IRRATIA

Asteburu honetan ekingo dio hiriburuetako bira laburrari La Topadora taldeak

‘A cara o cruz’ kantuaren bideoklipa sareratu zuten duela egun gutxi, 360ºko teknologia erabiliaz eta martxoaren 20an ekingo diote hiriburuetan eskainiko dituzten kontzertuei. Enrikko Rubiños izan da MusikHaria saioan xehetasunak kontatzeko.

Este navegador no soporta el elemento audio.


Iaz eman ziren ezagutzera La Topadora talde berria eta izen bereko lehen lan luzea. Skalariak taldean ezagutu, Vendettan bidea egin eta haren oinordekotzat hartu daiteke La Topadora. Baina ska klasikoaz harago joan dira eta kantu rockeroagoak edota doinu latinoak eskaintzen dituzte. Diskoa aurkezteko kontzertu bakarra eskaintzeko modua izan zuten 2020an, izan ere lana kaleratu eta egun gutxira etorri zen itxialdia. MusikHaria saioan aritu gara horretaz guztiaz Enrikko Rubiños taldeko bateria-jotzailearekin.

Orain, ordea, martxoaren 20an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira, martxoaren 27an Atarrabiako Totem aretoan eta apirilaren 16an Bilboko Santana 27 aretoan. Jimmy Jazzerako sarrera batzuk geratzen dira oraindik eta datozenetarako ere bizi ibili beharko da edukiera mugekin azkar akitzen direlako sarrera guztiak. Euskal hiriburuetako aurkezpen bira laburra egingo dute beraz, La Topadorakoek.

Duela astebete eskas kaleratu zuten beren ‘A cara o cruz’ kantuaren bideoklip berria. Modu berezian dago grabatuta, 360ºko kamera bat erabilita eta hartualdi bakarrean. Hartara, mugikorra erabiliz gero mugimenduarekin bideoan barna mugitu daiteke. Ordenagailuan, berriz, sagua erabilita. Eta, bi kasuetan, errealitate areagotuko betaurrekoak izanez gero, jantzi eta murgildu bideokliparen barruan.

Gogotsu dira La Topadora taldekoak eta ziur beren onena eskainiko dutela datozen emanaldietan ere.