moduan eta aurrera begirako eta hausnarketarako tresna gisa baliatu beharko genukeela iritzi dute.