IRRATIA
Entrevista
IMANOL LARREA
Soziolinguistika Klusterreko Bulego teknikoko zuzendaria

«Helduengan jarriko nuke arreta, euskararen erabilera txikiena helduengan dago»

Hizkuntzen Kale erabileraren azken datuei tiraka, euskararen erabilera egonkor mantentzen dela balorean jarri du Larreak, baina era berean, nabarmendu du biziberritze ikuspegitik urrun gaudela hizkuntzaren normalizaziotik. Helduengan eta etorkinengan jarri du arreta.

Soziolinguistika Klusterreko kideek Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte orain gutxi, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Orain gutxi ezagutu dira Hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak, eta titularrak ateratzen hasita, esan genezake azken urteetako tendentziari eutsi diola euskarak, egonkortuta dagoela erabilera. Baina mataza honek baditu nahikoa hari-mutur, Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko Bulego teknikoko zuzendaria azaldu digunez.

Kalean entzun diren elkarrizketatik zortzitik bat izan dira euskaraz. Badira honetan edalontzia erdi beteta ikusten dutenak, besteak erdi hutsa; non kokatuko zinateke?

Gure lana entzunketa aktiboaren bitartez kalean entzuten diren hizkuntzen inguruko datu objektiboak ematean datza, ondoren jendeak bere ondorioak atera eta erabakiak hartu ditzan. Nik esango nuke emaitzak ez direla albiste txarra egonkor mantendu diren aldetik; badira emaitza okerragoak espero zituenik ere, beraz, egoerak gora-behera handiegirik ez duela izan jakiteak, badi onetik zerbait.

Egia da euskararen biziberritze ikuspegitik ez dela nahikoa; martxa honetan euskararen normalizaziotik urrun gaudela esan genezake.

Euskara egonkor mantendu dela ikusita, ikusten duzue nolabaiteko arriskua tendentzia hori mantentzeko?

Behin eta berriro ikusten duguna da faktore askok eragiten dutela euskararen erabileran. Lehen pentsatzen zen haurrak euskaraz eskolatzeak automatikoki zekarrela hauek euskaraz egitea, eta horrekin etor zitekeela gizartearen euskalduntzea; gerora ikusi zen ez zela horrela. 

Gazteengan arreta jarrita, esaten denaren edo uste denaren kontrara, gazteen arteko erabilerak gorakada izan duelako. Zer esan nahi digu honek?

Salaketa puntu batekin begiratu izan diegu gazteei, baina neurketek behin eta berriz esaten digute euskara erabiltzen dutela, bataz bestekoaren gainetik kokatzen direla. Gizartearen parte gisa ulertu behar ditugu gainera; gazte izatea iragankorra da, pasa egiten den adin tarte bat da. Nik arreta gehiago jarriko nuke helduengan; erabilera txikiera helduengan dago.

Maiz esaten da haurrak inguruan direnean, helduek euskarara aldatu ohi dutela hizkuntza, hala egiaztatu duzue neurketa honetan?

Dudarik gabe, euskara gehien erabiltzen diren elkarrizketak haurrak eta helduak nahasi direnean gertatzen dira. Gero datoz haurrak euren artean bakarrik ari direnean, eta gero gainerako adin tarteak. Honek bi gauza erakusten dizkigu: batetik, haurrek gehiago egiten dutela helduekin daudenean, baina batez ere, helduen arteko euskara erabilera da igotzen dena.

Asmoa dugu honetan gehiago sakontzeko; izan ere, berdinen arteko erabilera sozialki oso garrantzitsua da. Pentsa dezagun gazteengan: lagun-artean ibiltzen dira maiz, eta hor euskara gutxiago erabiltzen badute, zer esan nahi du horrek? Galdera identifikatu dugu, baina ez dugu erantzunik momentuz. 

Hiriguneak, edo dentsitate handiko herri-hirietako datuek erakutsi dute euskarak gorakada izan duela erabileran, zer erakusten du bilakaera horrek?

Ezinbesteko direla euskararen garapenean. Abiapuntua txikia zen erabilerarei dagokionez orain hamarkada bat, eta ikustea Donostian bezala, Iruñea, Gasteiz, Bilbon, euskarak baduela presentzia eta igo egin dela azken neurketatik, pozgarria da eta itxaropenerako tartea ematen du. Hala ere, areagotu dadin, egin beharreko ahalegina sekulakoa dela kontziente izan behar gara eta jarri behar diren baliabideak ere handiak.

Hiriburu batzuetan ikusi da ingelesa edo frantsesa bezalako hizkuntzek gaina hartu diotela euskarari; turistifikazioak eragin negatiboa izan dezakeela aurreikus daiteke?

Aintzat hartzekoa da neurketa aurreko udazken hasieran egin zela, oraindik ere pandemiaren murrizketak indarrean zirela, eta beraz, neurketa orain egingo balitz, beharbada aldatu egingo litzateke emaitza. Euskara ez den beste hizkuntzak entzutearen errealitate horretan turistifikazioak badu eragina, dudarik ez; baina honetan ere badu eragina kanpotik gurera bizitzera etorritakoena. Hizkuntza horietan berez ez dugu ikusi gora-behera handiegirik, eta interpretatzen duguna da denbora pasa ahala euren hizkuntza abandonatzen dituztela eta hizkuntza hegemonikoen aldeko apustua egiten dutela.

Migrazioaren gaiak izugarrizko garrantzia du, eta azpimarratzekoa da zein arreta gutxi jartzen zaion; elkarte eta erakunde batzuk ari dira ahalegin batzuk egiten, baina nik uste dut gaia askoz gehiago landu beharko genukeela, jakinda jarraitu egingo duela. Urteak pasatzen ari dira eta beldur naiz beranduegi ez ote den izango. 

Arnasguneetan, aldiz, eman da pausa edo beheraldi txiki bat, honetan baduzue kezka?

Kontuan hartuta eremu hauek direla euskaldunenak, kanpoko edozein eragin edo biztanleria mugimenduk eragin negatiboa dute erabileran. Kanpotik bertara joan daitekeen edozein biztamlek probalitate handia du erdaldunagoa izateko, edo ohitura ez horren euskaldunak izateko. Azken urteetan ikusi da asko ari dela gertatzen. 

Hizkuntza ohiturak aldatzea dugu maiz erronka, horretan oinarrituta eramango duzu aurrera Etxepare Institutuak sustatu duen Alan R King katedrako lehen ikerketa egonaldia, Galesen. Gure egoerak eta galeserarenak, badituzte elkar-puntuak?

Bai, nik uste baietz. Azken urteetan begiz jota genuen galesera Klusterrean, euskararekin antzekotasun asko dituelako. Katalun hizkuntza hurbilago dugu, baina egoera soziolinguistikoa gurearen aldean hobea dela esan liteke; aldiz, bretoierak hiztun gutxi ditu zoritzarrez, euskararen aldean bizi-indar gutxiko hizkuntza dela esan liteke. Galeserak, ordea, baditugu gurearekin parekotasunak: milioi erditik gora hiztun ditu, hizkuntza hegemonikoarekiko alde handia du hizkuntza motari dagokionez, eta gainera, hizkuntza biziberritzeko mugimendua azken hamarkadetan gurearen nahiko antzekoa izan da. 

Aldiz, badugu ezjakintasun handia hango egoerarekiko; horregatik genuen ezagutu beharreko herrialdetzat eta errealitatetzat. 

Zer egin asmo duzu bertan?

Hiru ekintza mota egingo ditut: hitzaldi nagusi bat eskainiko dut hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoen inguruan; bestetik, loturak egiten saiatuko gara hemen egiten dugunarekin eta han egiten denarekin, batez ere aurrera begira aukerak esploratzeko. Mintegi moduko batzuk ere egingo dira zenbait ikertzaileekin, elkarrekin eraikitzeko bideak zabaltzeko asmoz. Eta bertakoei euskara gerturatzeko saio txiki batzuk ere egingo dira. Hau egitarau ofizialari dagokionez, baina asmoa ere bada hango ikerketa soziolinguistikoaren mapa moduko bat osatzea bertako ikertzaileen laguntzaz.