Gozamenerako eta bibrazio positiboa transmitituz dator Las Penas taldea ‘Sin dolor’ diskoarekin
Boskote donostiar gaztea 60. hamarkadako musika landuz, horixe da Las Penas taldea. Lehendabiziko diskoa kaleratu berritan dira, ‘Sin dolor’ deiturikoa, Donostiako Expediciones Polares zigilu debutatzailearekin. Estreinaldi bikoitza, beraz. MusikHaria saioan izan dira diskoaren xehetasunak kontatuz.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Hirurogeigarren hamarkadara salto egiteko aukera ematen digu Las Penas taldearen musikak. «Oso zaleak gara Espainiako ye-ye musikarenak baina baita Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako musikarena ere, dena dela musika estilo hori izan da inspirazio iturri nagusiena, ez talde konkreturen bat edo beste», kontatu digu Saioa Burutaran taldeko bateria-jotzaileak. Surf estiloa delako musika ere entzun daiteke eta, gaztetan, surfean ibilia da Mikel Toyos taldeko gitarra-jotzailea: «Umetan asko aritu nintzen surfean baina gaur egun ez. Hartara, musika eta kirola lotzea normala da nire kasuan».
Letra gehienak María Llorentek, taldeko abeslari eta teklatu-jotzaileak, idatzitakoak dira, baina Saioak eta Ander Xabier Tejada ekoizleak ere lagundu dute lan horretan. «Egiari zor, denon artean egindako lana da, bakoitzak bere ekarpena egin du diskoan», esan digu Burutaranek. ‘Dime’ kantuan benetan gertatuako istorio bat kontatzen dela esan digu Burutaranek: «Mikel eta Maria bikotea dira eta basoan sartu eta noraezean zeudela sortu zen egoera bat da». Horrela kontatu du istorioa Mikelek: «Ez dakit hau kontatu dezakedan edo ez, baina baso batean galdu ginen eta bidean aurrera egiteko esaten nion, bi minutuan iritsiko ginela helburura, eta sekula ez ginen iritsi. Mariak esan zidan bueltakoan abesti bat idatziko zidala horren inguruan eta hara, diskoan dago».
Letra askotan iaz bizitako itxialdiko egoerak kontatzen dira eta ‘Mi amor‘ abestian orduko pasarteetako bat jaso dute: «Itxialdian, nolabait ere, guztiok gogaitu ginen bizitzen ari ginenarekin eta kasu honetan amorraziotik sortzen da ‘Mi amor, bikoteari «zoazte pikutara zu eta zure txakurra» esateko gogoa askotan izan dugulako eta horri idatzi nizkion hitzak».
Diskoa 11 kantuz osatzen da baina 25 minutu ditu. Izan ere, kantu batzuk laburrak eta oso zuzenak dira, ‘Intramuros’ kasu: «Kantu punkiena da eta gainera «No, no, no» hori oso korala denez, punk ukitu handiagoa ematen dio. Letraren esanahia guk ere ez dakigu, hori Mariari galdetu beharko litzaioke», esan digute taldekideek. Orokorrean gaztelera erabili duten arren, ingelesez eta frantsesez ere idatzitako abestiak ere badaude ‘Sin dolor’ lanean. Frantsesez idatzitako kantuetako bat ‘Les Filles‘ da, «mugimendu feministaren indarra» transmititu nahi izan dute kantu horretan.
Basamortura garamatza ’Al caminar’ kantuak, sarreran entzuten diren kriskitinek mendebalde urrunera eramaten gaituzte, baina atzetik datorren bateriaren erritmoak eta musika motak ‘Pulp fiction’ ekartzen du nahi gabe bada ere burura. Hala, Tarantinoren mendebalde urruneko pelikula baten soinu bandarako balio dezake abestiak. «Letra konfinamenduan sortuta dago eta abestiak berak beste forma bat hartu du musikalki, hasieran bazelako halako balada moduko bat. Letrak askatasunaren egarria dugula adierazten du, etxean dagoeneko argirik ere ez genuelako ikusten itxialdian eta horretaz nazkatuta ginen. Garai hartako hainbat irudi sortzen dira abesti honetan». Mikel lapurtarra da eta itxialdia ongi eraman zuela kontatu digu oztopoak oztopo: «Muga pasatzea egun erreza da orain, baina hasieran bi hilabetez egon nintzen familia eta lagunak ikusi gabe. Dena dela, nahikoa erraz eraman nuen. Diskoa grabatzen hasi ginen eta horrek dena arindu zidan, ondo pasa nuen itxialdia». Saioa, berriz, artista da ogibidez eta pandemia sorkuntzarako aukera edo mehatxua izan den galdetu diogu: «Niretzako lagungarria izan da, kontsolamendu moduan asko margotu nuelako. Hartara, negozioa eta nire proiektuak aurrera eramateko moduak pentsatuz ibili nintzen. Gainera mutila etxean izanda, hura «esplotatu» nuen diskoaren grabaketa aurrera eramateko».
TES studio, etxeko estudioa
Grabaketak bakoitzak bere etxean egin ditu, DIY estiloan. «TES studioan dagoela grabatua esaten da diskoaren kredituetan, baina nire bikotea, Ander Xabier Tejada da atzean dagoena. Nik Tejis deitzen diot eta hortik txantxa batean TES studioa zela esan nion logelan jarrita geneukan txokoa. Azkenean lan ordu pila bat sartu ditu diskoan eta horregatik jarri dugu diskoan estudioiarena». Digitalean grabatu dute guztia eta nahasketa eta masterizazioan lortu dute soinu hirurogeitar hori: «Instrumentuetan badaude garai bateko soinuak bilatuta, Farfisa teklatu bat, Mikelen pedalak, nik argi nuen bateriak Ludwig bat behar zuela… eta gero nahasketa garaian gogoko ditugun talde horien soinurantz jo dugu», esan digu Saioak. Mikelek, berriz, ez zuen halako soinua lortuko zutenik espero: «Harrituta nago lortu dugun soinuarekin, izan ere balbuletako anplifikadorerik erabili gabe haren soinutik gertu geratu delako. Horrez gainera fuzz pedal bat eta delay bat baino ez ditut erabiltzen».
Gitarren kasuan solista moduan Mikel Toyos aritzen da eta Adriana Ormazabalek jotzen du erritmikoa. «Gitarra soloak jotzerakoan gozatzen baino urduri jartzen naiz, izatez ez bainaiz solista», aitortu du Toyosek. Kontzertuetan askatzeko aukera izango dute eta Dock of the Bay musika dokumental jaialdiaren barruan Donostiako DabaDaba aretoan jotzeko aukera izan berri dute. Diskoa kaleratu berritan izango dira bertan, digitalean eskuratzeko moduan baitago dagoeneko ‘Sin dolor’ lana. Euskarri fisikoan, momentuz, edizio mugatu bat kaleratuko dute. «Berezko diseinua duen diskoa bi asteren buruan jasoko dugu, baina kontzerturako 40 biniloko edizio mugatu bat eskuratzeko aukera izango da. Atzetik etorriko den diseinuan bestelako zerbait ikusiko da, izan ere Los Yorks taldearen diseinuetan oinarritu gara eta garai hartako estetikarekin osatu dugu diseinu guztia Ander eta bion artean», esan digu Burutaranek.
Diskoko abesti ia guztiak emakume ahotsean grabatu dituzte. Burutaranek esan digunez, ez da propio bilatutako zerbait izan: «Maria jarri zen abeslari bezala eta Adriana eta biok koroetara batu ginen, ez zen propio bilatutako zeozer, baizik eta naturalki emakumeok jarri ginen abeslari». ‘Sahara's mole’ abestia da hartara gizonezko baten ahotsa entzun daitekeen diskoko kantu bakarra. «Bob Dylan eta The Birds bezalako taldeak oso gogoko ditu Mikelek eta berak ere Dylanen ahotsaren antzekoa du kantatzerakoan. Mariak eta biek sortu zuten kantu hau eta asko gustatzen zaigu nola geratu den», kontatu digu Burutaranek. Berak koroak egiten ditu eta bateria jo batera, eta hori ez da erraza izaten: «Ez dakit biak ondo edota biak gaizki egiten ditudan, baina saiatzen naiz eta oso gustura aritzen naiz bi gauzak egiten».
Donostia proiektuaren erdigune
‘Hacer rabiar’ singlearekin kaleratu dute Imanol Costasek zuzendutako bideoklipa. «Ideia nirea izan zen, izan ere kantuarentzako erabili dugun irudian, nire gurasoek 80. hamarkadan Parisera egin zuten bidaiako argazki bat ikusi daiteke. ‘Topikazo’ batzuk sartu ditugu diskoan, parkeak falta izan dira baina baranda, Maria Cristina hotela edota Txofre plaza ikusten dira bertan. Gainera, Santa Lucia txurro-denda bezalako toki ezezagunagoak ere ikusi daitezke. Gu izan gara turistak Donostian», azaldu digu Burutaranetk. Toyosi, berriz, ikaskide batek dagoeneko esan omen dio oso «ñoñostiarra» dela bideoa. Aipatu, diskoa kaleratu duten zigilua ere donostiarra dela, Expediciones Polares, eta zigilu horren azpian kaleratzen den lehen diskoa da Las Penas taldearena.
DabaDabaz gainera Bataplanen ere emango dute kontzertua uda honetan, abuztuaren 7an izango da bigarren hitzordu hori. «Guretzako oso bitxia izango da bertan jotzea, gazte garaian Aste Nagusian bertan izaten ginen parrandan eta orain garai bertsuan bertan jotzea sekulakoa da. Hortaz, bi mundu zeharo desberdinetan jotzeko aukera izango dugu hiritik atera gabe», dio Las Penas taldeko bateria-jotzaileak. Donostiko biez gainera, Kantabrian ere badute beste kontzertu bat hitzartuta. Uda giroan eta olatu tartean entzuteko moduko diskoa ezbairik gabe donostiarren ‘Sin dolor’.