«'Etsi' hitzaren polisemia liluragarria iruditzen zait»
Ostegunean poesia errezitaldia eskainiko du Maialen Berasategi itzultzaile eta idazleak Zarauzko Garoa liburu dendan, 'Bihar ez bada, etsi' izenburupean. Iaz argitaratu zuen 'Eskuan beti zerbait' poema liburua eta hango testuak izango ditu eskuartean, baita publikatu gabeko beste altxor txikiak ere.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«'Etsi' hitzaren polisemia liluragarria iruditzen zait. Beti konnotazio negatiboekin lotzen dugu baina badu ikuspuntu onik ere, konformatzearena akaso», aitortu du Maialen Berasate idazleak Bigarren Kafea saioan.
Konturatu gabe zegoen bere lanetan etsiak presentzia handia zuela. 2021ean argitaraturiko 'Eskuan beti zerbait' liburuko poesiak eta harrezkero idatzitako beste batzuk bilduko ditu osteguneko emanaldian. «Jada urruti ikusten dut argitaraturiko liburua. Hura argitaratutakoan idazten jarraitu nuen eta badaukat eduki berria. Egindako lanari ez diot inolaz uko egin nahi baina aurreragoko kontuei ez diet muzin egin nahi».
Emanaldiaren tituluak iluntasuna iradoki dezake baina bere helburua jolastea dela adierazi du. «Idazten hasi nintzenean modu serioan baina jolastea zen helburua eta osteguneko bidaiatxoan, handia izan nahi duen eta handia izan arte etsiko ez duen haur baten paperetik hasiko dira eta hortik abiatuta hainbat uhartetatik ere pasako dira. Guztia ez da serioa izango, umoreak ere izango du bere lekua».
Ostegunean eskainiko duenaren aurrerapen txiki bat egin digu Maialen Berasategik Bigarren Kafean.