IRRATIA

«25 presori hirugarren gradua eman izanak erakusten du arazorik gabe eman daitezkeela»

Euskal presoei legea «parez pare» irekitzea da Sareren helburua eta «oztopoak» egon badaudela eta aurrerantzean ere egongo direla jakin arren, egin daitekeela sinetsita dago Inaxio Oiarzabal bozeramailea.

Inaxio Oiarzabal, Sareko bozeramailea (Naiz Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Izan Bidea dinamikari amaiera emango dio Sarek larunbat honetan Donostian. Boulebarrean egingo dira azken kilometroak, goizeko 11.00etan. Ondoren, 12.00etan, manifestazioa abiatuko da Pio XIItik eta 13.00etan ekitaldia izango da Ilunben. Arratsaldean jai giroa nagusituko da, Ilunben bertan 15.30etan hasiko dira kontzertu eta ikuskizun ezberdinak.

Hitzorduaren atarian euskal preso politikoen egoerari begira jarri da NAIZ Irratia Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailearen eskutik. Une honetan lehentasuna preso guztiak Euskal Herrian egotea dela baieztatu du. Gaur egun 134 preso daude Euskal Herrian eta 46 hemendik kanpo, 31 estatu espainiarrean eta 15 frantziarrean. Aberriratzeaz gain euskal presoei «legeak dioen ibilbidea parez pare» irekitzea da erronka. Azken hilabeteetan «pauso txikiak» izan direla eta «etorkizun hurbilean pauso horiekin jarraitzea» espero dutela azaldu du Oiarzabalek.

EAEko gobernuak espetxeen eskumena bere gain hartu izana garrantzitsutzat jo eta «blokeatuta zeuden kontu batzuk desblokeatze bidean» daudela baieztatu du, hainbat euskal preso hirugarren graduan daudelako eta bigarren graduan egonda baimenak jasotzen dituztenak ere badaudelako. «Baina egia da baldintzak betetzen dituzten preso asko daudela eta denek ez dutela legeak dioen ibilbidea parez pare irekita», ohartarazi du Sareko bozeramaileak, zehaztuz «datozen hilabeteetan bide horiek irekitzea» espero dutela eta Sarek horretarako lan egingo duela.

Oraindik, ordea, pauso ororen aurkako «oztopo» ezberdinak daudela onartu du, Auzitegi Nazionaleko fiskaltza, hainbat hedabide eta hainbat alderdi aipatuz. Edozein pauso oztopatzen saiatuko direla ohartaraziz, aukerarik onena «azken urteetan sortu den kontsentsuaren baitan gaudenak elkartzea da, denon artean, elkarrekin, eraginkorrak izango gara», baieztatu du Oiarzabalek.

Lakuako gobernuak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik urtea bete denean, 457 presori onartu diete hirugarren gradua, tartean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 25 presori. Oiarzabalen esanetan «pixkanaka doa kontua» eta «azkarrago» joatea nahiko lukete. Izan ere, hirugarren graduan egoten baldintzak betetzen dituzten presoak gehiago direla baieztatu du.

Hala ere, positiboki baloratu du 25 euskal presori hirugarren gradua onartu izana, horrek erakusten duelako «arazorik gabe» onartu daitezkeela. «Egin daiteke, normaltasunez, jendeak normaltasunez ikusten du legeak dioen bidea parez pare irekitzea presoei, horri eutsi behar diogu».