«Txanpaina hozkailuan sartu eta lantokira etorri gara»
Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia berretsi eta PCB-ITP enpresako kaleratzeak baliogabetzat jo ditu. «Ikaragarrizko poza» dute langileek eta kaleratutakoak berrartzeaz gain, «zuzendaritzaren kargugabetzea» eskatu du LABeko Oihana Guenaga ordezkariak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«Egin dugun lehen gauza txanpaina hozkailura sartu eta lantokira etortzea izan da», Oihana Guenagak esan digunez. LABeko PCB-ITPko ordezkariak aste honetan sententzia espero zutela esan digu eta «itxaropena» zuten euren aldekoa izango zela.
Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia berretsi eta PCB-ITP enpresako kaleratzeak baliogabetzat jo ditu. «Orain, berehala kaleratuak berrartu eta ez daudenez prestatuta enpresa eramateko, zuzendaritzak kargua utzi behar duela uste dugu LABetik», adierazi du.
Langileek hasieratik mantendu duten argudioak berretsi ditu epaiak; alegia, kaleratzeak ez zirela justuak eta pandemiak eragindako krisia bizi zuela enpresak, ez estrukturazkoa. Guenagaren aburuz, lan karga igotzen ari da eta «horrek arrazoia ematen digu». «Hasieratik ados ginen eseri eta koiunturalki hau konpontzeko, lanpostuak bermatuz. Enpresak ez zuen nahi izan, argi zuten euren plana zein zen: kaleratzeak. Ezin da ahaztu kaleratutako asko emakumeak izan direla».
14 hilabeteko borroka gogorra izan dela aitortu du eta horrek indarra eman diela edozein borrokarako.