IRRATIA

Kirola, «beste eragile sozial bat» berdintasunerantz urratsak emateko

Ainhoa Tirapu atezain ohia eta orain Athleticeko teknikariak, Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariak eta Mar Larrea Arraun Lagunak taldeko arraunlariak, zenbait hausnarketa utzi dituzte NAIZ Irratian eginiko mahai-inguruan. Argi dute «berdintasunerako bidean borrokan jarraitu behar» dela. 

Mar Larrea Kontxako banderako garaipena ospatzen, Andrea Astudillo patroia bizkar gainera igota. (Andoni CANELLA | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Elkarrizketa eta ekintza guztiak «batzen badira egun berean edo egun gutxitako tartean, ezin dugu denetan egon. Sakabanatuko bagenitu seguraski gauzak askoz ere errazago izango lirateke eta gauza ezberdinetaz hitz egiteko aukera izango genuke». Ainhoa Tirapu Athleticekok atezain ohiaren hausnarketa da, uste baitu Martxoaren 8ko olatua «aprobetxatu beharra dagoela» baina urte guztian protagonismoa apaltzen joaten dela. 

Iritzi berekoak dira Mar Larrea arraunlaria eta Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria ere. Ondarrutarrak dio badirudiela bigarren mailako kirolariak direla, iaz Euskotren liga eta Kontxako bandera irabazi ostean gutxiespen komentarioak jaso baitzituen: «"Ah, bai, Kontxa irabazi duzue baina zuek neskak zarete", entzun behar izan nuen». 

Oihana Azkorbebeitia, mendian gora. (EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOA)

Abadiñoarraren kasuan, mendi lasterketak modalitate nahiko berria izanik, igarri duen ezberdintasun handiena mutilen garaipenek neskenek baino sona handiagoa izatea izan da. Hala ere, gogoratu du sare sozialak egoera salatzeko leku aproposa izan daitezkeela, duela gutxi Killian Jorneten garaipen batekin gertatu bezala edota Rafa Nadal tenislariak 21. Grand Slama irabazi zuenean gertatu legez. 

Tirapuk uste du sare sozialak baliagarri direla «jende gutxik jarraitzen duen kirolaren berri emateak merezi ez duela» adierazi duten horiei, ahoak ixteko. Partida edo txapelketen «eguna eta ordua ondo adierazten bada, ondo saltzen bada, erakutsi dugu jende gehiago hurbiltzen dela». «Sare sozialen bidez lortu dugu beste espazio batzuk ematen ez ziguten tokia bilatzea, aukera izan dira», dio. 

Ainhoa Tirapu egun Athleticeko bigarren taldeko atezainen entrenatzailea da. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Era berean, gizonen eta emakumeen arteko arrakala gizarte osoan dagoela nabarmendu dute hiruek eta Athleticeko teknikara nafarrak argi dauka, «kirola beste eragile sozial bat izan daitekeela emakumeok edonon egon gaitezkeela erakusteko». 

NAIZ Irratian izandako solasaldian, beraien ibilbidea gehiago ezagutu, egun nola dauden azaleratu eta hausnarketa hauek eta gehiago eskaini zituzten, bakoitzak bere perspektibatik, ezagutzen dutena partekatuz eta eman beharreko aurrepausoen giltzarriak mahai-gainean jarrita. Argi dutena da, «borrokan jarraitu behar» dela, «indarrak batuta», «borrokan jarraitzea beste aukerarik» ez baitago.