«Autokritika egin behar genuke, errebisionismo sano bat, eta gure buruak barkatu»
«Bereziki, feminismoak ekarri du elkar zaintzearena, samurtasun beharra» dio Lander Garro ‘Tipularen Sehaska Kanta’ dokumentalaren zuzendariak. Irakaspen hori, «emozioak jorratzearena», filmean oso presente dago, «behar bada, Euskal Herrian bizitako gatazkan faltan bota da emozioen jorratzea».
Este navegador no soporta el elemento audio.
Espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azalera ekartzen duen filma da Lander Garroren ‘Tipularen sehaska kanta’. Lau hilabete bere estreinalditik, eta denboraren igaroak ematen duen perspektibarekin, patxadaz, zuzendarirekin hitz egin dugu 'Etxerako Kunda' saioan. Espetxeetan dagoen zaintza faltaz eta baita beste eremuetako zaintza beharraz aritu da Garro.
Zerk bultzatu zintuzten zu eta Kepa Etxeberria gai honi buruzko dokumentala egiteko?
Sare elkartearen eskakizun bat izan zen ‘Tipularen sehaska kanta’, interes berezia zeukaten preso gaixoen gaiarekin, agenda politikoetan sartzea asko kostatzen den gaia baita. Zerbait larria gertatzen denenean, zoritxarrez, komunikabideak hurbiltzen dira gaira, baina, tartean, gorderik dagoen gai bat da. Nire ustez bista handiz eta ikuspegi eta irizpide interesgarriekin erabaki zuten dokumental hau egitea. Nik partikularki gaixotasunaren esperientzia ezagutzen dut, badakit zeinen latza den kartzela barruan egon eta zure gorputza hauskorra dela jakitea, eta sentitzea testuinguru arrotz batean zaudela. Eta hori guztia jakinda, iruditu zitzaidan gai polita zela, hari mutur asko zituela horrela ekin nion dokumentalari.
Kartzela ona balitz osasunerako...ez legoke kartzelarik.
(kar kar kar) Bai bai, izan daiteke! Gauza harrigarria da. Kartzela barruan, osasuna da xantaia egiteko elementu permanente bat da. Momentuko arduradunen erabaki arbitrarioen esku dago. Moduluan ez dago medikurik, medikuak etorri behar dute, eta etortzeko aginduak eman behar dira. Osasungintza gai delikatua da eta izugarri politikoa.
Foncaleteko pasarte batekin akordatu naiz. Egunero mediku bat etortzen zen botika banatzera, «¡reparto de chuches!» esaten zuen.
Bi gauza ikusten ditut hor. Alde batetik, gaia banalizazio bat, eta filmean ere Kepa Etxebarriak kontatzen du, ematen dela muturreko medikazioa , batez ere, arima eta buruaren gaitzak sendatzeko. Hortik aurrera, utzikeria dago. «Txutxeen» atzean, alpistea dago, oiloak zarete, eta tori, har itzazue zuen lasaigarri guztiak. Bestetik, errespetu falta bat ere badago. Kartzelaren beste ezaugarri bat da hori, eta behar bada, lotura du hitz egiten ari garen guztiarekin. Zaintzaileak espetxean dagoen kolektiboarekiko mespretxua du.
Dokumentaleko kartelean, labirinto bat agertzen da.
Kartelerako labirintoa erabili genuen presoaren eta zaintzaren artean dagoen bidea irudikatzeko, oztopoz beteta dagoela irudikatzeko. Benetako labirintoa, non badakizu noiz sartzen zaren baina ez non aterako zaren. Ibon Fernandez de Iradiren kasua aipatzen da pelikulan. Preso bat gaixotzen denean, bere ustezko delituengatik erakundeen erabakitzen dute preso hori ezin dela askatu eta nahiz eta medikuek esan baietz, nahiz eta epaile batek esan baiez preso jarraitzen du. Linbo juridiko batean dago presoa...Presoaren bizitza bera jartzen da arriskuan. Kalean, gaixotasuna da ikara iturri bat, angustia iturria da. Gaixotasun batek heriotzarekin hizketan jartzen zaitu eta horrek beldurra ematen du. Nik ez dut pentsatu nahi zer esan nahi duen gaixotasunak Ibon bezalako pertsona batentzat...
Emozioek leku handia hartzen dute filmean. Tipularekin bezala egin dugu negar hainbat irudi eta kontakizunekin...
Niretzako zinemak duen abantaila nagusia hori da, emozioak zumitzea, lokatza bezala erabiltzea nahi diren irudiei forma emateko. Dokumental honek kazetaritzatik harago joateko aukera eman dit. Ezkerrak, Euskal Herriko ezkerrak irakaspen asko ditugu urte hauetako dinamikagatik. Bereziki, feminismotik dator, elkarri zaindu behar hori, samurtasunarena. Eta pelikulak asko jasotzen du hortik. Ez modu kontziente batean, gehiago da zuekin hitz eta gero, kazetariekin hitz egin eta gero, solasaldiak eta gero sortutako gogoeta bat. Baina oso presente dago irakaspen politiko hori, emozioak jorratzearena. Behar bada, Euskal Herrian bizitako gatazkan faltan bota da emozioen jorratzea...
Hor dago Ana Lizarralderen testigantza. Espetxeak gerora uzten dituen ondorio larriei buruz...
Bai, oso inportantea da hori eta oso lotuta dago hitz egiten ari garenarekin. Edozeinek esaten badizu ondorio fisikoak geratu zaizkizula, jendeak ulertzen du. Baina, kartzelako esperientziaren ondoren, estres postraumatikoa duzula esaten baduzu, ba esango dizute hori denborarekin sendatzen dela, joateko mendira edo egoteko lagunekin...eta listo. Pelikulak hor jarri nahi du lupa eta Anaren kasua oso adibide ona da berak oso ongi esplikatzen duelako. Euskal herrian gai ezaguna da hau, baina aldi berean, ezezaguna, ñabardura asko daudelako ezagunak ez direnak gure kontakizun intimoan, eta ez naiz ari errelatoaz...
Garai batean eustera ohitu ginen.
Bai, eta badu logika puntu bat. Dokumentalean agertzen den Maritxu psikologoak dio, eta logikoa da, euskal presoen kolektiboak momentu batean aldarrikatu behar zuela gogortasuna. Bazegoelako premia bat suntsiezin agertzeko, eta ez familiakoen aurrean bakarrik. Nork bere kartzelari irmotasuna erakutsi behar zion, hauskortasuna tabua zen. Hor autokritika bat egin behar genuke, errebisionismo sano bat, eta baita gure buruak barkatu ere. Testuinguruak asko baldintzatu zuen prozesua sanoago bat ez eraman izana.
Eta zer nolako harrera izan du pelikulak?
Ba izandako harrerarekin oso pozik gaude. Izugarri mugitzen du gai honek, eta ikuslea interpelatzen du oso modu bortitzean. Ez dakit nola esan, astindu egiten zaitu pelikulak, igual ez dago ondo nik esatea, baina hori transmititu didate ikusleek. Presoen gaia, agenda politikoan eta sozialean txertatzea zaila da momentu honetan. Niretzako mingarria da hori, eta gustatzen zait esatea, ez da polita baina zintzoa izatea gustatzen zait: pixkatxo bat ahaztuta ditugu presoak gizartean.
Zerrenda berri batean sartu zaituzte zure liburuarengatik...
Bai...eta sorpresan hartu ninduen. Iruñean ‘Faith’ liburuaren aurrezpena egin nuen eta Covitek dio terrorismoaren zuritzea egin dutela. Umorez hartu nuen hasieran, baina gero erantzun serio bat merezi duela pentsatu dut. Hor badago jazarpen politiko bat eta erakunde horiek guztiak horretan geratu dira, poliziaren aintzindari-talde dira eta hor dabiltza ikusiz nor ari den zertan, eta bat batean zerrenda batean zaude. Horrelako salaketa publiko arriskutsu bat egiten dizute. Badago behar bat irmo jartzeko, beraien tesiak eztabaidatzeko. Literaturaren oinarria ulermena da, bizitza ulertzeko premia. Pentsa noraino liburu honek egiten duen bizitza ulertzeko ahalegin bat, torturatzaileak pertsona gisa agertzen direla. Bizitza eta gatazka politikoan ulermen ariketa bat egiten behar da. Terrorismoaren zuriketa bat egiten dutela diote, baina nik esan diet poliziarena egiten dutela. Baina ez dut poza sentitzen horrelako gauza baten aurrean, gehiago da amorrua.