Eider Perez: «Sormena ez bada kolektiboa, ez diot zentzurik hartzen»
Este navegador no soporta el elemento audio.
Pandemiak eta honi aurre egiteko eragin dituen aldaketak gauza asko murriztu, urrundu eta kendu dizkigute; baina, paradoxikoki, sormena indartu egin da. Horregatik, Ahots Baten sormen jardunaldiak itzuliko dira aurten, abenduaren 27tik 30era Amaiurren.
Aurreko urtean formatua aldatu eta egun bateko bi saio antolatu ostean, aurten berriro lau eguneko egonaldira itzuli dira. Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza edo literatura bezalako sorkuntzak egiten dituzten gazteentzat sortu zituen Mintzola Ahozko Lantegiak egonaldi hauek 2015ean. «Txikiak garenean, eskolak edo aisialdi taldeetan badugu sormena lantzeko eskaintza, baina 15-22ko gaztetxoen kasuan, baliabideak falta dira» esan digu Eider Perez antoltzaileak.
Gazteek diziplina horietan aditu diren gonbidatuekin hitz egiteko eta sortzeko aukera izango dute. Aurtengo gonbidatuak Ane Labaka bertsolaria, Maialen Belarra gai-jartzailea, Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe 'Josevisky' komikigilea eta Miren Narbaiza kantari eta musikagilea izango dira; «Interaktibitatea aldarrikatu nahi genuen».
Eider Perez Bigarren Kafera gerturatu da, egonaldiaz eta sormenaz hitz egitera; izan ere, «sormenak ematen dio norberari ideiak antolatzeko eta komunitate baten parte sentitzeko bidea».