IRRATIA

Urtea bukatzerako disko berria kaleratuko du Esne Beltza taldeak

Bihar, ekainak 3, kontzertu berezia eskainiko du Esne Beltza taldeak AMAK taldekoekin batera Bilboko Kafe Antzokian. Kontzertu horren aitzakian, Xabi Solano MusikHaria saioan izan da eta Esne Beltza disko berriaren grabaketan murgilduta dagoela aurreratu digu Ereñozuko trikitilariak.

NAIZ kontzertuetan, pandemia garaian, jendea zutik zela azken saioa eman zuen Esne Beltzak. Gaizka PEÑAFIEL | FOKU

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ekainaren 3a berezia izango da Esne Beltzarentzat, izan ere AMAK proiektuarekin batera emango duten azkena izango delako, Piniren agurra eta Patxukoren itzulera izango delako eta Bernat Etxepare Lizeoaren aldeko kontzertua izango delako. Gainera, lizeoko dantzariak ere izango dira Kafe Antzokian 23:00etan hasiko den kontzertu horretan.

Esne Beltzak bere ohiko formara egingo du buelta beraz, eta, Xabi Solanok aurreratu digunez, 2022a bukatzerako disko berria izango da kalean: «Aste Santuan itsasoa gurutzatu eta Estatu Batuetan izan nintzen Rafa Sardinarekin gauza batzuk grabatzen eta udan bigarren aldi batez joango naiz bertara. Hala, uda honetan ez da Esne Beltzaren kontzerturik izango, diskoa prestatzeko lanetan arituko garelako».

Horrez gainera, Solanok bere bakarkako proiektuari ere etena emango dio. Kimua dantza taldekoekin egin duen birako azken geldialdia Aristerrazun izango da eta gonbidatu bereziak izango dira bertan. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko. Horren harira, aipatu digu bere izenean kantu berri bat kaleratuko duela ekainaren erdialdean, baina horren zain geratu beharko dugu.

Kontzertu berezia ekainaren 3an

Esan dugun bezala, ekainaren 3ko kontzertua berezia izango da. Bernat Etxepare Lizeoaren handitzeko lanak finantzatzeko Euskal Herriko 1000 erliebedun mapa jarri zituzten salgai eta 200 inguru geratzen dira saltzeko. «Kantu bat sortzeko eskatu ziguten guri horren harira eta elkarrekin sortu genuen Esne Beltza eta AMAK taldeek ‘Mapa bat baino gehiago’, aurretik kantu batzuen moldaketak baitziren grabatu genituenak. Banako bat da, Etxepare Lizeoan dantzari finak baitira eta haiek parte hartzea nahi genuelako. Banakoan zazpi herrialdeak irudikatu nahi izan ditugu, mapa horrek zazpiak bat garela adierazten duelako. Hala, azken 200 aleak Bilbon izango omen dira salgai eta kontzertura bertaratzera gonbidatzen ditugu guztiak. Iparraldeko ikastola baten festa Bilbon izateak erronka izaera hartzen duelako, baina Bidasoaren bi aldeak bat egitearen irudikatzea ere badelako», kontatu digu Solanok.

2021ean elkarrekin egin hasi zuten bidea AMAK eta Esne Beltzak, pandemiari aurre egiteko proposamen desberdin bezala. «Aspalditik ezagutzen ditudan lau neska puska dira eta ilusioa egiten zigun haiekin egotea. Baina erronka bat ere bazen, taldeak formatu murriztuetan ari ziren eskaintzen beren proposamenak, eta, guk, murriztu ordez, handitu egin genuen gurea. Hamahiru lagun oholtzan, neurriak betez eta abar. Ongi joan da, pozik gaude, baina bakoitza bere ohiko formatura itzultzeko garaia da», aipatu digu Ereñozuko trikitilariak.

Esne Beltzak eserita egotetik zutik dantzatzeko kontzertuetara itzulera egingo duen honetan, gainera, aldaketa bat ere izango du taldean: «Pinik lan kontuak direla eta taldean ezingo zuela jarraitu aipatu zigun, beti izango da familiakoa eta kantu batzuk beti eramango dute bere izaera. Baina albiste horri buelta emateko, Patxukok bueltan gurekin egoteko aukera bazela esan zigun eta Bilboko emanalditik dagoeneko oholtzan izango da. Berak abesten zituen kantu horiei heldu diegu berriz eta entseguetatik erokeria hutsa izan da dena, bazter guztiak jo ditu energia askatuz dagoeneko Patxukok».

Festa handia, beraz, Bilbon aurreikusten dena. Harpidedunen txokoan gaur, ekainaren 2a, azken aukera duzue zozketan parte hartzeko, bihar jakinaraziko baitugu nortzuk eskuratuko dituzten bost sarrera bikoitzak.