IRRATIA
Entrevista
Hibai Muniozguren
Lobak taldeko kidea

«Etenaldia egin, oroitu eta gogoetarako», ozen entzungo da Astrako sirena Gernikan

Apirilak 26an, arratsaldeko 15:45etan, Astrako sirena lau minutuz entzun daiteke. Gelditzeko deia egiten dute Lobak elkarteko kideek. Bertan, arma fabrikako sirena martxan jartzen dute. 1937an, bonbardaketen berri eman zuen sirena bera.

Hibai Muniozguren Astrako babeslekuaren parean. (NAIZ Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


2005ean, Astra okupatu ostean, eskuratu zen sirena. Hiru gazte teilatura igo ziren galtzeko arriskuan zegoen sirena berreskuratzeko. «Okupatu genuenean, ez genekien benetan 1937ko sirena bazen. Hiru gazte igo ziren teilatura eta sirena askatu eta jaistea lortu zuten», azaldu du Hibai Muniozgurenek.

Sirena berreskuratu zuten gazteek «suposatzen» zuten sirena 1937. urtean erabili zela, baina hura ikerketen bidez frogatu behar zen. «Txapa bat dauka sirenak eta hor jartzen duen bakarra da La Electricidad». Hainbat saiakera burutu ostean, Genis Ribe historialariaren laguntza ezinbestekoa zen. Berak frogatu zuen sirena Sabadellgo La Electricidad enpresan egin zela.

Sirenaren jatorria guztiz zehazturik, desmuntatu eta zaharberritu zuten. «Aztertu zuten, desmuntatu, garbitu, piezaren bat erreparatu eta berriz muntatu. Kable batekin modu errazean aktibatzeko modua ipini zen». Baita berdez margotu, Gernikako gazte asanbladaren kolorea.

Sirena jotzeko ardura
Lehen urteetan, Lobakeko kideek pizten zuten sirena. Aldiz, Foruria familiak hainbatetan izan du sirena pizteko ardura, 1937an Antonio Foruria Astrako atezainak aktibatu baitzuen sirena, bonbardaketaren berri emateko. Semeak eta bilobek piztu izan dute.

Aurten, Ina Robles joko du sirena, Bilboko Portuan, Saudi Arabiarako arma bidalketan parte-hartzeari uko egin zion suhiltzailea. «Bakearen aldeko duen konpromisoari errekonozimendua egingo diogu. Gerraren kontrako diskurtso bat lantzen du eta uste dugu garai honetan garrantzitsua da», azaldu du Hibai Muniozgurenek. Berarekin batera Ukrainatik Gernikara iritsi diren errefuxiatuak egongo dira.