«Ahozkotasuna eta mitologia ez daude elkarrengandik gertu, uste hori zabaldua dagoen arren»
Este navegador no soporta el elemento audio.
Ahozkotasunaren Nazioarteko 'Ahoz Aho' Jaialdiko Urrezko Kalabaza irabazi du 2022an Juan Inazio Hartsuagak. Saria jaso zuen egunean, martxoaren 26an, 'Euskaldunen Odisea' hitzaldia eskaini zuen, jaialdiaren baitako jardunaldi batean. Bertan, ahozkotasuna eta mitologia izan zituzten hizpide, besteren artean.
Ahozkotasunaren eta mitologiaren arteko harremanaren inguruan, elkarrengandik gertu daudenaren ustea zabaldua dago baina hori ez da horrela Hartsuagaren ustez. «Ahozkotasuna ipuinekin lotzen dugu baina ez da hori bakarrik. Hori ez zen horrela lehenago. Iragan mendeko 70. hamarkadan, udaletxeko bandoak kale bazterretik oihuka zabaltzen ziren. Hori ere ahozkotasuna zen. Dena zen ahozkotasuna, idatzizkorik ez zegoelako».
Beraien ikerketetatik edukia baino ikuspuntua atera dezakete gaurko ipuin kontalariek Hartsuagaren iritziz. «Ez dut uste historia berridaztea oso interesgarria denik. Sorkuntzan eragina izatea da interesgarriagoa».
Kontakizun horietako bat da Tartalo eta jentilena. Indoeuroparren kulturetan jentilei jakituria bat esleitzen zitzaien, aspaldikoak zirelako. Heroi indoeuropar batek jentilei jakituria lapurtzen die, beraiek baino azkarragoak izanda. «Gurera ekarrita, ez dugu esaten jentilei jakituria lapurtu zitzaienik. Basajaunak bihurtzen dira eta beraiei lapurtu zitzaiela esaten da».
Zuberoako bertsio batean, Heroia Tartalorengandik ihesi doanean, txintxarri bat darama lepoan eta harek ateratzen duen soinuagatik jarraitu ahal dio Tartalok. Une batean ordea, txintxarri hori eraztun hizlari bat bihurtzen da eta harek esaten duena jarraituz daki Tartalok Heroia non dagoen, azken hau horretaz ohartu eta putzura botatzen duen arte.
Bigarren Kafean luze eta zabal aritu da Juan Inazio Hartsuaga.