IRRATIA

«Errusiari ez zaio interesatzen gerra eta okupazio batean lokaztea»

Gerra egunez egun gogortzen ari dela, Ukrainiak eta Errusiak abiatutako negoziazioa «albiste ona» da Dabid Lazkanoiturburu lankidearen arabera. Pablo Gonzalez Polonian atxilotutako Garako kolaboratzailearen berririk izan gabe, «oso kezkatuta» daudela adierazi du.

Kharkiv hiria izan da azken orduetan gehien kolpatutakoa gerra frontean. (Ukraine Emergency Ministry Press Service / AFP)

Este navegador no soporta el elemento audio.


«Afganistan Sobietar Batasunaren heriotzaren ikurra izan zen» dio Dabid Lazkanoiturburu nazioarteko gaietan aditua den lankideak, Ukrainiaren aurka Errusiaren erasoaldiak bost egun (otsailaren 24an hasi zen errusiar erasoaldia) betetzen dituenean. Bi estatuek, Bielorrusian, Ukrainiako mugatik gertu hasitako elkarrizketak gora-behera, gogortzen ari da gatazka militarra, Errusia jakitun delako, Lazkanoiturburuk dionez, ez zaiola gatazka luze bat komeni, «Errusiari ez zaio interesatzen gerra eta okupazio batean lokaztea. Errusiak badu eskamentua horretan, Afganistanen».

Aukera gutxi ditu Ukrainak garaipen militarra eskuratzeko, bere armadaren ahalmena, Errusiakoaren «%10-20 bitartekoa» delako Lazkanok aipatutako adituen arabera. Baina Ukrainak ez du garaipen militarrik behar, garaipena eskuratzeko, gatazka luzatzea Errusiaren interesen aurkakoa delako. Dena den, momentuz, Errusiak «egoeraren kontrola» duela baieztatu du kazetariak.

Elkarrizketarako aukera

Lazkanoiturburuk dionez, Errusiaren helburu nagusiak bi dira: «Ukraina NATOn ez sartzea» eta «Ukraina politikoki kontrolpean mantentzea». Alde bakoitzak bere interesak dituen arren, bakea lortzeko asmoz Bielorrusian abiatutako negoziazio prozesua «albiste ona» dela dio. Posizio ahulago batean, «EBren eta Mendebaldearen presioa» du une honetan Ukrainak Errusiari aurre egiteko baliabide nagusi.

Pablo Gonzalezen egoeraz

24 ordu baino gehiago dira, Pablo Gonzalez kazetari eta Garako kolaboratzailea Polonian atxilotu zutenetik. Oraingoz ez dago haren berririk. «Momentu honetan saiatzen ari gara jakiten zein egoeran dagoen. Egoera oso kezkagarria da». Naiz eta Garan askotan idatzi izan du Pablo Gonzalez kazetariak. Polonian zegoela atxilotu dutela jakinarazi du Gonzalo Boyé abokatuak. Azken egunetan Poloniara ihesean joan diren milaka ukrainarren errealitatea lantzen ari zen Gonzalez.