IRRATIA

Hasi berriak diren taldeak eta proposamen rockeroak azken ‘Badok’ tartean

Poz handiz etorri zaigu ‘Badok’ tartea egitera Jon Eskisabel, Argia saria esku artean duela. Erreferentziazko sari honek, bere «lanarekin jarraitzeko indarraz gainera», ikusgarritasuna ere eman diola kontatu digu kazetari lasartearrak.

Ane Arruti, Egoitz Olalde, Iñigo Ibarrondo eta Iker Martinez de Zuazo dira Keia taldea osatzen dutenak. (Bull BIAIN BERRAONDO)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Azken tarteko proposamenetan, hasi berriak diren taldeak edota gitarraren distortsioa nabaria duten talde rockeroak ekarri dizkigu Eskisabelekek. Keia taldea izan da ekarritako lehen taldea, eta, proiektu berri bat izan arren, ibilbide luzea duten musikariek osatzen dute taldea: «Ane Arrutiren proiektua dela esan dezakegu, diskoa osatzen dituzten abestiak bereak direlako, baina, esan beharra dago lan berri honetako bi abestitan Jon Garmendia ‘Txuria’-ren hitzak musikatu dituela. Musika munduan ibilbide luzea duten hiru musikarirekin elkartu da Egoitz Olalde Forkada bateria eta perkusioan, Iñigo Ibarrondo Zurutuza baxuan eta Iker Martinez de Zuazo Beitia gitarran. Lehenengo disko hau, Berako Atala estudioan grabatu dute Iñigo Irazokiren eskutik eta orain dela hilabete inguru, lehen singlea argitaratu zuen taldeak. Oinarri erritmiko indartsua duen taldea da, gitarren soinuari izugarrizko indarra ematen diena, horregatik, Neil Young eta Petti bezalako artistak erreferentzia bezala dituztela esan dezakegu. Kontzertu emanaldi batzuen datak argitaratu dituzte eta Oñatin, Zarautzen, Orion eta Getarian ikusteko aukera izango da».

Egun Beltzak taldea izan da ekarritako bigarren proposamena, proiektu berria izanik, hozkailuan egon dena: «Aitor Perez proiektuaren sustatzailea gurekin kontaktuan jarri zen arte, ez nuen talde honen berririk izan. Siberiako Yanka Dyagileva olerkari eta abeslari errusiarraren kantak itzuli eta underground punk soinua jarri dio Perezek. Aitorrek Yanka Dyagilevaren ahotsa entzun zuenean, esaten zuena ulertzeko gogoa piztu zitzaion eta errusiera ikasten hasi zen arren, abeslari errusiarraren olerkiak ulertzea oso zaila egin zitzaion. Horren ondorioz, bi lagunen laguntza behar izan zuen Yankaren hitzak itzultzeko. Grabaketa prozesua luzea izan da, zazpi urtekoa eta instrumentu guztiak Aitorrek berak grabatu ditu. Yankaren ahotsa ordezkatzeko, berriz, punk mundutik datorren eta tinbre oso polita duen Eneritz Furyaken laguntza izan du. Ia proiektu osoa pertsona baten lana izateko, proiektu txukuna kaleratu du».

HAN. taldea izan da Jon Eskisabalek ekarritako azken proposamena: «Zarata handirik atera gabe, atzeko atetik itzuli den taldea da. Beren azken lana 2015ean kaleratu zuen Elorrioko laukoteak eta, aurten, ‘Beratu’ izena duen diskoa argitaratu du plataforma digitaletan. Azken disko honetan, laukotea hirukote bilakatu da eta, abeslari bat lortzen saiatu diren arren, azkenean, Gorka Molero gitarra-jotzaileak hartu du kantuak abestearen ardura. Zortzi kantak osatzen duten azken lan honetan, hiru instrumentalak dira eta gainontzekoak, Igor Estankona idazle bizkaitarraren ‘Moskito’ liburutik hartutako olerkiak dituzte abiapuntu. Abesti instrumentalak oso ondo landuta daude, taldeak soinuan borobiltasuna lortu du».

Hauek dira, beraz, aste honetarako hautatu dituen hiru abestiak:

– Keia - Handitzen naizenean

– Egun Beltzak - Trenbidetik

– HAN. - Ingelesetik bueltan