IRRATIA

«Loratze artistiko eta pertsonala izan da diska»

Udaberrian diska berria aurkeztu ostean, indartsu dator Iseo&Dodosound taldea ‘Blossom in the club’ birarekin. Loratzea Hego Euskal Herriko lau aretora iritsiko da. Lehen hitzordua urriaren 21ean izango da, Errenteriako Lekuona fabrikan, eta jada sarrera guztiak agortu dira.

Hirugarren lan luzea atera dute eta kanpoan hasiko dira disko aurkezpenarekin Iseo & Dodosound. (Petra MAYO )

Este navegador no soporta el elemento audio.


‘Blossom’ (Loratzea) diskaren birari ekiteko prest da Iseo&Dodosound musika talde nafarra. Aurtengo neguan grabatu, udaberrian aurkeztu eta urrian ekingo diote ‘Blossom in the club’ izeneko birari.

Diska aurkeztu eta hainbat kontzertu eskaini dituzte aire librean, musika jaialdi eta bestelako festetan. Oraingoan, ordea, aretoetara itzuliko dira. Leire Villanuevak azaldu duen moduan, biran taldearen eta diskaren neurrira egindako kontzertuak antolatzeko aukera izango dute, askatasun handiagorekin arituko dira beraz.

Bira espainiar estatu osoan zehar egingo dute, baina Euskal Herritik hasiko dira. Lau hitzordu antolatu ditu taldeak Hego Euskal Herrian. Lehena, ostiral honetan, Errenteriko Lekuona fabrikan. Sarrera guztiak agortu dira. Azaroaren 5ean Bilbon izango dira, Fever aretoan. Azaroaren 25ean Gasteizko Jimmy Jazzen arituko dira eta abenduaren 30ean Iruñean, Kafe Zentralen.

Diska ez da taldearen berritasun bakarra izan azken aldian. ‘Dance forever’ kantuaren bideoklipa aurkeztu berri dute. Abuztuaren 30ean grabatu zuten Ilunberrin, herriko jaietan kalean bertan emandako kontzertuaren irudiak bilduz. Bartzelonako Terral studioko lagunak izan zituzten bidelagun.