«Nire sortzeko moduaren ondorioa da hori, ez banaiz biluzten ez dut sortzen»
Indarrak hartuta disko berria kaleratu du Birkite Alonso (Gasteiz, 1976) musikariak. ‘Inertzia’ deituriko diskoan beste hirukote bat batu zaio eta kantu indartsuak osatu dituzte, baten bat aurretik ere ezaguna egingo zaiona entzuleari. NAIZ Irratiko uhinetara itzuli da, MusikHariara bisitatuz.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Udazkenean zetozen diskoen artean, markatuta geneukan Birkitena. ‘Emen gonak’ saioan etenaldia egingo zuela iragarri zigunean, aurreratu baitzigun proiektuan buru-belarri sartuta zegoela. Baina sorpresan harrapatu gaitu, soinuz aldatuta dator-eta Birkit.
Disko ‘gitarrero’ baten aurrean aurkitzen gara.
Bai, izan daiteke. Bidean topatu dudan Mikel Palenzuela sekulako gitarra-jotzailea delako. Joko asko, dantza asko… Ez dira bereziki indartsuak gitarrak, indarra erritmoaren gainean utzi dugulako, Ilargi eta Patxiren gainean. Mikelek eta biok irudi politak egin ditugula uste dugu.
Inertzia geldigaitzak bultzatuta, ‘Inertzia’ deitu duzu diskoa.
Inertzia niretzako azken bost urteotan sentitu dudan indar bat da. Bizitzan, gauzak, pertsonak, lan aukerak… dagokien unean datoz. Gero zeregina betetzean geratuko dira edo ez, eta geratu behar ez badu eramango du berriz ere bizitzak. Hori konprobatu dut sasoi honetan. Goizean esan didate ‘Inertzia’ kantuak indar berezia duela, emotiboa dela. Noski baietz. Frustrazioaren onarpena da, zerbait onartzen ari naiz eta kasu honetan ez da hain positiboa izan inertzia bera, baina beste batzuetan izaten da. Ekartzen dizunaren edo kentzen dizunaren arabera. ‘Emen gonak’ ekarri zidan inertziak eta horrek musikarekin konektatuta mantendu nau beste modurik ez neukan unean eta justu eraman du diskoa etorri denean. Kasu horretan polita da inertzia.
‘Emen’ 2017an etorri zen, ‘Inertzia’ 2021ean. Kantuak denboran barreiatuta daudela iruditu zait.
‘Biraka’ 2018koa da, ‘Inertzia’ 2020koa, ‘Azalak’ 2019koa… Denak zuzenean jo izan ditut looperrarekin jolasean. Ez dugu ezer berririk sortu, aurretik egindakoa taldera moldatu dugu eta letraren bat akaso zerbait aldatu da. Horregatik dira abestiak beren artean desberdinak, baina pertsonalak diren abesti horiek elkarrekin lotura bat dute eta ez dakit nola gertatu den, 4 urtetako bidea delako. Horren guztiaren sintesia da ‘Inertzia’.
Nahikoa biluzi zara.
Kostatu zait, baina bai. Irakaslearen sena dago batetik hor, partekatzeko grina hori. Nire adineko edonori gertatu zaion zerbait kontatzen dudala uste dut… Bikote krisiak, bakarrik egon nahi izatea eta abar. ‘Leihoa’ kantuarekin ere gertatu zitzaidan hori ‘Emen’ diskoan, batez ere gizonezkoek abestiarekin identifikatuta sentitzen zirela esaten zidaten-eta. Diskoan kontatu dudan hori ez zait niri bakarrik gertatu, Nire sortzeko moduaren ondorioa da hori, ez banaiz biluzten ez dut sortzen. Edo salatzen dut, beste kantu batzuetan egin dudan moduan, edo emoziotik idazten dut. Baina kosta zait, lotsatzen naiz oraindik ere, eta batzuei kantuen hitzak ez dizkiet pasa nahi, esaten diet etorriko dela. Pentsa.
‘Begizuloetatik’ ama baten posiziotik edota irakasle baten posiziotik idatzita dagoela dirudi.
Zaintza ez zaintzearen kontzeptu hori salatu nahi izan dut. Ez da zerbait pertsonala, guraso askoren erronka delako zaintzarena. Nekatuta gaude oso, orduz kanpo egiten dugu lan… Eta horrez gainera zaintzaile profesionalen egoera ere badago. Kexatzeko gogoa nuen eta nire begi-zuloetara begiratuz atera zitzaidan, izan ere, zergatik ez nituen duela hamabi urte begi-zulo hauek?
Sistemaren inguruan egindako kexa bat da, ezta?
Zaintza profesionala ez da batere zaintzen eta hori sistemaren arazoa da. Baina bestetik positiboa da kontatu dudana, hurrengo belaunaldiei ere irakasten saiatzen garelako egoera hau hobetzen.
Ilargi Agirrek duen gaitasun erritmikoa sekulakoa da, kantu horretan bertan entzun daitekeen modura.
Elkarrekin hasi ginenetik argi neukan zuen gaitasuna. Zer egiten zuen Perlak taldean, Joseba B. Lenoirrekin, MICEn, Hatxerekin… Esan nion lan guzti horietakoa sintetizatuko zuela eta proiektu honetan hori guztia ateratzeko aukera izango zuela. Bere onena ateratzen ari da, sekulako energia du eta esan nion aurretik ere sorpresa eramango zuela. Indarra bera da, Ilargi da. Baita Patxi Agirre ere, bere baxu ilun horiek, Joy Divisionen estiloan… Sekulako energia ematen dute.
Mikel Palenzuelak akorde distopiko batzuk ere gehitu dizkio abesti honi.
Oinarrian akorde arraro batzuk sortu nituen eta Mikelek guztiari argia eman dio. Bartzelonako Tilde bandan jo zuen hainbat urtez eta han indie purua egiten zuen, pop eta rock arinarekin uztartuz. Berak argitasun hori ekarri dio proiektuari. Batzuetan esaten nion ez zitzaidala gustatzen, argi gehiegi ematen ziolako abestiari. Baina, gero, ondo erreparatu eta behar zuela onartzen nuen. Guk Fidelenean landu dugu diskoa urtebetez, baina Mikel pandemiagatik ez zen etortzen. Hortaz beste hiruen artean sortzen genuen hezurdura eta Mikelek, etxean, patxadaz eta mimo handiz sortzen zituen bere gitarrak. Bueltan bidaltzen zizkigunean flipatu egiten genuen, oso gauza dotoreak egin dituelako.
Kantuak pop ukitua badu, bai.
Poperoegia da eta ni anti-popa naiz. Hala ere abestia diskoan oso fina geratu da baina zuzenekoan oso desberdina da, ilunagoa da. Bergarako kontzertuan harriduraz hartu zuten guztia, bandcampean entzun zutenek esaten zuten ez zela gauza bera. Normala, zuzenean ilunagoa eta zaratatsuagoa delako. Zarata eta indarra maite duenak, zuzenekoan disfrutatuko du.
‘Azalak’ kantua ezagutu genuen lehendabizi. Zer dira «kontzientzia zuritzen duten klikak»?
Abesti hau egin nuen etorkinen aferarekin buru-belarri sartu nintzen garaian. Ohartu nintzen eguna pasatzen nuela kontu hauek Facebooken salatzen eta ez nintzela ezer egiten ari, akaso ikusarazten eta kito. Hortaz, nire ongizate horretatik, kexatzen, idatzi nuen kantu hau. Zerbait egin nahi izan nuen, kantu bat besterik ez bada ere, kantuan bertan esaten dudan moduan. Facebooken tragedia bat ikusten nuen bakoitzean klik bat ematen nion, atsegite, gorroto edo dena delakoari, eta hori da kontzientzia zuritzen duen klika.
Babes falta ere salatzen duzu.
Bai, Huelvara etortzen ziren emakume marokoarren aferari egiten dio erreferentzia hor. Zerbait hobearen esperoan etorri eta bortxatu egiten zituztelako. Ez da gauza bera gizona gainetik kentzen den unea edota guk gainetik kentzen dugunekoa. Ez dakit irudia argi ikusten den, bi gauza desberdin dira. Biolentzia hori hor dago eta salatu nahi nuen.
Diskoaren ia erdian dator ‘Amodiozko kanta’-ren bertsioa. A zer bertsio puska. Galdera derrigorra da: zer esan zuen Mikel Kazalisek?
Ez zuen ezer esan, negar egin zuen. Iñigogatik. Iñigogatik egin genuelako kantua. Nahasketako une bakoitzean hunkitzen ginen. Hau eta ‘Itxoiten’ baziren nire nerabezaroko soinu bandaren zati. Gatazkaren garaian, desinformazioa zegoen garaian, Negu Gorriak erreferentziala zen bestelako kontuak jakiteko. Iñigo bestela ere bazen niretzako erreferentzia soinu bandan, Negu Gorriakekin eta beste bandekin. Hartara, nire omenaldia egin nahi izan nion ‘Itxoiten’ eta ‘Amodiozko kanta’ bakarka jotzerakoan, ezagutzen ez nuen arren. Garaiko omenaldira gonbidatu ninduen Ferminek ere Kafe Antzokira, ‘Itxoiten’ kantuaren bertsioa ezagutzen zuelako.
Diskorako, Ilargik proposatu zuen Mikel Kazalisen izena grabaketarako, Perlaken garaitik teknikari eta ekoizle moduan ezagutzen zuelako. Horrez gainera, Patxiren lagun mina ere bada. Inertziaren beste kontu bat izan da. Inertziak ekarri du Fermin, ekarri du Mikel eta kointzidentzia polita izan da. Kakik ere kantua egin zuenez, kredituetan gehitu dugu. Baina bihotza Iñigoren ondoan jarri dugu, ez delako ausaz aukeratutako kantua izan, baizik eta beragatik egin dugu.
‘Biraka’ kantuaren atzeko mezua azaltzeko eskatu behar dizut.
Jendeak banaketa moduan ulertu du eta guztiz kontrakoa da. Erlazio luze batean zaudenean, azala aldatzen zoaz denbora horretan, denetariko gauzak gertatzen dira-eta. Nire bikotea eta biok lehen hamar urteetan elkarren ardatz ginen, musika taldeak partekatzen genituelako, gero haurrak etorri zirelako eta hori guztia. Baina, bat-batean, Birkit proiektua sortzen da eta nire esparru pertsonala zabaltzen da eta berak gauza bera egin zuen bere ibilbide profesionaleko bidean. Hortaz, esparru pertsonalak asko zabaltzen dira eta niretzako hor dago betiereko maitasunaren sekretua. Banatzean datza sekretu horrek. Elkarren ondoan egotea baina bakoitzak bere eremu pertsonala izanda eta hura zainduta. Dena elkarbanatzen dut bikotearekin, baina nire eremua zainduz. Gure aurreko belaunaldiak beste era batera ulertzen zuen hori, ezkondu eta dena elkarrekin egin behar zela ulertzen zuten. Baina gu, berandu bada ere, konturatu gara ‘zu hor eta ni hemen’ eginda, hobeto joaten direla gauzak bikotean. Eta belaunaldi berriek beste era batera ikusten dute, zorionez.
Bide horretan norbera ezagutzea garrantzitsua da, eta hortik doa ‘My Woman’ ezta?
Esan didate ea ahalduntzeari buruzko kantua ote den. Eta bai, bada, nire burua maitatzea lortu dudalako orain, 30 urterekin ez bezala. Berreskuratu dut nire nerabezaroan eta gaztaroan galdutako hori eta hortik doa abestia. Taldean hasi nintzen arte, mutilek egiten zituzten gauzak ezin genituen egin, gizarte arauak medio. Nik umetan izotz-hockeya egin nahi nuen, baina, neska nintzenez, irristaketa artistikoa egiten genuen, tuntunen pare pistan bueltaka. Edota skater koadrilakoa nintzen eta neskok bankuan begira egoten ginen, eta nik skater izan nahi nuen!
Edo beranduago, 20 urterekin, mutilek nahi zutenarekin ‘enrollatzeko’ aukera zuten eta etxera biharamunean itzultzekoa. Neskok, berriz, ez genuen halakorik egiterik, gaizki ikusia zegoen. Are okerragoa zen neska bat atsegiten bazenuen. Hori gertatzen bazen, lizuna zinen. Hartara, hori guztia lapurtu zidaten eta hori salatzen dut. Musikan hasi nintzenean berreskuratzen hasi nintzen hainbat gauza eta gaur egun berreskuratu ditut erabat, eta zoriontsu naiz eta naizen emakumeaz harro nago egun.
Diskoa eskuratzeko modua bandcampen ezta?
Digitala eta fisikoa ere eskuratu daitezke, Durangorako espero dugu izango dugula diskoa.
Eta Mukururen webgunean ere bai ezta?
Bai, kolektiboan sartu nintzen Peru Galbetek proposatu zidalako. Idoia Hernandez ‘Hatxe’ ere haren parte da eta pianoa hark jo du ‘Ezinbesteko ziega’ kantuan eder asko. Sekulako artista eta taldeak daude, tartean, Kaskezur, nire talde gogokoenetako bat. Eta orain Hegazkin ezagutu dut eta sekulakoa iruditu zait, zuzenekoan zer esanik ez. Hartara, nire proiektuaren tokia bertan ikusi dut. Ez dut aberasteko asmorik. Sortzeko esparru egokiena bertan ikusi dut. Ongizate eremuan nago, baina ongizate ekonomikoaz ari naiz. Artistikoki, berriz, pobre sentitzen naiz, ez dudalako sortzeko denborarik eta hortik sortzen da ‘Inertzia’. Baina gure lekutxoa ikusi dugu Mukurun eta sartu gara.
Zuzenekoak noiz?
Bergaran egin genuen aurrekoa eta hurrengoa Durangoko Azokan izango da, Ahotsenean, abenduaren 8an, 12:10ean. Ondoren, Mukuruk eta Balio Dutek elkarrekin jarriko duten postuan izango gara. Miresten dudan musikari asko dago Balio Dute kolektiboan ere.
‘Leihoa’ eta ‘Ezinbestekoaren ziega’ elkarrekin lotu ditut. Istorio beraren bi zati bailiran bezala ulertu ditut.
‘Leihoa’ ez da kantu pertsonala. Eskolako aita bati idatzitako kantua da. Haurrak izan nituenean oso gaizki pasa nuen garai hartan, gogoratzen dut, eta aita hori oso gaizki ikusten nuen. Hasieran desiraz begiratzen ninduen, hori ikusten nuen. Baina gerora konturatu nintzen gaizki zegoela, itota ikusten nuen. Tira, hau kontatzen dut denok gizakiak garelako eta denok desiratzen dugulako eta librea delako desira. Gainera, ohikoa da gurasoen estratosfera honetan. Tira, bada gizon horren begirada urtebetean asko aldatu zen, desira begirada horretatik gogaituarena izatera pasa zelako. Ikusi nuen emaztea hirugarren umearen zain zegoela eta hori zela kontua.
Abestiarekin bere barruko leihoa zabaltzera gonbidatu nahi nuen, bere burua hobeto ezagutzeko eta bera den bezala onartzeko. Nik ere egoera hori pasa bainuen eta konturatu nintzen ez nuela beste inoren beharrik, nire burua zela behar nuela. Garai zaila da berrogei urteen aroa, bikote asko banatzen dira eta krisi asko izaten dira, oso zaila delako betiereko maitasunarena. Eta hortik dator ‘Ezinbesteko ziega’ kantua. Ni horrela sentitu naiz, itota, eta harremana asko landu behar izan dugu krisietatik aurrera egiteko. Bakoitzak bere esparrua behar duela argi utzi behar da, aske hegan egiten utzi behar zaiola bikoteari. Zintzotasuna ez baita bestea ez engainatzea, baizik eta emozio guztiak elkarrekin partekatzea dela uste dut zintzotasuna.
«Min bitxia da... inoiz biziko ez duzun zerbaitengatik nostalgiaz hiltzea», Alessandro Bariccoren hitzak hartu dituzu. Ni hil, ez naiz hil, baina hori bizi izan dut.
Kontatu ditudan gaitz hauek oso normalak dira denontzat. Dastatu ez duzun horrek zoriontsu egin zaitu eta joan da, eta horrek mina eragin dizu. Esperientzia horretatik zerbait ikasi duzu. Inertziak berak, bizitzak berak, ez du utzi hori gauzatzen eta emozio hori ekarri dizu. Bizi duzu, ikasi duzu eta eraman du gero bizitzak, eta min handia sentitu duzu atzetik. Hori gertatzen da.
Orain espero dezagun zure lanarekin halakorik ez gertatzea eta kontzertuetan gauzatzea zure diskoa entzutearen bizipena.
Erraz jarriko diegu nahi dutenei, edo saiatuko gara behintzat. Eskerrik asko.