IRRATIA

Agus Hernan (Foro Soziala): «EPPK-ko kideei esango nieke eusteko hasi duten bideari»

Euskal presoei buruzko txostena entregatu dio Foro Sozialak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Agus Hernan koordinatzaileak berretsi du hainbat epaile eta fiskal bunker batean bizi direla baina EPPK-ko presoei hasitako bidean aurrera jarraitu eta baimen eskaeren ezeztapenak ondo aztertzeko eskatu die.

Agus Hernan, Foro Sozialeko koordinatzailea. (@ForoSoziala)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Auzitegi Nazionalari, Fiskaltza Orokorrari, alderdi politikoei, kolektibo ezberdinei, HEHko gobernuei, EPPK-ko arduradunei eta EAEko espetxeetako zuzendariei entregatu die Foro Sozialak euskal presoen egoerari buruzko txosten monografikoa. Egoera zein den argi zehaztea oso garrantzitsutzat jo du Agus Hernan koordinatzaileak. Eta une honetan elementu zentrala da Auzitegi Nazionala, espetxeetako zaintza batzordeen iritzien aurka, presoen baimen nahiz hirugarren gradurako eskaerak «modu sistematikoan» atzera botatzen ari dela.

Legea, ordea, argia da. Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak zehazten du presoen birgizarteratzea dela espetxe politikaren funtsa. Baina legeak dioena dago batetik eta ekintzak daude bestetik. Gaur gaurkoz euskal presoei ez zaie birgizarteratzea onartzen, tartean bigarren graduan egonik irteera baimenak ukatzen zaizkie.

Auzitegi Nazionala da presoen irteerak blokeatzen ari dena, espetxeetako zaintza batzordeen iritziaren aurka. «Sekula gertatu ez dena» da,  botere judiziala justizia administrazioaren aurka ari baita. Gainera, presoei ibilbide indibidualak eskatzen zaizkien bitartean, Auzitegi Nazionala presoei era kolektiboan erantzuten dela deitoratu du Hernanek.

2021. urte hasieratik 76 bat baimen eskaera bota ditu atzera Auzitegi Nazionalak. Sanchezen Gobernuak martxan jarritako «politika berria» oztopatzeko nahia ikusten du Hernanek, funtsean, bizikidetza demokratikoaren aldeko urratsak oztopatzeko nahia. Blokeo egoera honen arriskuez ere ohartarazi du. Gatazka ororen konponbideak berriro ez errepikatzeko bermeak behar dituela gogoratu du eta presoei birgizarteratzeko eskubidea ez errespetatzeak ezinezko egiten duela berme horiek sortzea. «Epaile batzuk suarekin jolasten ari dira», ohartarazi du.

Foro Sozialeko koordinatzaileak badaki EPPK-ko presoak frustratuak sentitu daitezkeela, baina eusteko eskatu die, hasitako bidean aurrera jarraitzeko. «Normala da frustratzea bi edo hiru aldiz ezetza jasotzen dutenean eta beti argudio ideologikoak erabilita baina hau da bidea, esango nieke aurrera egiteko, eusteko». Bide honetan eskaeren ezeztapenak eta berriki Lakuako gobernuak onartu dituen hirugarren graduen kasuetan bildutako argudioak zehatz mehatz aztertzeko eskatu die. «Euska Jaurlaritzak duela gutxi hirugarren gradurako zortzi kasu onartu ditu eta zazpi ez dira errekurritu. Badakigu gobernuaren argudioak oso sakonak direla eta oso ondo eraikiak daudela. Atzean zazpi pertsonen ibilbideak daude eta eman dituzten urratsak, urratsek ere emaitzak ematen dituztelako. Ondo aztertu ezetzak, abokatuekin ikusi zer egin behar den kasu bakoitzean eta aurrera, konbentzimendua dugu hori dela bide onena».