[25] Posible da oinarrizko errenta bermatzea?
Liburu eta tesi banatan oinarrizko errenta unibertsalak ekarriko lukeen paradigma aldaketa eta honen bideragarritasuna aztertu ditu Julen Bollainek. «Gizartearen %20 galtzen aterako litzateke, baina %80ren egoera asko hobetuko litzateke». Jaiotze hutsagatik urtean 12.577 euro jasotzeaz ari gara.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Transkripzioa:
Ioar:
Ongi etorri, Ander.
Ander:
Eskerrik asko, Ioar.
Ioar:
Galdera xume bat egin nahi dizut.
Ander:
Galdera xumeak egiten dizkidaten bakoitzean, komeriak izaten ditut erantzuteko.
Ioar:
Zure ustez, pertsona batentzat zer da garrantzitsuena? Esadazu gauza bat eta bakarra.
Ander:
Osasuna, dirua, maitasuna, laguntasuna, berdintasuna, askatasuna...
Ioar:
Aukeratu bat, mesedez.
Ander:
Osasuna.
Ioar:
Osasun zerbitzu unibertsala badaukagu. Gaixo zauden aldiro, sendagileak artatzen zaitu anbulatorioan.
Ander:
Ba... dirutxo bat gastatzen dut haginlariarengana joaten naizenero, e!
Ioar:
Gure osasun sistema unibertsala oraindik ez da perfektua. Esadazu, Ander: osasunaren ondoren, zer den oinarrizkoa bizitzan?
Ander:
Duintasuna. Hau da: egunak eta urteak duintasunez igarotzea, zahartzaroraino. 1
Ioar:
Zer irudituko litzaizuke jaiotzetik pertsona bakoitzak diru sarrera bat izatea?
Ander:
Jaiotzeagatik bakarrik hilero diru pila bat? Primeran!
Ioar:
Inork ez du esan diru pila bat. Oinarrizko errenta bati buruz ari nintzen, pertsona guztien duintasuna bermatzeko, gutxi-asko osasun zerbitzu unibertsalarekin bermatzen den gisa berean.
Ander:
Hobeto esplikatu beharko didazu.
Ioar:
Entzun egiozu Julen Bollain ekonomialariari. Eibartarra da sortzez. Oinarrizko errenta unibertsalean aditua da.
AUDIOA-1 | JULEN BOLLAIN
Ander:
Ideia iraultzailea iruditzen zait. Den-denok, existentzia materiala segurtatuta edukitzearren, oinarrizko diru kopuru bat jasotzea..., zer nahi duzu esatea..., utopikoa ere bada.
Ioar:
Hezkuntza sistema unibertsala badaukagu. Osasunaz gainera eta hezkuntzaz gainera, ez al da posible oinarrizko errenta?
Ander:
Errazagoa iruditzen zait garraio zerbitzu unibertsala ezartzea.
Ioar:
Zer esan nahi duzu?
Ander:
Trenak, metroak eta autobusak doan izan behar lukete, alde batetik bestera jendea nahi bezala ibiltzeko.
Ioar:
Hegazkina ere doan?
Ander:
Gauza ikaragarri zail bat proposatzeko asmorik ez dut. Euskal Herri osoan pertsona guztiak lasai eta egoki ibiltzeko, tren eta autobus zerbitzu doanekoaz ari naiz, besterik ez.
Ioar:
Egingarria dirudi, bai.
Ander:
Karbono kontsumoa asko jaitsiko litzateke. Garraio sarea hobetzeko ahalegina egingo genuke. Automobilaren erabilera murriztuko litzateke. Eta etorkizunean herritarren mugikortasuna errazagoa eta seguruago izango da.
Ioar:
Ideia ona da, Ander. Baina... aldatu egin duzu gaia!
Ander:
Badakizu: espezialista naiz gaiak desbideratzen.
Ioar:
Nire galdera da: orain existitzen den RGI errentaren ordez, nola ezar dezakegu oinarrizko errenta unibertsala?
Ander:
Nik hori ez dakit. Horretan Julen Bollain da espezialista.
AUDIOA-2 | JULEN BOLLAIN
Ander:
RGI edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta munduko leku askotan daukate. Baina ez dute lortu pobrezia amaitzea.
Ioar:
Hego Euskal Herrian RGI premia daukanetatik %30 errenta gabe geratzen da, kondizioak betetzen ez dituztelako.
Ander:
Beraz, automatikoki sistematik kanpo daude? Ikaragarria da! Ezin dut imajinatu norbait osasun zerbitzuaren sistematik kanpo geratzea, baina ez gara kezkatzen ekonomiaren sistematik kanpo geratzen den jendeaz.
Ioar:
Oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko modu bakarra dago.
Ander:
Zein da?
Ioar:
Euskal Herrian diru gehien irabazten dutenei zerga handiagoak ordainarazi behar zaizkie.
Ander:
Zer esan nahi du horrek? Zenbat jenderi igo behar zaizkio zergak?
Ioar:
Populazioaren %20ari.
Ander:
Bideragarria ematen du.
Ioar:
Suitzan, Finlandian, Eskozian... plan pilotu batzuk egin dituzte. Kataluniako Generalitateak ere bulego bat sortu du errenta unibertsala aztertzeko.
Ander:
Ze ondo! Orain ja ez da ideia utopiko bat.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Denborazko esaldi mota bat. Erlatibozko perpausaren egitura dauka.
Ioar:
Solasaldian, Anderrek esan du:
—«Galdera xumeak egiten dizkidaten bakoitzean, komeriak izaten ditut erantzuteko».
Ander:
Eta ondoren Ioarrek esan du:
—«Gaixo zauden aldiro, sendagileak artatzen zaitu anbulatorioan».
Ioar:
Anderrek beste modu bat ere erabili du:
—«Dirutxo bat gastatzen dut haginlariarengana joaten naizenero».
Hemen entzun dezakezue Julen Bollaini egindako elkarrizketa.