IRRATIA
Entrevista
Zea Mays taldea

«Azkenaldia gogorra izan da, baina aurrera segi dugu, potentzia handiz eta emozioz gainezka»

Hogei urte eskas zituztela elkarrekin ikasten zuten lau lagun musika egiten hasi ziren Bilboko Errekalde auzoan. Asier Basabe, Ruben Gonzalez, Iñak Imaz ‘Piti’ eta Aiora Renteria. Aurten 25. urteurrena ospatuko dute, disko berria bidean dutela, apirilaren 9an Bilboko Santana 27 aretoan.

Bilbon izan ginen Zea Mays taldekoekin beren 25 urtetako ibilbidea errepasatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


25 urteko borroka, zeren oraindik ere borroka izaten jarraitzen du musikaren mundu honek.

Aiora Renteria: Kulturan zerbait egotea beti borroka bat da, gu beti horretan egon gara gustura eta jarraitzeko gogoz.

Pentsatzen dut hasiera hura beste begi batzuekin ikusiko duzuela.

Iñaki Imaz ‘Piti’: Izan da poliki poliki handitzen eta berotzen joan den borroka. Hasieran ardura gutxi genituen bizitzan, ikasketak eta taldea soilik ia-ia. Eta poliki-poliki lana, familia, proiektua handitzen joatea… Borroka indartsua da, baina prest gaude aurre egiteko.

Lehen diskoa atera zenutenetik urteak pasa badira ere, hasierako hark eta gaurkoak badute loturarik. Esate baterako, ‘Gauak I’ eta ‘Gauak II’ kantuetan Asierren txarlesaren soinuan igartzen da hori. 

Asier Basabe: Abesti dantzagarriak ziren, kutsu hori bazuten garai horretan. Gero ikasi dugu bestelako gauzak egiten ere.

I.I.: Garai horietan Prodigy eta Chemical Brothers zeuden topera. Kyuss bezalako taldeak eta stonerra ere entzuten genituen, baina elektronika sartu zen rockaren munduan eta horren saiakera bat izan zen lehenengo disko hori. 

Single gogoangarrietako bat ere ordukoa da, ‘Itsasoa’. 

A.R.: Maketa Lehiaketan entzuna izan zen eta garai hartan eztanda txiki bat izan zen guretzako.

Ruben Gonzalez: Lokalean konposatu genuen hirugarren abestia izan zen edo laugarrena. 

A.R.: Diskoaren atzeko aldera begiratuta badakigu zenbatgarrena zen. Zeren halako ideia zelebreak izaten genituen eta kantuak diskoko ordenako zenbakiarekin jarri ordez, sortu genituen ordenarekin jarri genituen. Irratiko jendea torturatzeko halako txorakeriak oso originalak zirela uste genuen.

Garai horietan Euskal Herrian metal dezente jorratzen zen. Zuek kanpora begira egon zarete, baina, Euskal Herrira begira zein zenuten erreferente?

A.R.: Guk? ∏.L.T., horregatik egin genuen lan Jose Lastrarekin. Acoso y derribo eginaz joan ginen haiengana, Lastrarekin grabatzea lortu genuen lehendabizi eta gainera lortu genuen ‘Elektrizitatea’ diskoaren demoa Xanperekin grabatzea.

I.I.: ∏.L.T. ikusi genuen lehendabizikoan pentsatu genuen gure baitan, «ostras, posible da Euskal Herriko talde bat nazioartekoa izatea». Ez euskal heavya edo euskal punka, ez, metala egiten zuten baina atzerriko edozein talderekin konparatzeko modukoa zen.

A.R.: Orain lagunak dira, baina gu orduan lapak bezala itsatsi ginen haiengana. 

‘Sortuz grabitatearen aurka’ diskoarekin soinu aldaketa nabarmena datorrela esan dezakegu. Stonerrera salto nabarmena.

I.I.: Bai bai, Queen of The Stone Age topera zegoen orduan. Afinazioan ere are bat abestitan tonu eta erdi jaitsi genuen dena. Garai horretan stonerraren eragina nabarmena izan zen. 

A.B.: Stonerra bai, baina Mars Volta edota Muse bezalako taldeak ere entzuten genituen.

Disko honetan dagoen ‘Besterik ez naiz’ abestian, jende askok ez dakit jakingo duen ∏.L.T.-ko beste kide batek, Rafa Ruedak, abesten duela.

A.R.: Horregatik diotsut joan ginela eta erabateko inbasioa egin geniola taldeari.

I.I.: Xanperekin maketa, Abiorekin elektronika kontuak, Lastra teknikari moduan, Rafa abesten…

A.B.: Pixkana-pixkana ∏.L.T. fagozitatu genuen, kar-kar.

R.G.: Eta, baxu-jotzaileak, konturatu zenean zertan genbiltzan, Madrilera ihes egin zuen!

‘Era’ diskotik aurrera Zea Maysek indarra galdu zuela esan zuen askok, pop ukituak sartu zirelako, baina hori ez da horrela.

A.R.: Aurretik ere izan genituen pop ukituak, ‘Gauak II’ edota ‘Itsasoa’ bera. Esan beharra dago ‘Era’ bera ere oso kañeroa dela. Baina ‘Negua joan da ta’ etorri zen eta jende askori gustatu zitzaion eta momentu horretan, ez dakit zergatik, barruraino sartu zen. Kontua da ordura arte batzuentzako ia talde esklusiboa ginela, oso berena sentitzen zuten taldea ginen, hamar pertsonaren aurrean jotzen genuen batzuetan.

I.I.: Traizioa bailitzan hartu zuten batzuk. 

A.R.: Guk diskoa egin genuenean, eta bitxikeria moduan, gure artean aipatzen genuen ez zigutela Rekalden sartzen utziko. Kalean aurrera goazen heinean pertsianak jaitsiko zizkigutela esaten genuen txantxetan. 

‘Da’ diskoarekin beste aldaketa bat, autoekoizpenera egin zenuten salto. Indieagoa den diskoa, lagunartean abesteko kantuak dituena.

A.R.: Guretzako salto erraldoia izan zen. Dave Allenek hasi ginen lanean, The Cure taldearen disko indartsuenetarikoen ekoizlea izan zen eta guretzako bera gure ondoan lanean izatea, momentu esanguratsua izan zen. Lehenengoz ez genuen guk erabakitzen hartualdi onena zein zen, tempo aldaketaren bat ere egin zigun… Ezagutzen ez duzun pertsona bati kasu egin behar diozu eta tentsioa sortzen du, baina zuk erabaki duzun zerbait da eta bere ukitua ematea nahi zenuen. Hortik ere ikasi egiten duzu eta ardura hori galtzea gozamenerako da. 

R.G.: Kanpoko norbaiten ikuspegia izatea oso interesgarria da beti. Gu taldeko burbuilan sartuta gaudelako eta norbaitek esatea gauzak beste modu batetara egiten saiatzeko eta entzun eta horren arabera erabakiak hartuko ditugula… Sekulakoa da.

‘Harro’-n indarra beste modu batetara eman zenioten zuen abestiei, disko oso indartsua da.

A.R.: Honetan elektronika gehiago sartu genuen, baina guk egindakoa. Aurreko diskoetan Split 77ko lagunak izan genituen programazioak egiten eta oraingo honetan guk egin genituen. Mugikorrarekin eta teknologia berriekin jolasten ibili ginen eta disko honek hori badu. Baina horri guztiari banda oso gehitu behar zaio.

I.I.: Sintetizadoreei lekua utzi genien gitarrak pixka bat atzeko planora eramanda, baina intentsitatea hor dago. Gauzak frogatzen ibili eta beti irteten dira gauza polit eta desberdinak. 

‘Atera’ diskorako berriz ere dena goitik behera aldatzen duzue. Garate estudiora, Carles ‘Campi’ Campón ekoizle moduan…

A.R.: Ondo dago aldaketak egitea. Disko horren maketa Tio Peten grabatu genuen Lastrarekin eta aldaketa egin genuen gero. Campirekin egin nahi genuen lan, Vetusta Morlarekin egindako lana entzunda asko gustatu zitzaigulako eta baita bere ibilbidea ere. Salto handia izan zen, baina beti ibili behar dugu sustoak hartzen zerbait berria egiteko.

I.I.: Dena zortzi egunetan grabatu genuen eta dena oso zuzena izan zen. Disko horretan dauden hartualdia benetakoak dira, horrela grabatuta daudelako.

Eta Atlantikoa zeharkatu zuen kaleratu aurretik, New Yorken masterizatu zelako.

A.R.: Kantuak banak etorri ziren eta oso txuloa izan zen hori. Hasieran oso urduri ibili ginen horrekin, baina ‘Kea’ etorri zen eta pozik geratu ginen eta bilatzen genuen hori lortu genuen. Orain egin duguna egiteko oso lagungarria izan da.

Hori aipatu behar nuen, EPen aroan ere horrela ibili zaretelako. ‘Adore’ Ricky Falknerrekin, ‘Kemena’ Santi Garciarekin eta ‘Kuraia’ Dave Allenekin. Zeinen desberdinak denak ere.

A.R.: Hori bilatzen genuen. Pandemia bat izan dugu tartean, garai oso gogorra izan da denontzako eta ez genekien oso ondo zer egin. ‘Atera’ diskoa kaleratu berritan etorri zelako guztia. Kontzertu dezente egin ditugu bukaerarako, baina jesarrita. Ez du izan behar den moduko aurkezpenik diskoak, baina aurrera egin behar duzu, ez dago besterik. Eta nola ez genekien zer egin ahal genuen, abestiak sortu eta grabatzeko erabakia hartu genuen.

I.I.: Lan egiteko modu desberdinak ezagutu ditugu, disko batek eskatzen duen gasturik gabe eta dastatze menu moduan hartu dugu azken fase hau. Gure buruarekin edonora eta edozeinekin grabatzeko ziurtasuna ere eskuratu dugu bidenabar.

Sinonimoak agortzeko bidean geratu zarete: adore, kuraia, kemena… Hori guztia pilatu behar izan duzuelako hilabete hauetan izandako bizipen guztiengatik.

I.I.: Hilabete batzuk pasako dira baina taldearen ideia eta kontzeptua ez da aldatuko, horregatik pentsatu genuen sinonimoarena. 

Apirilaren 9a ate joka dago, 25. urteurrena ospatzeko eguna. Hilabeteak itxaroten ari zareten eguna, adore, kemen eta kuraia guztia oholtzara ateratzeko eguna. 

A.R.: Azken hilabeteak gogorrak izan dira, baina aurrera jarraitu dugu, potentzia handiz eta emozioz gainezka. Ni oso beldurtuta nago, ez dut gezurrik esango. Baina irrikaz oholtza gainean jartzeko, jendea zutunik egoteko. Behar dugu halako kontzertu zikin bat ez? Besteak ere oso ondo egon dira, baina zuzenegiak izan dira. Baina heldu da unea, tentsioarekin gaude, beldurtuta pixka bat, baina poztasun handiz eta ahal dugun dena emateko gogoz.