IRRATIA

Eider Elorza [EIRA]: «Arteak jainkotasuna ematen dit, eta hori islatu nahi izan dut»

Eider Elorza musikari donostiarrak 'Revelation' diskoa argitaratu berri du EIRA izenpean. Reggae, dub eta dancehall estiloak uztartu ditu euskara eta ingelez egindako zazpi kantuetan. 

Este navegador no soporta el elemento audio.


Eira ezizenaren atzean ezkutatzen da Eider Elorza musikari donostiarra. Revolutionary Brotherseko kideekin bat eginda, 'Revelation' diskoa argitaratu dute orain dela oso gutxi. Reggae, dub, dancehall… jamaikar jatorriko doinuekin osatu dute lana. Zazpi abesti, hogeita bost minutu inguru, eta ingelesez zein euskaraz sortutako kantuak.

Eira is revolution; Eira is intuition; Eira is a good poison… (Eira iraultza da; Eira intuizioa da; Eira pozoi ona da) abesten du Eider Elorzak, baina Eira «istripuz sortutako zerbait da» aitortu digu. Indar handiko izena aukeratu du, Eira sendatzearen jainkosa bikingoa baita.

Diskoaren izena aldiz, ez da istripu bat izan. «Nik ez nuen reggae abesten, eta deskubritu nuenean rebelazio bat izan zen» esan digu. Soul eta jazz giroan aritzen zen Elorza, baina jamaikar jatorriko musikarekin topo egin zuen eta maitemindu egin zen. «Harmoniak, erritmoa eta indarra, mundu ikaragarri handia da».

Revolutionary Brothers taldea izan du bidelagun aspalditik; horregatik, diskoak asko du Eiderretik eta asko Revolutionary Brothersetik. Prozesua «oso naturalki» suertatu dela kontatu digu, elkarlanean aritu baitira azken urteotan. «Aspalditik daramat beraiekin abesten, zuzenekoetan, eta bapatean sentitu nuen nahikoa abesti nituela». Hori islatzeko grabatu dute diskoa.

Eira Bigarren Kafearen elkarrizketa akustikoetan egon da, abesten eta galderei erantzuten.