IRRATIA

Amurrioko saioari errepasoa

1.200 bertsozale elkartu ziren larunbatean Amurrioko Bañueta kiroldegian. Alaia Martin oiartzuarra gailendu zen, saio bikaina egin eta 676 puntu eskuratuta. Bertsolari Txapelketa Nagusia amaierara iristear dago. Baionan larunbatean eta abenduaren 3an Bilbon jokatuko dira finalaurrekoen azken saioak.

Bertsolariak Amurrioko oholtzan (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Araba aldean ekin dio Txapelketak finalaurrekoen bigarren itzuliari. Alaia Martinen irabazi zuen saioa eta, sorpresa handirik egon ezean, finalerako zazpi txarteletako bat berea da. Bertsoaldi bikainak utzi zituen saioak, nahiz eta kaleko tenperaturak ez zuen giroa nahikoa berotzen utzi. Honakoa izan zen Amurrioko sailkapena:

Alaia Martinek 676 puntu
Aitor Bizkarrak 651,5 puntu
Oihana Iguaranek 632,5 puntu
Onintza Enbeitak 632,5 puntu
Agin Laburuk 624 puntu
Miren Artetxek 595,5 puntu

Hurrengo saioa larunbat honetan izango da, Baionan. Bertan arituko dira bertsotan Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre.

Bilbon amaituko da bigarren itzulia, abenduaren 3an. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria eta Maddalen Arzallusen txanda izango da. Orduan jakingo dugu zein zazpi bertsolarik kantatuko duten Maialen Lujanbiorekin batera abenduaren 18an, Navarra Arenan ospatuko den finalean.