«Musikak gure gorputzari efektua eragin behar dio, gure zelulak mugiarazi behar ditu»
Modu iradokitzaile batean dator bueltan Patrice ‘Watson’ Dumora (Akize, 1956), tira, sekulan ere joan ez bada ere 80etan jaiotako askoren soinu bandaren parte delako. ‘Bobi’-rekin batera etorri da oraingoan, disko berriarekin, hamabi urteren ostean atera duen lehen lana.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Katu batek egingo lukeen gisan etorri zara bueltan, Bobi ere katua baita.
Bon, bon, bon. Ez dut esan Bobi nor den, nahiz eta katu bat agertzen den diskoaren portadan, Lorentxa Saraguetak egina. Agian zu ere bazara Bobi.
Urte batzuk bai diskorik atera gabe, baina sekulan ere kantatzeari utzi ez dion musikaria zara.
Beti, karraskan.
Nola bizi izan dituzu azken garai hauek?
Disko bat sortzeko zailtasunak izan dira, baina badituzu kantuak eta taldearekin moldatzean eder geratu direlako. Baina duda asko ere bai, nire diruaren bila aritu naizelako bi hilabetez eta azkenean lortu dudalako, sustapen kanpaina bati esker, baina produktua eskuetan eta belarrietan izan arte lasaitasunik ez.
Arduraz hartu duzula agerikoa da.
Esku honetan nago Andonirekin eta Paxkalekin eta nik haiek esandako egutegia bete behar dut. Horrekin, aurrera!
‘Amadu’ kantuak jarraitzen du diskoan, badu beste atmosfera bat. Sarkorra da oso abestia. Dena dela, americana estiloaren bueltan dago sortua, esan daiteke erosoen bertan sentitzen zarela?
Kantuak etxean gitarra akustiko batekin sortzen ditut eta segidan hitz batzuk lerrokatzen ditut. Gero estudio txikian lantzen ditut eta atzetik taldearekin. Oso gustura eta naturalki etorri zaidan kantua da.
Oskaxe ingurutik Ginea Konakrira begira dago Amadu. Infinitura begira dagoen migranteari bere dramaren zama gainera datorkion uneaz ari zara, ezta?
Amaduren istorioa kantu guztien istorioa ere bada, bidaia bat da. Bobik ere urte askotan bidaiatu du, baina zer egin du? Kaleak harrotzen ibili da. Bada Amaduk Afrika guztiz zeharkatu du hona iritsi arte eta hori kontatzen du. Baina diskoan badira baitango bidaia batzuk ere.
Aipatu dugun moduan, sarkorra da, indarra du, batez ere soinu lodienetan. Paxkal Etxepareren ideia edo zurea izan da?
Soinu grabaketa eta nahasketa Paxkalek egin du, baina biok badugu zerbait komunean eta hori musika poliki-poliki entzuteko ezintasuna da. Musikak gure gorputzari efektua eragin behar dio, gure zelulak mugiarazi behar ditu. Maite dugu inpaktu gogor hori.
Taldekide guztiak aipatu dituzu liburuxkan eta baita bakoitzak zer ekarpen egin duen ere. Baina atmosferak nork sortu dituen ez…
Ni izan naiz, etxeko estudioan sortu dituena.
‘Sorginen erratzak’ kantuan 60etako rockaren joera antzematen da, nahiz eta tempo lasai batean dagoen.
Horixe, agian adina izango da. Umetan entzuten nituen The Beatles, The Rolling Stones, Creedence Clearwater Revival… Baina orain egungo musika entzuten dut eta ez naiz iraganeko musikari loturik bizi.
Beltzane Obanos Saenz de Murieta eta biok egin dituzue hitz gehienak. Kantu honen mezuan azaletik mamira joan behar dela gogorarazteko balio izan dit, objektu batek ere arima izan dezakeela.
Bai eta, errepikan esaten dugun moduan, denborak dena erretzen du. Gure gorputzean, bizitzan, gauzek erretzen gaituzte, izan amodioak, gauza politikoek… Baina denbora pasatzen da eta benetan zer aldatzen da hemen? Betiko istorioetan eta betiko arazoekin jarraitzen dugu. Jaio ginenean gauzak hobera joango zirela uste genuen, baina ez.
Esan duzunarekin lotuta, beti askatasunaren nahia izan duzu kantuetan eta oraingoan sinbolo hori ‘Airean zalu’ kantuan etorri da. Inoiz izan sentitu duzu erabateko askatasunik?
Alderantziz. Nire gurasoek nigandik espero zutenarekin ez dut batere bete, airean zalu nintzen beti. Duela gutxi habi bat eraiki dut, behintzat!
Rock klasikoa da entzuten duguna, baina koralak zeinen garrantzitsuak izan diren zure kantuetan. Melodia desberdinen armonizazioak, horiek nola uztartu…
Denbora asko pasatzen dut hau eginaz. Askatasuna zeruan irudikatu nahi nuen, irudikatzen dut txori bat ari dela aske-aske, zalu, nahi duen moduan hegan egiten. Maddalena Luzzi eta Pierre Sangla abeslari bikainak dira.
Melodia bat bilatzerakoan, formula errepikatzen duzu edota saiatzen zara gauza berrien bilaketan.
Baita ere. Kantu honetan nire erronka errepikarekin hastea izan zen, hortik abiatuta nora posible den joatea ikusi nahi izan dut. Bazterrean geratu dira kantu batzuk, baina beste batzuk bukaeraraino iritsi dira.
Askatasunaren ostean, ‘Gerlatik nator’ abesti sentikorrena dator, Amets Arzallusen letra duena. Gerlako beterano baten istorioa kontatzen du, askok AEBetan kokatu dezakeena, bertan ere beterano asko ditugula ahaztuta.
Duela lau urte Lehen Mundu Gerraren bukaeraren 100. urteurrena izan zen eta horren inguruan emanaldi bat izan zen Baionako antzokian. Nik Amets Arzallusen testu bat musikatu behar nuen eta hau sortu zen. Amets bertan zegoen eta gustatu zitzaion. Hala, nik diskorako gorde nahi nukeela esan nion baina luzeegia zela aukeran, eta laburtu egin genuen. Parisen dagoen aspaldiko lagun bati, Frédéric Gaillardeti, karta xuria eman nion gitarrarekin nahi zuena egin zezan.
Askorentzat begien bistan geratuko da Mundu Gerrek hemen izan zuten eragina.
Bobi zoriontsu itzuli omen zen herrira, baina beteranoak ez.
Bobi zoriontsuago esan duzu, bera da sigi-saga dabilena?
Ez! Beno, nahi baduzu bera ere bai. Nik ez dut pistarik eman nahi. Agian poza hartu zuen Iruñeko tabernetan edo ez dakit non.
Gautxoria zara?
Bat ere ez, sekulan ere ez. Maite dut goiz esnatzea, baina derrigorrez izan nintzen gautxori.
Hau esan dizut ‘Eztiz asea’ kantuak baduelako hard rocketik eta gauaren kutsu horretatik. Estilo honek ere izan du pisurik zure ibilbidean.
Kantu hau modu arraro batez etorri zait. Nire alabak autoaren atzean abesten ari ziren eta txikiak kantuaren sarrerako melodia abestu zuen. Nire baitan esan nuen, «oh yeah! badago zerbait egitea honekin». Batzuetan zerbait entzuten duzu eta kantu bat osorik sortzen da, moldakuntza eta guzti, zure buruan. Hala ere pixka bat landu nuen. Horrekin amodiozko kantu zozo bat egitea nahi izan nuen. The Beatles taldearen ‘Oh darling’ kantua, ‘Abbey road’ diskokoa, oso kantu zozoa da, bada hori ere izan nuen buruan. Baina nahita egin dut, ironikoki, eta Beltzanek bertso ezagun batzuk hartu ditu. Badu pixka bat Hertzainak, pixka bat Latzen, pixka bat Akelarre, Benito Lertxundi… Pista eman beharra dut, bestela jendeak pentsatu dezakeelako zerbait pasa zaidala eta zozo hutsa naizela! Joko bat izan da.
Mutil zaharrak ere gogoan izan dituzu.
Itzulpen bat izan da hori, Tom Waitsen kantu batena.
Gizarte honetako beste drama bat ere landu duzu ‘Zaldun hiltzaileak’ kantuan.
Uf. Eta ez da bukatzen, e? Ez dakit zer pasatzen den mutilekin behintzat. Oso larria da eta aipatu behar da. Errepikan esaten den bezala «gizon normal bat zen auzoen ustez», gizon arrunt, jator eta formala dirudiena izan daitekeelako etxe baitango eremuan hiltzaile.
Ez dakigu zer gertatu zaion Bobiri azkenean. Berarekin hitz egin beharko dugu horretarako, ezta?
Bai, bai. Zure baitan dagoen Bobi horri galdetu.
Diskoa barruraino begiratzeko ere esango dugu, badagoelako zerbait ezkutuan. Diskoa eskuratzeko zein dira moduak?
Nire webgunetik eskatzeko modua bada, whatsapp lotura bat du eta bertara idatzita. Plataformetan atera berri da, eta kontzertuetan ere fisikoan egongo da eskuratzeko modurik.
Azaroaren 18an kontzertuen hasiera.
Bai, Iruñean hasiko naiz, The Olympus Beer tabernan. Gero Irurutzen, Portugaleten, Santurtzin, Baionan, berriz ere Iruñean eta, bukatzeko, Durangoko Azokan izango naiz abenduaren 11n. Horiek izango dira diskoaren aurkezpenerako lehen emanaldiak.
Gozatu dezazula.
Bai, ziur!