IRRATIA

«Sortzaileen sarea josten jarraitu nahi dugu»

Sortuz bizi da eta sortuz bizi nahi du Dinagu kolektiboak. Nomadak Gaitun azoka ibiltaria jarriko dute abian eta astearte honetan egingo dute aurkezpen ekitaldia, Lasarteko Koöl estudioan. Uztailaren 18an Azpeitian egingo du Nomadak Gaitun azoka ibiltariak bere ibilbideko lehen geldialdia.

Dinagun kolektiboko ordezkariak

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ilazki Lili eta Karmele Salsamendirekin hitz egiteko aukera izan dugu, antolatzaileetako bi emakumerekin. Kontatu digutenez, Euskal Herrian diseinu eta sormenaren esparruan diharduten emakumeen lanaren erakusleiho izan nahi du Nomadak Gaitun azoka ibiltariak. Hala, Euskal Herrian sakabanaturik dauden sortzaileen elkargunea izateko sortu dela aipatu dute, pixkanaka euren arteko sarea josi eta mugimendu oso bat bideratzeko asmoz: «Erakutsi nahi diegu euskal herritarrei modaren eta diseinuaren mundu honetan ere bertakoa erostea posible dela».

Gainera, Salsamendik aipatu du hainbat arlotako sortzaileak izango direla bertan, eta bertaratzen den orok produktu andana izango duela euren eskutik. Egunari festa giroa emateko, gainera, Lilik azaldu du uztailaren 18an bidelagun izango dituztela inguruko emakume baserritarrak ere eta euren eskutik bertako produktuez eginiko mokadutxo bat jateko aukera izango dutela bezeroek. Eta, egunari amaiera emateko, berriz, arratsaldeko 19.30etan Ameba musika taldearen kontzertua izango da San Agustin Kulturgunean.

Biek ala biek azaldu dutenez, sormenezko ibilbide hori elkarlanean arituta errazago dela ulertzen dute, elkar bilatzen baitute indartzeko eta berretsi dute elkarrekin egin nahi dutela bidea, beste kontsumo joera batzuen aldeko apustua eginez. Karmele Salsamendi: «Beste sortzaile batzuekin elkartzeak indartzen gaitu».