«Angelu batean euskaldunak elkar gurutzatzea ez da hain erraza»
Angelun euskarak bizi duen egoera, zaila da, hiria bera demografikoki zein geografikoki «konplexua» delako, Bea Salaberri AEK-ko irakaslearen arabera. Horrek ez du esan nahi egoera iraultzeko borondaterik ez dagoenik, gora egin baitu Angelun euskara ikasteko hautua egiten dutenen kopuruak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Larunbat arratsalde honetan (apirilak 9) zeharkatuko ditu Korrikak Lapurdiko hiru hiri nagusiak: Baiona, Angelu eta Biarritz. Angelu da gaur egun ia 40.000 biztanlerekin Lapurdiko bigarren hiririk populatuena. Bertan euskararen presentzia ez da beste toki batzuetan bezain «agerikoa» Bea Salaberri AEK-ko irakaslearen arabera, «Angelu batean euskaldunak elkar gurutzatzea ez da hain erraza». Baina egoera iraultzeko asmoz Ipar Euskal Herriko beste toki askotan bezala, Angelun ere herri mugimendua euskararen eta euskal kulturaren alde antolatzen ari da. «Bada euskara ikasi nahi duen publiko bat» nabarmendu du Salaberrik.
Tivoli kultur zentroan ematen dituzte klaseak Angelun. Bertako ateak zabaldu dizkio AEK-k Naiz Irratiari euskarak Angelun duen egoeraren eta garapenaren berri emateko.