IRRATIA

NAIZ Bidaiari, orain irratian ere bai

Mundura begira argitaratu ohi den 'Bidaiari' aldizkariak bere ispilua izango du aurrerantzean NAIZ Irratian, Alba Cabrerak gidatuta (asteazkenero 19.00tan)

Alba Cabrera, NAIZ Bidaiari saioko aurkezlea (Andoni Canellada (Foku))

Bidaiari aldizkariak bere ibilbidea hasi eta urtebetera, bidaien aldeko apustua bikoiztuko du etxe honek: aldizkariari, asteroko irratsaio bat gehituko zaio orain. Alba Cabrerak gidatuko du NAIZ Bidaiari saioa (asteazkenero 19:00etan). Noski, bidaiak izango dira protagonistak.

Egiari zor, bidaiak baino, bidaiariak izango dira NAIZ Bidaiari saioko protagonistak. Astero-astero, bidaiari bat hurbilduko baita NAIZ irratiko estudioetara bere esperientzia lehen pertsonan kontatzera. Etxetik mugitu gabe bidaiatu nahi baduzu aukera ederra da NAIZ Bidaiari saioa.

Lehen saioko protagonista Lurgi Zalakain billabonatarra izanen da. Ginea Konakryra egin zuen bidaia kontatuko du. (Portzierto, bertakoa da Brahima Baldek, 'Miñan' liburuko protagonista). Dantza aitzakiatzat hartuta Afrika Mendebaldeko erritmorik, perkusiorik eta Wax oihalik ez da faltako estreinako irratsaioan. Gustatu eta errepikatzen duen horietakoa da Zalakain. Horregatik, behin, ez! Lau aldiz izan da inguru horretan, Konakry hiriburuan, Matam auzoko ballet konpainia batean. Bertan ikasitakoak erakusten ditu gero Euskal Herrian, eta bertatik ekarritako oihalekin ere lan egiten du Kaori Faktorian. 

NAIZen apustua

Gaien dibertsifikazioaren ondorioz, bidaien, zientziaren eta teknologiaren edo gastronomiaren atalak sortu edo indartu egin ziren NAIZ.eus-en dela denbora bat, herritarren eguneroko bizitzari ere erantzuten diotenak.

2008an ikusi zuen argia Zazpi Haizetara bidaietan espezializatutako hilabetekariak, eta 2021ko irailean, Bidaiari aldizkariak hartu zion lekua, ez zen izen aldaketa huts bat izan, goitik beherako diseinu berritzea izan zen. Hilabeteko lehen ostegunetan eskura daiteke kioskoetan 1,50 euroren truke.

Aldizkariko eduki denak, NAIZ.eus atariko Bidaiak atalean irakur daitezke ere, eta hemendik aurrera, irratiko eskaintza berria gehituko zaio egungo eskaintzari. Gustu eta poltsiko guztietarako bidaia proposamenak egiten dira NAIZen: bidaia luzeak zein txangoak, nazioartekoak eta noski, Euskal Herria hobeto ezagutzeko balio dutenak.

Bidaiatzea maite baduzu eta zure esperientzia kontatu nahi baduzu, jar zaitez NAIZ Bidaiari saioarekin harremanetan helbide honen bidez: bidaiari@naizirratia.eus.