IRRATIA
Entrevista
Jon Ander Urresti
Durangoko Azokako Sormen Bekaren irabazlea

«Proiektua erreala dela sentitu nuen»

Jon Ander Urrestik irabazi du aurtengo Durangoko Azokako Sormen Beka. Urtebetean ‘Eucalyptus’ izeneko antzezlana sortuko du. Eukaliptoari buruzko errelato bat garatzea du helburu, geure gizarteari buruz hausnartzeko zubi izan dadin.

Jon Ander Urresti, Sormen Bekaren aurkezpen ekitaldian (Marisol Ramirez | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Noiz jaso zenuen beka eskuratu izanaren berria?

Bartzelonan nengoen. Dosier bat aurkeztu genuen eta, ondoren, epaimahaiaren aurrean proiektuaren defentsa egin genuen. Gaudiren obra ikusten Familia Santuan nengoela deitu zidaten, Azoka baino bost egun lehenago.

Ustekabean harrapatu zintuen, beraz, Durangora itzultzeko beharrak.

Bai. Poza sentitu nuen eta proiektu erreala zela sentitu nuen. Urtebete neraman ea proiektua posible zen ikusten, ea oso frikia ote zen... Konfiantza falta nuen. Lauzpabost pertsonak ikustea egingarria dela pozgarria izan zen. Aldi berean ardura sentitu nuen, Durangokoa plaza garrantzitsua delako, eta maila eman nahi duzu.

Antzezlanak «eukaliptoaren errelatoa» kontatzeko helburua du. Ze esan nahi du zehazki horrek?

Konturatu nintzen eukaliptoa bisitari bat dela, 60-70eko eta batez ere 80ko hamarkadan egundoko gorakada egin zuena. Emigrante bat da, beste lur batetik ekarri duguna gure lurra ekonomikoki modu eraginkorragoan ustiatzeko. Eta paradoxikoki berak lortu du gure lurrak ustiatzea eta lehortzea. Hor bada 50 urteko bizi bat, eta guk iritzi negatibo asko ditugu eukaliptoaren inguruan, askotan oso ondo jakin barik zergatik; baina bada estigma hori. Eta inoiz ez dugu berarekin elkarrizketa bat izan, eta galdetu zer daukan esateko, zelan sentitu den gure lurretan. Hor ikusten nuen falta zela eukaliptoaren errelato bat: zergatik ekarri zen, zergatik egon den hemen, zelan egon den... Horrela bururatu zitzaidan polita litzatekeela planteatzea bisitari baten errelatoa falta dela.

Eukaliptoarena ez da metafora bakarrik izango, beste gai batzuk lantzeko zubi bat ere izango da. Zein gai landuko dituzu?

Segur aski pentsatzen dudana baino gehiago landuko dut, eta agian pentsatzen dudan hori ez dut landuko. Intuizioak aginduko du, baina batez ere lanaren kudeaketaren eta immigrazioaren inguruko metafora izango da. Lurrak kudeatzeko gure modua gure politika egiteko moduaren isla dela uste dut, eta aukera emango duela gure bizitzen politikari buruz berba egiteko.

Gero, niri atentzioa eman dit izurriteen kontuak. Latifundio batean espezie bakarra landatzeak arazoak dakartza. Pinuen kasua argia da Euskal Herrian; izurrite baten ondorioz pinu guztiak kentzen ari dira orain, eta kuriosoa da ikustea denak berdinak izatea berez ahultasun bat dela. Hau da, baso tradizional batean badaude haritzak, gereziondoak, arbusto txikiak, txoriak... Elkarbizitza bat dago eta horrek oreka dakar. Baina dena hegemonizatzen duen espezie bat jartzen duzunean, arazoa sortzen da. Hor bada zer kontatua totalitarismoaz eta faxismoaz.

Eta, nola ez, ekologiaz ere zuzenean berba egingo dut.

«Lurrak kudeatzeko gure modua gure politika egiteko moduaren isla dela uste dut, eta aukera emango duela gure bizitzen politikari buruz berba egiteko»

Formalki erreparatzen badiogu, printzipioz behintzat, antzerkia eta dantza uztartzeko asmoa duzu. Eta poetika bilatzen duzula diozu.

Uste dut dantzak ez duela zertan erritmikoa edo koreografikoa izan, gauza abstraktu batek laguntzen duela diskurtsoa zabaltzen eta ikuslea lanean jartzen, ikusten dena mila gauza izan daitekeelako. Adibidez, aurreko lanean, ‘‘Tribiz, baserri galdue’’, gure baserriaren inguruko antzerki dokumental bat zen. Obran, une batean harri bat hartu eta dantza moduko bat egiten nuen, harria nire gainean, posizio ezberdinetan zela, irudiak sortuz. Berez nik ez nuen sekula argi eduki zer kontatu nahi nuen, baina jendeak gauza pila bat ikusten zituen hor; diskurtso zabal bat irekitzen zen, poetika abstraktu bategaz. Hori nahi nuen esan. Antzerkiaren konkrezioa eta dantzaren abstrakzioa baliatu nahi ditudala publikoa nolabait estimulatzeko.

Urtebeteko epearekin zaila da ezer aurreratzea, baina oholtza gainean ikusi ahalko denak, eszenografia, iruditeria eta egitura aldetik, abstrakzio eta soiltasun horretatik tirako du?

Bai, batez ere euskarriaren soiltasunak baliatzen duelako antzerkia edozein lekutan egin ahal izatea. Modu sinple eta aldi berean estetikoa, kalitatezkoa topatu nahi dut. Aurreko lanean baserriko tresnak erabiltzen nituen eta pisu handia zuten. Orain estetika sinplea dut buruan. Baina antzerkiak berak eskatuko du.

Sariaren banaketa ekitaldian, sortzaile gisa izan dezakezun bilakaeran pauso bat gehiago izan daitekeela, ahots eszeniko propio bat garatzeko aukera izango dela esan zuen epaimahaiak.

Espero dut hala izatea. Proiektu propioetan, ez dut planteatzen testu batetik abiatu eta montaje bat prestatzea helburu zehatz batekin. Ikerkuntzatik abiatzen gara gu, eta bai gaia eta bai forma prozesuaren parte izatea nahi izaten dugu. Aurreko lana baserri baten ingurukoa zen, eta orain eukaliptoen inguruko poetika bat planteatzen ibiltzeak bidea zabaldu egiten du, «landa eremuen dramaturgia» edo horrelako zerbait izan daiteke. Beharbada nire iruditeria hortxe dago; baserrian eta familian bizi izandakoagatik, modu naturalean sortu den zerbait izan da eta gogoa daukat ikusteko zer gertatzen den obra honekin, zer alda dezakedan eta zer ez.