IRRATIA
Entrevista
Ane Alava
Ernaiko bozeramailea

«Gazteok jarraituko dugu gure memoria propioa eraikitzen, benetako herri memoria»

Ernaiko ordezkari batek azalpenak eman beharko ditu Tolosako epaitegian uztailaren 18 honetan, altxamendu faxistaren urteurrenean, iaz Buruntza mendiko tontorrean zegoen gurutze frankista eraisteagatik. Ane Alava gazte antolakundearen bozeramailea izan da NAIZ Irratian euren irakurketa eskaintzeko.

Buruntza mendiko gurutzea eraitsi zuen 2018ko urrian Ernaik. (Argazkia: @Aiurri)

Este navegador no soporta el elemento audio.


2021eko abenduaren 18tik oso bestelako irudia du Buruntza mendiak, azken hamarkadetan zutik iraunarazi zuen gurutze frankista eraitsi zutelako Ernaiko kideek. Gazte antolakundeak hartu zuen bere gain ekintza horren egiletza, eta orain, Abokatu Kristauen Espainiako Fundazioak aurkeztutako kereila tarteko, argipenak ematera deitu dituzte epaitegira astelehen honetan, noiz eta, estatu kolpe faxistatik 86 urte betetzen diren egun berean. Ane Alava Ernaiko bozeramaileak salatu du gazteen aurkako eraso berri bat dela, ofiziala ez den memoria defendatzeagatik. 

Nola baloratzen duzue kereila jarri izana?

Ezustean harrapatu gintuen gu ere. Ez genuen ulertzen oso ongi zergatik orain eta zertara zetorren kereila. Guri zuzenean ez zitzaigun ezer heldu eta esan behar dugu guk ere hedabideen bitartez izan dugula honen berri. Uste dugu haiek ere ez dakitela oso ongi nola kudeatu. Gazteak garenez eta eta gazte antolakunde bat garenez gure aurka egiten jarraitzen dute, helburu politikoekin batez ere.

Ekintza hura, beste herri batzuetan izan diren ikur frankisten aurkako ekintzk bezala, Ernaik aldarrikatu zuen. Zein helburu dute ekintzok?

Gure herrietan ikur frankistak, faxismoari lotutako iruditegia eta hori omentzen duen ezer ez dugula nahi. Gazteok bagoaz bestelako herri memoria, bestelako berrezaugarritze bat eta bestelako eraikitze bat egitera, gure herriko txokoetan bestelako garrantzia emanez historiaren beste parte bati.

PSEko Andoaingo alkate Maider Lainezek esan zuen bere momentuan, behar bada gurutze horrek ez zuela hor egon behar, baina edozein kasutan, andoaindarrentzat balio sinboliko handia zuela. Zer iruditze zaizue?

Ikusi beharko litzateke zein Andoainez ari den alkatea. Egia da horrelakoak historian zehar berrezaugarritzen doazela, baina ezin dugu ahaztu zeintzuk diren ikur hauek, zergatik eraiki ziren eta zergatik jarraitzen duten gure artean. Berak zioen bezala, gurutzeak ez zuen bertan egon behar ikur frankista bat zelako. Guk borroka horretan jarraitu behar dugu udaletatik eta gobernuetatik ez badute egiten.

Bizitzaren kasualitateak izango dira beharbada, baina 86 urte dira gaur Estatu kolpetik eta gaur deitu zaituztete deklaratzera ikur frankisten aurka egiteagatik, hori ere bada esanguratsua.

Guri ironikoa ere iruditu zitzaigun. Ez dugu ahaztu behar Ernairen dinamika ez dela soilik gurutzeak botatzea, baizik eta herri memoria aldarrikatu izan dugula ikasturte osoan zehar. Eta horrekin amaitu nahiko genuke, kurtsoaren amaiera eta urteurren hau probestuz, mezu hori helaraziz: gazteok jarraituko dugu gure memoria propioa eraikitzen, benetako herri memoria. Transmisio lan hori egiteko erreminta izango da Ernai, baita faxismoaren aurka borrokatzeko ere.

Ikusteke dago zer emaitza izango duen gaurko deklarazioak, kereilak aurrera egingo duen eta azkenean epaiketa izango ote den, edonola, Ernaitik aurrera segiko duzue gune hauek seinalatzen?

Noski jarraituko dugula horrelakoak seinalatzen. Kaleetan, ikastetxeetan eta behar den leku guztietan izango gara.