«Euskararen zonifikazioa antidemokratikoa da»
«Lotsagarria» eta «iraingarria» da euskararen zonifikazioa, Patxi Zabaleta politikari eta idazle nafarraren esanetan. Nafarroako zatiketa linguistikoaren aurka Tuteran asteburuan egindako manifestazioan zonaldeko herritarrak bildu izana oso garrantzitsutzat jo du.
Este navegador no soporta el elemento audio.
1981. urtean adostu zuten Nafarroako ordezkaritza batek eta Espainiako gobernuak Foru Hobekuntza, Nafarroako Estatutua, alegia. Urte bete lehenago Nafarroako parlamentuak ebazpen bat onartu zuen euskara Nafarroa osoan ofiziala izan zedin. Madrilera Foru Hobekuntza negoziatzera joan zen ordezkaritzak, ordea, ebazpena alboratu eta euskarari zonaldeak ezartzea adostu zuen. 1986. urtean onartu zen gaur egungo Euskararen Legea eta hiru zonalde finkatu zituzten. Zonalde mistoan kokatu zuten zenbaki absolutuetan euskaldun gehien duen eremua, Iruñea, Zabaletaren esanetan zonalde ez-euskaldunean ez, baina euskaldunean ere ezin zutelako kokatu, hiriburuek duten garrantziagatik.
Zonifikazioa, zatiketa, «lotsagarria eta iraingarria» dela salatu du, baita «antidemokratikoa» ere, legea eta demokrazia beti bat ez doazela gogoratuz.
Euskararen Legea bultzatu zutenak egungo VOXekoekin alderatu ditu, «navarrismo» deiturikoa beti zentralista izan dela baieztatuz, eta harago, Nafarroaren aurka aritu dela ziurtatuz
Euskararen aurkako gorrotoa eta koskistatzailearen esentzia dira lege honen oinarrian ikusten dituenak. Euskararen aurka egitea, ordea, Nafarroaren aurka egitea dela nabarmendu du.
Tuteran zonifikazioaren aurka larunbatean egindako manifestazioa txalotu eta garrantzitsutzat jo du bertakoak mobilizatu izana. Bada baikortasunerako tarterik Zabaletaren hitzak entzunda, oraindik lan handia egin beharko den arren. Borroka ideologikoa da gakoa bere iritziz.
Datu bat ere eskeini du azken urteetan egoera hobetu egin dela baieztatzeko. 1972. urtean euskarazko liburu bakarra argitaratu zen Nafarroan, Patxi Zabaletak idatzi zuen eta gogoratu duenez «bahitu» egin zuten. Iaz, berriz, euskarazko 120 argitalpen baina gehiago izan ziren. Baikorra da etorkizunari begira, zailtasunak izango dira bai, baina baita aurrerapausoak ere Patxi Zabaletaren ustez.