«Pozten naiz liburu honekin saria jaso dudalako, ez nuke nahi beste batekin izatea»
Ostiral honetan iragarri dituzte Euskadi Sarietako azken izenak. Irati Jimenezek jaso du saiakerako saria, euskal literaturaren inguruan hausnartzen duen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ lanari esker; Koro Navarrok itzulpenarena eta Edurne Portelak eta Teresa Maldonadok gaztelerazko bi kategorietakoak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Lehen aldiz Euskadi Literatura Sari guztiak emakumezkoek eskuratu dituzte. Urriaren 13an izan genuen Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria saridunen izenen berri. Hurrengo lauen zain ginen eta gaur iragarri dituzte Bilboko Bidebarrieta liburutegian.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea izan dira Bilboko agerraldian, irabazleak laguntzen.
Euskarazko saiakeran irabazi du Irati Jimenezek ‘Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat´ lanari esker.
Epaimahaia Alexander Gurrtutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatu dute eta Jimenezen lanaren hipotesi ausartak azpimarratu dituzte. Probokatzaile gisa definitu dute saiakera, politikoki ez zuzena izaten dakiena. Irakurlea interpelatu eta hausnarketara gonbidatzen du liburuak, pasioa, maitasuna eta grina transmitituz aldi berean.
Itzulpenen kategorian Koro Navarro gailendu da. Ernest Hemingwayren "Fiesta. Eguzkia jaikitzen da" liburuaren itzulpena da berea. Gaztelerazko literaturan Edurne Portelari eman diote saria "Los ojos cerrados" lanari esker. Eta gaztelerazko saiakeran Teresa Maldonadoren ‘Hablemos claro’ liburuari.
Sari banaketaren ekitaldi ofiziala Donostiako Tabakaleran izango da azaroaren 24an.