IRRATIA
Entrevista
Anaiz Funosas
Bake Bidea

«Mendekuan oinarritzen den politika hori ez dugu onartuko»

Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasun eskaria onartu, baina fiskaltza antiterroristaren helegiteak behin behinean eten du. Anaiz Funosas Bake Bideako kideak «bizi osoko kondena dela» salatu eta jarrera honen aurrean Ipar Euskal Herria «blokeatzeko» deia egin du.

Iragan ekainaren 11an Baionan eginiko mobilizazioa Esnal eta Parot anaiak berehala aska ditzatela eskatzeko. (Bob EDME)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Seigarren aldiz egin du Ion Kepa Parotek baldintzapeko askatasun eskaria eta momentuz uko egin diote. Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak onartu bai, baina Fiskaltza Antiterroristaren helegitea medio behin behinean eten da. Maiatzaren 13an izan zen ahozko saioa eta prokuradoreak «goizegi» zela baldintzapeko askatasuna emateko esan zuen. Ion Kepa Parotek 71 urte ditu eta 32 urte daramatza preso.

Bake Bideako Anaiz Funosasek gogor jo du erabakiaren kontra. Fiskaltzak bere sorreratik duen jarrera gogorra mantentzen du: «segitzen du oztopoak jartzen eta preso politikoen auzian mendeku politikarekin. Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalen kasuan bizi osoko kondena dute praktikan. 2019an sortu zenetik posizio politiko jakin bat du, gogorra», salatu du Funosasek.

Auzitegiek, lehen instantzian aintzat hartzen dute Euskal Herriko gatazkak izan duen bilakaera, baina «horma fiskaltzak jartzen du», ohartarazi du. Bake Bideako lagunaren ustetan Macronen eta bre gobernuaren jarrera agerian dago, «ez dira egiten ari behar den lana».

Euskal Herrian gatazkaren ondorioei aurre egiteko eta presoen auzian konponbiderako dagoen adostasuna ikusirik, «ez da onargarria» horrelako jarrera izatea Funosasen esanetan. Hala, desobedientziarako deia egin eta bakearen alde «arriskatu» behar dela nabarmendu du. «Mendekuaren» gainean oinarritzen den politikari aurre egiteko uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatzeko deia egin dute. Argitu duenez, datozen egunetan emango dituzte xehetasunak ezagutzera.