IRRATIA

Galder Gonzalez wikilariaren kantu kuttunak

Galder Gonzalez wikilaria izan da aste honetako Doinuetatik Haratago tarteko gonbidatua. Ohi bezala, bere abesti kuttunetako lau aukeratu ditu, eta Naiz Irratiko entzuleei azaldu die haiek gogoko izatearen arrazoiak.

Galder Gonzalez elkarrizketatu dugu 'Doinuetatik Haratago' tartean. (Theklan)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Musika progresiboarekiko zaletasuna antzeman daiteke Galder Gonzalezek aukeratutako kantuetan. Gorazarre egin die osotasuna duten diskoei, eta kasualitatea-edo, lau abesti horietako hiru dira diskoari amaiera ematen diotenak.

Itoizen 'Ezekiel: Ia maitasun kantu bat' kasua da hori; 1980. urtean argitaratutako 'Ezekiel' lanari amaiera ematen dio. Gonzalezek ez du zalantzarik, bere aburuz, «Itoiz da egon den euskal talderik onena». Gogora ekarri du atzerrian Itoizen rock progresiborako joerak izandako arrakasta, BBC kateko esatari bateko anekdota barne. Uharte bakartu batera eramango lituzkeen rock progesiboko hamar diskoen inguruan galdetu ziotenean, ziur zuen bakarra 'Ezekiel' zela azaldu zuen esatariak.

'Ezekiel: Ia maitasun kantu bat' ez da diskoko abestirik ezagunena, baina Gonzalezen aburuz, badu zerbait berezia, eta bada arestian aipatutako diskoen osotasunaren kontzeptuaren adibide bat. Itoizetik, Anarira. Eta berriro disko bat isten duen abesti batera: 'Amua'. «Momentu tristeetan ez ezik, askotan entzuten» du kantu hori Gonzalezek. Bizi izan zuen aldaketa garai batean «indar animikoa» eman zion lasai hasi eta energia handia duen Anariren abestiak.

Espainiako rockera egin du jauzi Gonzalezek hirugarren abestian, Extremoduroren 'Segundo movimiento: lo de fuera'. 'La ley innata' diskoko kantua da, eta Gonzalezi bereziki gustatzen zaio lan hori, nahiz eta solasadian aipatu dituen 'Pedrá' eta beste batzuk. Aitortu du hasierako entzunaldian ez zuela «konbentzitu» baina entzun ahala, gero eta gustukoago bihurtu zitzaion. Extremodurori buruz hitz egiterakoan, 'La ley innata'-ren aurkezpen biran BEC-en ikusitako kontzertuaz gogoratu da, izan ere emanaldi gogoangarria izan zen hura, hiru ordu eta pikukoa. Hiru zatitan banatutako zuzenekoa izan zen, eta erdiko tartean 'La ley innata' oso-osorik jo zuten.

Solasaldia borobiltzeko, Enrique Morenteren 'Omega' diskoa isten duen 'Ciudad sin sueño'. «Ezagutzen ez baduzue, ezagutu behar duzue disko hau» esan digu Gonzalezek. Flamenkoa eta rock progresiboa uztartzen ditu Morenteren lanak; Federico Garcia Lorca eta Leonard Cohen hizpide hartuta. Lan erabat heterodoxoa da, apurtzailea izandakoa. Anaiarentzako erosi zuelako entzun zuen 'Omega' lehenbizikoz Gonzalezek.