IRRATIA

Udako oporraldia iritsi da ‘Zarata‘ tartearentzat

Bigarren denboraldiz astero-astero kantu hautaketa fina egin digu Iker Bárbara Zarata MondoSonoro aldizkariko arduradunak. Orain atsedena hartzea dagokio.

Sharon Stoner talde oñatiarra Resurrection Fest jaialdian aritu zen uztailaren 2an. (SHARON STONER)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Uda sasoia berezia izaten da guztiontzat, baina baita musika arloko langileentzat ere. Izan ere kontzertuz betetzen da Euskal Herriko txoko bakoitza eta jaialdien sasoia ere martxan jartzen da. Hala, ‘Zarata’ tartea azkenekoz egin genuen ekainaren 28an, Iker Bárbarak uda sasoia nahieran gozatu dezan.

Lau proposamen ekarri zizkigun azken tarterako. Sonic Trash taldearen zuzeneko kantu batekin hasi du azken tartea: «Akustikoan eta formatu berezian aurkeztu du Sonic Trashek bere kantua Oskar Benasekin. El Submarino Records estudioetan abiatu den ziklo baten lehen kantua dela dirudi eta The Magnetic Fields taldearen 1969ko kantu bat aukeratu dute Sonic Trashekoek».

Bigarrena izenez eta soinuz aldatuta datorren Bilboko proiektu bat izan da, Unai Madariagarena: «'The living and dying of a man' disko interesgarria kaleratu zuen bakarlari moduan eta orain izena aldatuta dator Unai. EZEZEZ deitzen da proiektua eta ukitu punkagoa duela esan genezake haren musikak. Gainera, bakarlari izatetik talde formatura pasa dela dirudi». 

Alai tolosarraren kantu berria ere ekarri digu Bárbarak. «Proposamen interesgarria da eta atentzioa ematen du guztia berak sortzen duela. Abangoardiako elektronika egiten du eta bide luzea duela aurretik esango nuke», azaldu du Bárbarak.

Bukatzeko, Sharon Stoner Oñatiko hirukoaren kantu berriena ekarri du. «Resurrection Festen jo behar zutela-eta, ospakizun moduan bi kantuko EP bat kaleratu dute Sharon Stonerrekoek, ‘Vol. 5’ deiturikoa. Bi kantu dotore dira atera dituztenak», bukatu du kazetari bilbotarrak.

Hauek dira, beraz, urteko azken tarteko lau abestiak:

– Sonic Trash ft. Oskar Benas - Book of love

– EZEZEZ - Again & again

– Alai - Tied up too long

– Sharon Stoner - Izan hare