IRRATIA
Entrevista
Goiatz Urkijo
Euskaraldia

«Guztiok batera euskararentzat babesgune erraldoia osatuko dugu»

Esperientziak dakarren abantailarekin, Euskaraldiaren hirugarren ediziora etxeko lanak eginda iritsi dira herritarrak; ariketa erraldoiaren koordinatzaileak, Goiatz Urkijok, dio herritarrek badakitela zer egin behar duten, eta horrek balioko duela guztia arrakastaz burutzeko.

Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Aste intentsoak izan dira hitzordura ailegatu arte, baina Euskaraldia hemen da, eta guztia prest da ariketa soziala arrakastaz egiteko. Hala esan digu Goiatz Urkijo koordinatzaileak: «Hirugarren hau izango da Euskaraldia benetan zer den ezagutuko dugun edizioa. Herritarrek badakite zer den, zer egin behar duten, beren hizkuntza ohituren inguruan hausnartu dute, erronkak jarri dizkiote beren buruari, eta horiek lortzera goaz».

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko helburua urte osora zabaldu nahiko lukete Euskaraldiaren bultzatzaileek. Urkijoren iritziz, une erabakigarrian aurkitzen da gure hizkuntza: «Urte hasieran 2022 hau hitzetatik ekintzetara pasatzeko urtea izango zela aldarrikatu genuen Korrika eta Euskaraldiarekin, lehenengo aldiz bi ekimen erraldoiek bat egiten zutelako urte berean. Gerora beste ekimen batzuk ere gehitu dira. Horixe behar du gure hizkuntzak».

Masiboa

Parte-hartzaileei dagokienez, lehendabiziko edizioan 200.000 lagun inguruk eman zuten izena; 2020an, pandemia tarteko, apur bat egin zuen behera kopuruak. «Aurten, ahobizi eta belarriprestez gain, ariguneek ere berretsi dute parte hartzea eta berriak ere batu dira. Ariketa masiboa izango da berriz ere. Milaka ahobizi, belarriprest eta arigune dira Euskal Herri osoan. Guztiek batera babesgune erraldoia osatzen dute», azpimarratu du.

Agertu duenez, ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira. «Zergatik? Ahobizi eta belarriprestez osatuta daudelako. Arigunearen zirkulu identifikagarria ikusten dugunean badakigu bertan euskaraz lasai aritzen ahal garela denek euskaraz ulertzen dutelako. Gero, rolaren arabera, euskaraz jardungo dute gurekin ala ez. Baina hori uste dugu, ariguneek babesgune erraldoiak sortzen dituztela estres linguistiko hori alde batera utz dezakegulako arigunearen identifikagarria ikusita, txapekin gertatzen den moduan».

«Arigune hauek Euskal Herrian zehar hedatuz, ahobizi eta belarriprest txapekin batera, babesgune erraldoi hori sortuko dugu».

 

Portaerarekin lotutako funtzioak
«Ahobizi eta belarriprest rolak ez dira gaitasunaren araberakoak, baizik eta hamabost egunotan izango dugun portaerarekin lotuak».



Gogoeta

Urkijok azaldu zuenez, rolak aukeratzerakoan garrantzitsuena hausnarketa egitea da, funtzioak ez baitira gaitasunaren araberakoak, baizik eta hamabost egunotan izango dugun portaerarekin lotuak. «Beti esaten dugu: zalantzaren aurrean, izan belarriprest, hauek ere euskaraz hitz egiten dutelako. Belarriprestek aldiro erabakitzen dute noiz eta norekin egin euskaraz; egongo dira belarriprestak oso gutxi egingo dutenak eta beste batzuk asko egingo dutenak, eta badakigu ahobizi rola hamabost egunez mantentzea oso zaila dela».

Herriei aitorpena

Dozenaka izan dira hiri eta herrietan Euskaraldiaren antolaketan aritu diren batzordeak. Horietako bat da Doneztebekoa; bertako kide dira Andoni Izagirre eta Ekhiñe Txokarro. Naiz Irratiari azaldu diote «hotz» samar hasi zirela prestaketak, baina landu ahala, behetik gora etorri den olatua izan dela.

«Pozik» daude izen-emateekin, uste dute herritarrek ezagutzen dutela ekimena eta horrek erraztu egin dituela gauzak.

Erronketan eragitea du helburu Euskaraldiak, eta Malerrekan «gazteen parte-hartzea areagotzea» izan dute xede: «Institutuarekin lanketa berezia egin dugu, eta hala gazteak ere gerturatu dira».

Hain justu, Euskaraldia aurrera ateratzeko herrietan egin den lan ikaragarria eskertuz amaitu du Urkijok elkarrizketa. Aurtengo ediziotik ateratzen dituzten datuekin azterketa egingo dute oraingoan ere; hizkuntza ohiturak aldatzeko datu interesgarriak ateratzea espero dute.