IRRATIA

«Edozein ekintza anonimok kultura sostenga dezake»

Metrokoadroka kolektiboaren 'Bidaide'. (Mendi Urruzuno)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Iraia Elias aktorea da eta Idoia Beratarbide marrazkilari eta jantzi sortzailea; biak artistak eta biak Metrokoadroka sarean modu jarraian lanean aritzen direnak. «Sortze beharretik sortu zen Metrokoadroka, egitetik» esan digu Idoia Bertarbidek. Metrokoadroka hainbat arte diziplinatan dabiltzan pertsonek osatzen duten kolektiboa da, artistentzako plataforma eta sorkuntzarako elkargunerako tresna. 

Sortu zutenetik diziplinak desberdinak uztartu dituzte, «ez dugu jakin beste modu batera egiten, hasieratik horrela egin dugu, taldean sortzen eta denak batera» kontatu digu Eliasek. Kolektiboak hainat lan sortu ditu orain arte; 'Munduan beste', 'Salto', 'Miss. Karaoke', 'Modelo baten bizitza sekretua', 'Txolarte'… Azkenaldian 'Bidaide' eta 'Andrezaharraren manifestua' lanekin dabiltza batetik bestera, eta bietan ditugu oholtza gainean Beratarbide eta Elias. 

'Bidaide' lanaren kasuan, biak izan dira zuzendariak, nahiz sorkuntza kolektiboa den, eta sei artista dauden oholtzan: Elias eta Beratarbidez gain, Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Hernandez (Hatxe) eta Mikel Ugarte. Lan honekin kulturgile eta artista anonimoak ekarri nahi dituzue argitara. «Herrietako kulturgileekin elkartu gara eta hortik hasi gara sortzen». Horretarako, erraldoiak metafora gisa erabili dituzte; «Guk kanpotik erraldoia ikusten dugu, baina barruan pertsona bat dago, zerbait handiagoaren zerbitzura dagoena» kontatu digute. 

Jendearen parte hartzea sustatzen dute emanaldian, baina argi utzi nahi izan digute; «Ez dugu inor ateratzen oholtzara, egon lasai». Izan ere, «edozein ekintza anonimok kultura sostenga dezake».

Bigarren Kafera etorri dira Iraia Elias eta Idoia Beratarbide.