IRRATIA

Hofe, 4:40 eta amodioaren ikuspegi gaurkotua

Pandemia garaian ezagutu genuen Hofe (Igotz Mendez, Iruñea 1998) artista, NAIZ Irratiko ‘Beste bat’ saioak egin zituelako, besteak beste. Orduan Deuston bizi zen. Oraingoan Remzelak (Marcos Galech), 4:40ko kidearekin izan da gurean, elkarrekin egin duten ‘Amodioa’ diskoa aurkezteko.

Igotz Mendez iruindarrak, Hofe moduan ezagunagoa denak, ‘Amodioa’ albuma kaleratu du 4:40en ekoizpenarekin. (LANDA | ARRIGURI)

Este navegador no soporta el elemento audio.


«Trapetik hasi ginen baina gero burua jun zitzaigun eta hortik sortzen da magia», esan digu Remzelak 4:40ko ekoizleak eta haiekin elkarlanean aritu da Hofe. Gazteek ez dute musika egiterako garaian konplexurik Rosalia esan izan da horrekin apurtu duena izan dela, baina hori gaurkotasunari begira soilik hitz egitea litzateke. Hala ere, eklektiko izaera hori aldarrikatu du Hofek ere: «Bai, nik uste ez dagoela intentzio zuzenik eta nahi genuena egin genuen eta disfrutatu genuen. Albuma egiterakoan, gure musikarekin noraino iritsi gaitezkeen erakutsi nahi izan dugu».

‘Joven Lehendakari’ kantua ezagutu genuen lehendabizikotakoa da Hoferen ibilbidean eta erreferentziaz josita dago. «Nire osabak bazuen Atari bat, baina nik Nintento 64akin aritzen nintzen jolasean», erantzun digu ea kantuan aipatzen duen Atari kontsolarik ba ote zuen galdetuta. Bigas Luna, Don Omar edota Dona Karan ere aipatzen ditu abestian. Azken honek, ordea, lekuz kanpo harrapatu gaituela esan diogu nafarrari: «Dona Karan diseinatzaile potente eta interesgarria dela uste dut. Nire marka musika erreferentziala izatea da eta irakurtzen dudan esaldi bat inkontzienteki buruan iltzatuta badut letratan sartzen da. Baina baita kulturatik haragoko kontuekin ere, kaleko elkarrizketa batean entzuten dudana ere joan daiteke abesti baten hitzetan». Remzelak ekoizleak gaineratu zer gaineratu dio: «Zure bizitza erreferentziaz josita dago eta musika egiterakoan hori ere egiten da». 

Minimal eta elektro kutsua duen kantua da, ‘Amodioa’ diskoari irekiera modu bitxian ematen diona. «Ez gara musika honen oso zaleak, baina musikaren frikiak bagara eta denetarik kontsumitzen dugu», esan digute biek ere. Kontua da, atzetik techno kantu bat datorrela eta Chimo Bayori egiten zaiola erreferentzia. «Kantuak badu bere istorioa, ez baita lehenengo bertsioa. Grabatu genuen kantu baten remixa da eta sekulako letra iruditu zitzaigun. Diskoa egiterakoan sortu zen abesti dantzagarri hau, bonba bat, Kiliki Frexkok eta 4:40k egindako eskuartzeari esker», nabarmendu du Hofek.

Abesti horretan bertan Manzanita ere aipatzen du eta «amaren artista kuttunetakoa izanagatik» aipatu dute abestian. «Manzanitaren letrek tristura sortzen didate, sakonak direlako, baina amarekin igande goizetan irratia elkarrekin entzuten genueneko momentua irudikatzen dut eta oso oroitzapen onak dira», dio Hofek. Kantu oso sexuala dela aipatzean berak dio «lehendabiziko maitasunaren indarra» dela erakusten duena. «Sexualitate horren barruan gauza oso politak esaten dira eta amodioaren inozentzia ere badago kantuaren atzean», azpimarratzen du Hofek.

Chill Mafiakoak bidelagun

‘2 esku 2 laban’, kantu poperoa ere sortu dute disko honetarako, Kiliki Frexkok Hoferekin abesten duen kantua. Post-punkaren bueltan kokatzen da abestia, iazko abuztuan sortu zutena. Remzleakek aipatu duenez, «ez genekien diskoan sartuko genuen edo ez, sortutakoen artean azken bigarrena izan zen. Pop kantu bat egiteko gogoa genuen. Elektronika, post-punka... denetarik egin genuen eta zerbait berria probatu nahi genuen». Hoferen aburuz, «elektronika da diskoaren haria daramana, baina ekoizpena Chill Mafiako Suneok egin zuen hemen eta modu naturalean atera zen. Guk garbi genuen indie-pop kantu bat egin nahi genuela eta 4:40koak, Suneok eta lauok egindako elkarlanarekin hau sortu zen». Pertsona anonimo, ezagun eta fiktizioak aipatzen ditu abestian. «Asko geratuko da Betizu txartelarekin drogekin jolasean ari dela kantuko pertsonaia, baina badu atzeko mezua: «La mierda que tu eres la soy yo también, de diferente manera pero los dos somos lo mismo». Hau da, denok egiten ditugula gauzak gaizki, heldu zein gazte. Eta gazteek Betizuko txartelarekin egiten dutena besteek Visa Gold batekin egiten dutela», aldarrikatu du Hofek.

‘4ME’ kantu atmosferikoak ematen dio jarraipena albumari. ‘Crush’ bat zer den definitzeko modu bezala ulertu dugu kantua, baina sakontasun handia du abesti honek Hoferentzat: «Ez da gure kantua, LV zenaren abestia da, bere hitzak dira; duela bost urte hil zuten. Gugan pizten duen sentsazioa oso indartsua da eta LV modu batera edo bestera gure diskoan egotea nahi genuen». Remzelakek aipatu digu hau izan zela diskorako sortutako lehen kantua: «Argi genuen Daniren abesti bat egotea nahi genuela, omenaldia egin nahi genion». Gaspar Noeri erreferentzia eginaz borobildu du Hofek abestiaren azalpena: «La perdida de un amado destruye un rayo. Hori da hemen dagoena».

80etako soinuarekin jolasean

Bakardadearen antsietatea da ‘Si no te lo kiero decir’ abestiko gai nagusia. «Oso zuzen ekarria, berrogeialdian etxetik egin nuelako ‘Si no te lo kiero decir’, beste bertsio batean baina horrela etorri zen, skype bidez sortzen», aipatu digu Hofek. 80etako soinua du eta denetarik entzun dutela nabarmena da. «Rap munduan gaudela esan daiteke, baina rap disko bat entzun gabe hilabete bat eman dezaket», dio Remzelakek, «post-punkean aditu izan gabe denetarik entzun dugu». Hofek aipatu du, dena dela, Chill Mafiako Suneok ekoitzi zuela abestia, «eta bera bai dela jantzia».

Azken boladan Iruñerria eta bertako musika aipatzen gabiltza baina eszena desberdinak daude bertan. Suneo, Nimroy aka Sara Goxua, Chill Mafia, Ben Yart, Hofe eta 4:40… Elektronikaren bueltan dabiltza. Eferbeszentzia puntua izan dezakeen tendentzia ote den ez dakigu, baina hori nola bizi duten argi utzi digu Hofek: «Horretan pentsatzen baduzu kalte egingo dizu, momentua gozatu behar da eta aukera bikaina bizitzen ari gara gure lagun eta ezagunekin, hori da gure kezka bakarra, momentuaz gozatu eta bizitzea. Hutsetik diagu eszena bat sortu esaten da, bai, baina bazegoen aurretik. Iruñerria eta gainerako Euskal Herriaren artean zegoen muga apurtu da eta proiektu interesgarri asko zabaldu dira kanpora, Tatxers, Ibil Bedi… Iruñea oso txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu, sare bat sortu da gure artean eta konplizitate bat dago, elkar babesten gara. Eta kulturaren alor desberdinekiko sentsibilitate dezente daukagu».

‘Kurosawa’ kantua kaleratu zuenean, Akira Kurosawa zinema zuzendaria aipatu izanarekin geratu ginen, baina El Vaquilla ere aipatzen da: «Juan Jose Moreno Cuenca, ‘Pirri’ por excelencia, eta Jaro ere aipatzen dut, kinki zineman erreferente den Eloy de La Iglesiarekin batera». Estetika kinkitik badu pixka bat Hofek eta horregatik aurreiritzirik izan ote duten galdetuta zer esan digu: «Iruñekoak izatearren ez baina itxuragatik bai, batez ere Madrilen eta Valentzian. Hoteletan eta gaizki begiratzen gintuzten gure jazkeragatik eta itxuragatik».

‘Handia’ izan zen kaleratu zuen hirugarren abestia, kasu honetan diskoa ixten duena. Remzelakek modu bitxian sortu zuen kantua: «Lanean nintzen eta nazkatuta, bulegoan, denetarik pentsatzen lanean izan ezik eta balada elektroniko bat egitea bururatu zitzaidan. Lehendabizi kantuaren bukaera idatzi genuen eta gero sortzen joan zen gainerakoa. Akordeak-eta Hatorik, 4:40ko kideak, egin zituen». Hofek segidan argipena eman nahi izan dio kantuari: «Bai geneukala argi balada nahi genuela, baina elektronikaren hariarekin jarraituz. Askotan gure sentimenduarekin ezikusiarena egiten dugu edo ez dugula ezer sentitzen erakusten dugu, baina gero errealitatean argi dago hori ez dela horrela. Su eman nahi didate baina lasai nago, hori da erakusten duguna, bideoan ikusten den moduan».

Bira bukatzea da orain Hofek eta 4:40k duten asmoa, «10 bat kontzertu geratzen dira eta lanean gaude gauza berriak ere sortzeko. Inkognita mantendu behar da, misteriotasun horrek badu bere xarma». Bitartean, ‘Amodioa’ guztien eskura dago.