IRRATIA

«Berpizkunde bat behar dugu Europatik iritsi ahal den haize autoderminista gureratzeko»

EAJk EH Bilduren aurka daraman mezu eraso zaparradaren oinarrian «urduritasuna» dakusa Maddalen Iriartek, «euskal oasia» baino «espejismoa» dela jeltzaleen kudeaketa uste du eta Katalunia eta Eskoziatik erabakitzeko eskubidearen aldeko bultzada iritsi daitekeela. 

Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul Bogajo / FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Gasteizko Legebiltzarreko saio gogor batzuk pasa berritan izan da NAIZ Irratian Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea. EAJk interpelazio zorrotz, eta maiz gogorrak, egin dizkio koalizio independentistari, tartean PP eta Voxekin eskutik joatea egotziz. Jarrera horren atzean «urduritasuna» dagoela uste du Iriartek, «zer gertatzen da? EH Bildu dela herri honen alternatiba eta EAJk hori badaki, gero eta jende gehiago dator bat EH Bilduk dakarren alternatibarekin». 

Zer gertatzen da? EH Bildu dela herri honen alternatiba eta EAJk hori badaki, gero eta jende gehiago dator bat EH Bilduk dakarren alternatibarekin

Oso kritiko hitz egin du Iñigo Urkulluren kudeaketaz, «pandemia ez dute ondo kudeatu eta gainerakoon laguntza jasotzeko biderik ere ez dute ireki nahi zian, Zaldibarren ikusi dugu zer kudeaketa egiten duten, ez dugu ulertzen zergatik Erkorekak ukatzen dituen denok ikusitako irudiak, txertaketan azkenak gara... Oasioa baino ez dakit espejismoa ez ote den izan hau guztia».

Pandemiaren kudeaketan burujabe ez izatearen ondorioak agerian geratu direla uste du Iriartek, «erakutsi digu ez dugula nahikoa erreminta jendearen beharrei erantzuteko» eta beharrezkoa da «alternatiba gorpuztea», bere hitzetan, «berpizkunde bat behar dugu Europatik iritsi ahal diren haize autodeterminista horiek lotu eta Euskal Herrira indarrez ekartzeko». 

[Zaldibar] Izugarrizko hondamendia izan da, humanoa, ingurugiroaren ikuspegitik ere bai, eta erantzule politikoak izan behar ditu honek

«Pozik» dira koalizioan Katalunian abertzaleek lortu duten akordioarekin, garrantzitsua delako «gobernu errepublikazale, feminista eta berdinzale bat izatea Katalunian, ERC buru izango duena». Iriartek ez du uste «Katalunian halako gobernu bat izateak Euskal Herria mimetismoz antzeko mugimendu bat ekarriko duenik», Eskoziako bigarren independentziaren inguruko erreferendumak ekarriko ez duen bezala, «baina mugimendu horiek guztiek ahaldundu egiten gaituzte», bozeramaile abertzalearen ustez.  

Erantzukizunak: Zaldibar, Sagardui, Ertzaintza...  

Legebiltzarreko eguneroko jardunari lotuago, Joaquin Beltranen bilaketa lanak bertan behera geratuko zirela gainerako herritarrekin batera jakin zuten oposizioko alderdiek, «era honetako hondamendi baten aurrean legebiltzarrari informazioa ematea errespetuzko jarrera bat» dela dio, gogoratu ostean aste horretan bertan legebiltzarreko ordezkaritza bat Zaldibarren izan zela, azken ahalegin bat eskatzeko. 

Beltran eta Alberto Sololuzeren senideak gogoratu ostean, erantzukizunak eskatu ditu, «izugarrizko hondamendia izan da, humanoa, ingurugiroaren ikuspetitik ere bai, eta erantzule politikoak izan behar ditu honek». 

Gotzone Sagardui sailburuaren gaitzespen proposamenaz deitoratu du «honetan» geratu dela, EAJk eta PSEk euren gehiengoarekin atzera bota ostean, baina Osasun sailarena «jokabide ez egokia izan da, herritarrei gezurra esan zaielako eta hori gobernu baten aldetik inolaz ere onartu ezin den kontu bat da». 

Ertzaintzaren inguruan «XXI. mendeko gizarte demokratiko batean poliziaren kontrol politikoak erabatekoa izan behar duela» uste du eta gazteen aurkako oldartzeak, hautaprobetan izandako sexu orientazioaren inguruko diskriminazio kasuak eta salatu diren jarrera arrazistak gogoratu ostean sakoneko aldaketa baten beharra azpimarratu du, «beste eredu polizial bat behar dugu».