Ukrainar errefuxiatuen integrazioa du helburu Lakuak
2.000 inguru dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara iritsi diren errefuxiatu ukrainarrak. Pertsona hauek bizi duten egoerari, eta egun dituzten beharrei begira jarri gara Xabier Legarreta Lakuako Migrazio Zuzendariarekin.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Pasa den astean errefuxiatuei harrera egiteko Lakuako gobernuaren jarraipen mahaiak ebatzitakoa berretsi du Naiz Irratian Xabier Legarreta Migrazio Zuzendariak. Harrera planari dagokionez, egoera egonkorra da. Ez dute espero gorakada handirik etorreretan, are gehiago, azken astean zertxobait egin du behera estatu mailako sisteman izena emanda daudenen kopuruak.
Errefuxiatu ukrainarrei babes ofiziala emateko eskumena, estatuarena dela ekarri du gogora Legarretak. Kontua da gurera heldu diren migratzaile gehienak ez daudela estatuko Harrera plan ofizialean izena emanda. Pentsatzekoa da horietako gehienek bertako herritar sarearen baitan jaso dutela babesa, harrera familien bidez esaterako.
Egiari zor, aipatutako 2000 errefuxiatuko kopurua aurreikuspen bat baino ez da, ez baitago zerrenda zehatzik. Legarretak baieztatu du jakin badakitela EAEn errotutako ukrainar askok gertukoak eta senideak ekarri dituztela. 3000 ukrainar inguru bizi ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gerra hasi baino lehen, horien erdia, Gipuzkoan.
Legarretak emandako datuen arabera, EAEra iritsi direnen artean 1800 inguru dira jada nazioarteko babesa jasoa zutenak, 1500 inguru osasun txartela eskatu dutenak eta 400dik gora eskolaratu diren haurrak, gehienak Gipuzkoan. Dio Lakuako Migrazio Zuzendariak helburu nagusia orain pertsona hauen integrazioa dela. Edonola, zaila da une honetan zehaztea zenbatek erabakiko duten gurean errotzea eta zenbatek itzultzea. Gerraren garapenak zehaztuko du hori Legarretaren esanetan.
Ukrainar errefuxiatuei harrera egiteko Lakluako jarraipen mahaia aste honetan bertan programa ezberdinekin hornituko dutela ere azaldu du Legarretak, tartean laguntza ekonomikoak iragarri ditu.