Jon Altuna (HIRU): «Neurriak hartu gabe, bertako garraiolari autonomoak desagertu egingo dira»
Baldintzak aldatu ezean grebarekin jarraitzeko asmoa dute garraiolari autonomoek, kamioia martxan jartze hutsak galerak suposatzen dizkielako; Espainiako Gobernuak egindako proposamena ez dute nahikoa ikusten. Hiru sindikatuak eskua luzatu die tokiko gobernuei soluzioak bilatzeko.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Oraindik xehetasunak ezagutzear dira, baina astelehen honetan Espainiako Gobernuak erregai profesionalean 500 milioiko hobariak iragarri izana ez da nahikoa bizi duten egoeratik irteteko. «Sekulako diru-laguntzak» bailiran saldu dutela ohartarazi du Jon Altuna Hiru-ko ordezkariak, baina tarifak «uneoro egokitu» egin beharko liratekeela uste du, «gastuak hazten direnean tarifak neurri berean haziz, eta alderantziz».
Gehitu du neurria berez ez dela «gaizki etorriko», baina eskatzen dutena «bertako garraioa babestu eta bultzatzea» dela; zentzu horretan, azaldu du nafar gobernuarekin elkartzeko aukera izan zutela astelehen honetan Hiru-ko zenbait ordezkarik, gobernuak Tradisna elkartearekin deituta zuen batzarraren baitan. «Hitz polit asko» entzun zituztela azaldu du, baina «neurri konkretuak faltan bota» dituztela. Gainera, ez dute epe laburrean neurri konkretu horiek ezagutzerik izango, nafar gobernuak bertan behera utzi baitu astearte honetan Hiru sindikatuko ordezkariekin espreski deitua zuen batzarra. Altunak deitoratu du, halaber, Jaurlaritzarekin ez dutela elkartzerik izan orain arte; gogoratu du Arantxa Tapia sailburua sektoreko hainbat ordezkariekin batzartu zela pasa den astean, baina ez zituztela bertara gonbidatu.
«Eskua luzatuta»
Nolanahi ere, soluzioak bilatze bidean «eskua luzatuta dutela» aipatu du Hiru-ko ordezkariak; eskunduntza propioki ez badute ere, bertako administrazioek zer edo zer egin dezaketela azaldu du, «bertako garraiolariak babestetik hasita». Neurriak hartu egin behar direla esan du Altunak, bestela «bertako garraiolari autonomoa desagertu egingo da».
Azken egunetan aurrera daramatena borroka kolektiboa dela gogoratu du, eta baldintzak hobetu ezean, grebarekin jarraituko dutela azpimarratu.