«Ez dugu erabakitzeko eskubideari betorik jartzea onartuko»
Gasteizko Legebiltzarreko alderdiekin bilera sorta amaituta, Naiz Irratitik pasa da Gure Esku plataformako bozeramaile Amalur Alvarez. Estatus berrirako negoziazioetan 2018. urtean adostutako oinarriei eusteko eskatu du eta eztabaida horretan «herritarroi hitza ematea».
Este navegador no soporta el elemento audio.
Euskal Herria fase berri baten atarian egon daitekeela argi dute Gure Esku herri mugimenduan. Eta argi dute, era berean, fase berri honetan, herritarrei bizi diren lurraldearen estatusaren inguruan galdetu behar zaiela, eta hauek emandako erantzuna gauzatu behar dela. «Ez diogu betorik onartuko erabakitzeko eskubideari. Batez ere, indar hori daukagulako eta gehiengoaren indar hori eta bultzada dugulako» nabarmendu du Amalur Alvarez Gure eskuko bozeramaileak gaur astelehenean NAIZ Irratian.
Ez dute betorik onartuko, herritarren borondatea oztopatuko litzatekeelako era horretan. Izan ere, mugimenduak emandako datuen arabera, gaur egun 10 euskal herritarretatik zazpik erabakitzeko eskubidea babesten dute. Hain orokortua dagoen nahi baten aurrean, Alvarezen hitzetan, «nolabait bide eman beharko diotela borondate horri».
Hori da, beraz, eskaria politikarientzat. Gure Esku, berriz, prozesua osoan zehar bidelagun izateko prest da. Bidea jorratzen hasteko, 2018an hasitako ibilbideari eustea gomendatzen diete. Izan ere, ordukoan EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemos-IUk, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea bermatu dadila adostu zuten autonomia estatutu berriaren proposamenaren lehen zirriborroan.
Akordio horretatik «urrundu ez daitezen» eskatu die Alvarezek hiru alderdiei, uste baitute akordio hori itxi zenetik hona, indarra galdu duela erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera hainbat alderdirengan. Garai hartako izpiritua berreskuratzeko unea heldu dela dio Alvarezek: «Garaia da berriz ere gaia hartzeko, autogobernuaren eztabaida berriz ere irekitzeko, eztabaida horretan herritarroi hitza emateko eta herritarron hitza erantzuteko».
Herritar guztien eskubidea
Esan bezala, Gure Esku prest dago prozesu horretan beharrezko babes guztia emateko. Bi muga baino ez dizkiete jartzen alderdiei, bozeramailearen arabera; «Erabakitzeko eskubidea ardatz izan behar duela eta herritarron parte hartzean oinarritu behar dela».
Zentzu honetan, erabakitzeko eskubidea liskarraren baliokide dela dioen mantra astintzen jarraitzen dute batzuk. Salaketoi erantzun die Gure Eskuko bozeramaileak. Eskubide bat gauzatzea helburu duen heinean, erabakitzeko eskubidea «kohesiorako tresna bat dela» dio, eta herritar guztiek dutela tokia honetan.
Elkartasunetik elkarlanera
Gure Eskun oso adi daude Europan gertatzen ari denari, bestalde, uste baitute erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu demokratizatzaile berri bat etor daitekeela. «Bigarren olatu honetan, guk protagonista izan nahi dugu» adierazi du Alvarezek. Eskozian, Faroe uharteetan edota Katalunian prozesu subiranistak berrindartzen ari dira eta horiek Euskal Herrikoa bera indartzeko balio dezakeela iritzi dute.
Unea erabakigarria delako, eta Euskal Herriak Kataluniarekin duen harreman estuaz baliatuta, elkartasunetik zuzeneko elkarlanera egingo du salto Gure Eskuk. 2022ko uztailaren 2an 400 gailu baino gehiago argiztatu nahi dituzte Pirinioetako bidea deitu duten ekimenaren bidez. Mediterraneoa eta Kantauriar itsasoa lotuko dituzte erabakitzeko eskubidearen izenean.