IRRATIA

Janire Lazkano (Zaldibar Argitu): «Erantzukizunak eta bermeak eskatzen ditugu»

Joakin Beltranen gorpua aurkitzeko lanak eten izana «suminduraz» hartu du 'Zaldibar Argitu' plataformak. Gaur alde humanoan jarri bada ere fokua, aurrerantzean «erantzukizunak argitu eta berriz ez errepikatzeko bermeetan» jarriko dute indarra Janire Lazkanoren arabera.

Zaldibar Argitu eta Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak, Durangoko epaitegiaren aurrean. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


'Zaldibar Argitu' plataformako Janire Lazkanorenzat «oso egun gogorra eta mingarria» izan da gaurkoa. Plataformak ez zuen planteatzen Joakin Beltran aurkitzen ez zen inolako eskenatokirik. Lazkanok uste du familiari «bake hori» zor diotela, eta horregatik «suminduraz» hartu dute albistea.

Duela ez asko Lakuako Gobernuak esan zuen maiatzaren erdialdean 'gune beroa' deritzon puntuan aurkituko zutela. «Gaur maiatzaren erdialdea da eta ikusten dugu azken asteotan esandako bertsioa eta gaur iragarritakoa ez datozela bat», salatu du.

Zabortegia behera erori zenetik, kudeaketa «oso iluna» izan dela deitoratu du: «informaziorik ez digute eman eta izpi gutxi ikusi dugu».

Iluntasun horretan «argitasun bakarra» herritarrek erakutsitako borondatea eta elkartasuna izan dira Lazkanoren esanetan. «Joakin eta Albertoren memoria goraipatzen, erantzukizunak eskatzen eta berriz horrelakorik gerta ez dadin bermeak eskatzen» jarraituko dute.

Izan ere, uste dute erantzukizun mota asko daudela, «bai pribatuak eta baita publikoak ere». «Pertsona bat lurpean geratzeak ezin du erantzukizun politiko bat gabe geratu», nabarmendu du 'Zaldibar Argitu'ko lagunak.

«Zaborren kudeaketa funtzio publikoaren esku dago eta Zaldibarko zabortegiak argi utzi du dagoen kontrol gabezia. Interes pribatuak publikoaren gainetik jartzearen ondorio da. 15 hilabete hauetan ez da urratsik eman herritarek behar ditugun bermeak izateko. Zabortegien eredua eta hondakinen kudeaketa aldatu egin behar», salatu du.

Amaitzeko Sololuze eta Beltran senideei besarkada bero bana bidali die eta aurrerantzean lanean jarraituko dutela argitu du, tartean, Durangoko Auzitegian akusazio partikularra direlako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera.