«Gero eta gorago ibiltzen gara, tokiko erronkak aurrera eramanez lortuko dugu»
Frantziar legegileen bigarren itzulirako boto kontsignarik zehaztu gabe, EH Bairen emaitzak «baikorki» baloratu ditu NAIZ Irratian koalizioko hautagai izan den Peio Dufauk. 3000 boto gehiagorekin, uste du haien alde bozkatu dutenek «lurraldearen aldeko borroka» saritu dutela.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Peio Dufau izan da EH Bairen hautagaia frantziar Estatuko Hauteskunde Legegileetan, hegoaldeko Lapurdi eta Biarritz bere gain hartzen dituen seigarren hautesbarrutian. Hirugarren postuan zerrenda ezkertiar eta macronistatik urrun gelditu badira ere, hainbat gako nabarmendu ditu Dufauk. Pariseko alderdi handiek monopolizatutako kanpaina batean, abertzaleak boto kopuruan hazteko gai izan direlako agenda Ipar Euskal Herrian oinarrituz.
Ez da posible izan bigarren itzulira igarotzea, baina emaitza ikusgarriak lortu ditu EH Baik. 3.500 boto inguru gehiagorekin hirugarren indarra zarete. Nola baloratzen dituzue emaitzak?
Nahiko baikorki baloratzen dugu. Bazen esperantza bigarren itzulira pasatzeko seigarren hautesbarrutian, baina ez da lortu. Hemen eztabaida eta lana aurrera eraman da biziki ongi. Ikusten dugu Parisetik heldu dela NUPES frontearen mugimendua. Hauek kanpaina oso ona egin dute Parisen, aldiz, bertan batere. Ikusten da Pariseko logika bat gailentzen dela horrelako hauteskundeetan hemen ere.
Baina sekulako gorakada izan dugu berriz ere. Gero eta gorago ibiltzen gara, Ipar Euskal Herriko ezkerreko lehen mugimendua gara. Lanean segitu behar dugu eta tokiko erronkak aurrera eramanez lortuko dugu.
Ezker hexagonalak izan duen bultzada aintzat hartuz, nola azaltzen du EH Baik hain emaitza onak lortu izana?
Eguneroko lana alde batetik: mobilizazioak badira egunero, euskararen alde, laborantza lurrak babesteko... eta horrekin batera duela bi urte hartu genituen herriko etxeetan egindako lana hortxe dago. Iaz ere hauteskunde departamentalak izan ziren eta hor lehen ezkerreko indarra izan ginen. Gorakadak segitzen du beraz. Jendeak ikusten du zein borroka eramaten den: lurraldearen aldeko borroka lotzen da EH Bairekin eta horregatik jarraitzen dugu hazten.
Kostaldean barnealdean baino gehiago sufritzen dugu. Hendaian ala Biarritzen emaitza txarragoak ditugu, Saran aldiz, lehen indarra gara.
Kanpainan zehar landu dituzuen gaiak sozialak izan dira bereziki: euskara, etxebizitza ala bake prozesua. Zer mezu pasako zenieke bigarren itzulian lehiatuko diren hautagai ezkertiar eta macronistei?
Gu ezkertiarrak garela baina euskaldunak ere. Ezkertiar gisa ez diogu Macroni sostengurik emango, mina egin diolako Euskal Herriari euskararen egoera txartu delako. Aldiz NUPESekin ere arazoak ditugu, euskararekin ala bake prozesuarekin. Lurraldearen arazoekin ez dute bat egiten. Zaila da hautu bat egitea eta norbaiti bultzada ematea. Denon artean erabakiko dugu baina ezkertiar eta euskaldun gisa zaila da norbaiti botoa ematea gaur.
Zein izango da erronka hemendik aurrera?
Baditugu arazo larriak mahai gainean. Azterketak ezin dira gehiago egin euskaraz ikastetxeetan. Bake prozesua ere hortxe dago. Karrikan izan ginen pasa den larunbatean 32 urte daramatzaten presoen askatasuna aldarrikatzeko. Etxebizitzaren gaia ere jorratzen jarraituko dugu. Pil-pilean dagoen gaia da eta aterabidea eman behar zaio. Nahiz eta diputatu ez izan lanean jarraituko dugu erakusteko beste bide bat badela.
Parisetik ukazioa heldu da gai anitzetan zuk aipatu bezala. Zentzu horretan zer espero duzue heldu den ekainaren 19an hasiko den legealdi berriari buruz?
Ez dakigu egia erran, zaila da aurreikustea. Baina esango nuke datorren aldaketa karrikatik helduko dela. Bigarren itzulian egongo diren hautagaiek ez dituzte gai horiek eramango Parisera. Hemendik bultzadak eman beharko dira hautetsi horiek euren lana egin dezaten. Esan bezala, karrikatik eta jendartetik mobilizazioa sortuko da eta horri esker mugituko dira gauzak, bestela, deus ez.